Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Skolae Nafarroako hezkidetza programaren onarpena, tramitazioan akats bat dagoelakoan. Auzitegiak argudiatu du «guztiz» alboratu dutela «legez ezarritako prozesua». Izan ere, adierazi du programa, gai transbertsal bat izanik, xedapen orokor gisa tramitatu eta onartu beharra zegoela, eta ez ekimen administratibo baten bidez. Epaiaren aurka kasazio helegite bat jartzeko aukera du Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren arloanegindako apustu nagusietako bat da Skolae. Programak «kultura berdinzalea» bultzatzea eta indarkeria sexisten aurka kontzientziazio lana egitea du helburu. Eskuineko sektoreek, ordea, oso irmo jo dute egitasmoaren aurka, eta umeak «doktrinatu» nahi izatea leporatu izan diote gobernuari. Auzitegiak emaniko epaiak, ordea, ez ditu programaren nondik norakoak aztertu.
Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek esan du sententziaren funtsa «forma kontu bat» dela, eta ez dela eduki kontua. Horregatik, gobernuak Skolae programarekiko duen konpromisoa «argia eta irmoa» dela azpimarratu du: «Nafarroako herritar gazteenen artean berdintasunean sakontzeko programa erabilgarri eta aktibo bat da». Gobernuak ikertu egingo du errekurtso bat jarri edo ez.
Navarra Sumaren arabera, berriz, «albiste ona» da auzitegiaren sententzia. Javier Esparza bozeramaileren ustez, aurreko gobernuaren «zorroztasun faltaren eta kudeaketa txarraren» adibide da epaia: «Denak balio zuen euren ideologia inposatzeko bazen». Gainerako alderdiek, ordea, babesa erakutsi diote Skolae programari, eta adierazi dute prest daudela sententziak agerian jarri duen formazko akatsa konpontzeko, programak aurrera egin dezan. «Auzitegi batek erraten badu ez dagoela segurtasun juridiko eta administratiborik, Nafarroako Gobernuak emanen dio segurtasuna», azaldu du Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak. EH Bilduko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako parlamentariek ere babesa eman diote Skolaeri, eta gobernuari eskatu diote programarekin aurrera egin dezala. Maria Solana Ezkerrako parlamentariak nabarmendu du curriculumean behar lukeela hezkidetzak.
Skolae baliogabetu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, forma dela eta
Hezkidetza proiektua xedapen orokor gisa tramitatu behar zuten, epaitegiaren esanetan. Sententzia ez da edukian sartu. Navarra Sumak ez beste alderdi guztiek aurrera egin nahi dute Skolaerekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu