Skolae ordezkatuko duen dekretua onartu du Nafarroako Gobernuak

Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako «hezkidetza eraldatzeko prozesuak» ezarri nahi dituzte

Skolaeren aldeko elkarretaratze bat Nafarroako Justizia jauregiaren parean. Artxiboko irudi bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Skolae programa formalki ordezkatuko duen hezkidetza dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak atzoko Gobernu Kontseiluan; hala, aurreikusi bezala, ikasturte hasierarako indarrean izango da hezkidetzarekin jarraitzeko lege tresna. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak atzo azaldu zuenez, dekretuaren helburua da ikastetxeetan «hezkidetza prozesu eraldatzaileak ezartzea, orokortzea, sendotzea eta mantentzea»; baliabide publikoak jasotzen dituzten zentroetan aplikatuko da.

2020an, Skolae hezkidetza programa bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, tramitazioan akats bat zegoela argudiatuta, eta aurtengo maiatzean epai hura berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako helegitea atzera botata. Maria Txibite lehendakariaren taldea hezkidetzari buruzko dekretu bat prestatzen hasia zen ordurako, forma akatsak zuzentze aldera. Gimenok aitortu du dekretua beharrezkoa zela hasieratik, eta gauzak «beste modu batera» egin dituztela oraingoan.

Orain, Hezkuntza Departamendua hezkidetza plana lantzen ari da —gobernuaren gardentasun atarian eskegiko dute—; Gimenok esan duenez, ideia hau izango du oinarrian: «Gizonen eta emakumeen berdintasunezko eraikuntza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa hezkuntza sisteman lantzeko, ideia giltzarri batzuk garatu behar dira: kontzientzia kritikoa genero desberdintasunei aurre egiteko, ahalduntzea, hezkuntza afektibo eta sexual positiboa...».

Plan horren bidez, ikastetxeetan lan egiten duten irakasle eta langile guztiei «hezkidetza konpetentzia profesionala» eskuratzea bermatuko zaie. Halaber, helburuen artean dago «ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna eskuratzea». Gainera, zentro guztiek hezkidetza plan propioa ondu beharko dute: ikastetxeetan hezkidetza sustatzeko taldeak sortuko dira, eta sare bat ere eratuko dute, eskola guztiak koordinatuta egon daitezen. Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta itunpekoetan ezarriko da dekretua, funts publikoak jasotzen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.