Skolae indartuko du Nafarroako Gobernuak, hezkidetza plan berria onartuta

Foru agindu bidez onartu dute, eta bihar sartuko da indarrean. Plana derrigorrezkoa izanen da gobernuak finantzatutako ikastetxe guztietan.

Skolae programaren aldeko elkarretaratze bat, 2019an, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Skolae programaren aldeko elkarretaratze bat, 2019an, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 20a
12:30
Entzun

Aurtengo ekainean, 2024-2025eko ikasturtea bukatzearekin batera, Skolaeren ziklo osoa burutua izanen dute Nafarroako 114 ikastetxek. Hezkidetza programa amaitzen duen lehen promozioa izanen da, eta Hezkuntza Departamentuak aukera hori baliatu nahi du programa bera ebaluatzeko. Horretarako, eta Skolae are gehiago indartzeko eta zabaltzeko, hezkidetza plan berria onartu du Nafarroako Gobernuak. Helburua da «indarkeria matxistarik eta sexismorik gabeko ikastetxeak» sortzea, eta horretarako, Skolae derrigorrezkoa izanen da Nafarroako ikastetxe publiko eta itunpeko guztietan.

Hezkuntza Departamentuak 2023ko urrian aurkeztu zuen plana, asmoa baitzen iazko lehen hilabeteetan indarrean sartzea. Gobernuak, baina, ia urtebetez atzeratu behar izan du prozesua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten eraginez: iaz, epaileek baliorik gabe utzi zuten 2021etik 2023rako hezkidetza plana —orain arte indarrean zena—, itunpeko ikastetxe erlijiosoetako guraso talde batek jarritako helegiteari men eginez. Errekurtso horrek epaitegietan bidea egin izanak ez zuen eragin praktikorik eduki aurreko plan horretan, ordurako iraungita baitzegoen, baina ondorioak izan zituen plan berria onartzeari zegokionez, prozesu osoa luzatu baitu.

Auzitegiak, zehazki, tramitazioari lotutako forma akatsak aipatu zituen iazko ebazpenean. Akats horiek zuzendu nahi izan ditu Nafarroako Gobernuak oraingoan. Hasieran, 2028ra arte irautekoa zen araua, baina epemuga hori ezabatu egin dute onartutako bertsioan. Hala, hezkidetza plana indarrean izanen da «Hezkuntza Departamentuaren foru agindu baten bidez moldatzen edo baliogabetzen ez den bitartean».

Skolae ardatz

Hezkuntza Departamentuko arduradunek planaren aurkezpenean adierazi zutenez, hezkidetza plan berriaren helburua izanen da urrats gehiago egitea «indarkeria sexista oro prebenituko duen eta genero arrakalak ezabatuko dituen eskola eredu baten alde». Era berean, jokabide baztertzaileak eta «estereotipo sexistak, homofobikoak, bifobikoak, transfobikoak eta androzentrikoak» erauzi nahi dituzte ikasgeletatik. Horretarako, sustatzaileek azpimarra egin dute, batetik, ikasgelan atzemandako indarkeria matxista mota ororen «prebentzioan, detekzioan eta esku hartzean»; eta, bestetik, planaren beraren ebaluazioan. Horretarako, Skolae zikloa bukatzear diren 144 ikastetxe horietan jarriko dute begirada, aztertze aldera programak zer ibilbide izan duen eta helburuak zenbateraino bete diren.

Izan ere, foru aginduan jasota dagoenez, Skolae programaren inguruan ardaztuko da hezkidetza plan berria: hartara, Skolae izanen da hezkuntza planak ikastetxeetan hartuko duen forma zehatza, baina hezkidetzaren kontzeptua are gehiago zabaldu nahi dute, prestakuntza eta koordinazioa departamentuko beste zerbitzu batzuetara zabalduta. Skolae bera are gehiago hedatuko dute, gainera: gaur egun, 284 ikastetxetan ezarria dago, eta heldu den ikasturtetik aurrera, diru publikoz finantzatutako guztietara zabalduko dute —325etik gora dira—. Ikastetxe publiko eta itunpeko guztietara, alegia.

Hezkuntza Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetza ataleko buru Itziar Irazabalek azaldu zituen programaren xehetasunak, duela urtebete eginiko aurkezpenean. Orduan adierazi zuenez, planak zazpi ildo estrategiko ditu: «Bat, irakasle guztiak hezkidetzan heztea; bi, prestakuntza hori departamentuko beste zerbitzu batzuetara ere zabaltzea; hiru, ikastetxeetan hezkidetza identitatea bermatzea; lau, ikasleen parte hartzea sustatzea; bost, genero indarkeriazko jokabideak garaiz prebenitzea, atzematea eta era eraginkorrean esku hartzea; sei, koordinazioa sustatzea beste entitate, erkidego eta herrialde batzuekin; eta zazpi, hezkidetza prozesua ebaluatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.