Eusko Jaurlaritzak sail berria estreinatu du: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila. Juan Ignacio Perez Iglesias du lemazaina (Salamanca, Espainia, 1960). EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore eta Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari izanak akademiatik politikara egin du salto horrela. Baditu egiteko eta helburu batzuk marraztuak, baina unibertsitatera joan nahi du, entzutera: «Badaukat gai batzuei buruzko ikuspegi bat, baina argi dut nirea ez dela izan behar irizpide bakarra, kontuan hartu behar ditudala besteen ideiak, kezkak, nahiak...».
Zergatik sortu duzue saila?
Ikerketa, unibertsitate eta berrikuntzaren bilakaera goranzkoa izan da autonomia erkidegoa sortu zenetik. Ondorio naturala da hau bezalako sail bat sortzea. Zergatik? Bizitza propioa edukitzeko, ez egoteko hainbeste hezkuntzarekin lotuta; ematen dio maniobratzeko ahalmen handiagoa, beste ikusgarritasun bat eta, batez ere, horri esker berrikuntza eta ikerketa politikak begirada berdinarekin egin daitezke. Beste erabaki bat izan da Eusko Jaurlaritzan berrikuntzarako dagoen funtsa gure sailak kudeatzea. Hainbat sailetarako dirua da, eta, orain arte, sail bakoitzak egin izan du egokien zeritzona. Gure kudeaketapean, begirada bakar bat eman diezaiokegu; ematen dio beste indar bat ikerketa eta berrikuntza politikari. Uste dut jauzi kualitatiboa egiteko moduko erabakia dela.
Eusko Legebiltzarrean aipatu zenuen unibertsitate lege berria ondu nahi duzuela. Zertarako?
Arautegia gaurkotzeko eta unibertsitate sistema etorkizunari begira prestatzeko. Hogei urte igaro dira aurreko legea onartu zenetik; ordutik gauza asko gertatu dira munduan, Europan, autonomia erkidegoan, unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan. Horrek ez du izan erantzun normatiborik. Etorkizunari erreparatu behar diogu; hartzen ditugun erabakiek eragina edukiko dute. Uste dut momentua dela erabaki batzuk hartzeko.
«[Funts pribatuek] Inoiz ez dute baldintzatu unibertsitate politika, ez unibertsitatean, ez gobernuan»
Zein erabaki?
[Pentsakor geratu da] Galdera ona da. Unibertsitateari dagokionez, oso garrantzitsua da nola erabakitzen den zein titulu eskaini, zein ezaugarri eduki behar dituzten, zein baldintza bete behar dituzten unibertsitateek horiek emateko; horri erreparatu behar diogu legea egiteko orduan. Beste bat: finantzaketa. Ondo aztertu behar ditugu erabaki finantzarioak hartzeko irizpideak: zenbateko pisua eduki behar duen ikasle kopuruak, zenbatekoa ikerketak eta bestelako jarduerak... Beste esparru bat: gero eta garrantzi handiagoa dauka goi mailako ezagutza gizarteratzeak. Horrek ere eduki behar du bere lekua legean.
Unibertsitatearen finantzaketa aipatu duzu. EHU da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate publiko bakarra. Behar beste diru jasotzen al du?
Galdera horrek ez dauka erantzunik. Behar beste zertarako?
Gehiago jaso behar luke?
Gehiago jasotzea ondo etorriko litzaioke, bai. Bi kontu daude. Batetik, zenbat behar duen funtzionatzeko, ondo funtzionatzeko: eskolak emateko, oinarrizko ikerketa egiteko... Horretarako, gaur jasotzen duena nahikoa da. Bestetik, baina, horrekin konformatu behar al gara? Ez. Zergatik? Ahal den heinean, hobetu nahi dugulako. Zertan? Irakaskuntzan, ikerkuntzan, efizientzian...
«Ez dut uste EHUn gehiegi falta denik euskarazko irakats eskaintza gaztelerazkoa baino handiagoa izateko»
2023-2026ko aldirako Unibertsitate Sistemaren Planaren arabera, EHUk jasotzen du diru gehiena, baina aurreko planarekin alderatuta, EHUren finantzaketa %16 handitu zuten; Deustuko Unibertsitatearena, %23; eta Mondragon Unibertsitatearena, %15. Ba al dago pribatizaziorako joerarik edo arriskurik?
Ez. Hori kontratu programei dagokie, ezohiko ekarpenari, eta EHUren finantzaketaren zatirik handiena ohiko ekarpena da. Ez dut arrisku hori ikusten, eta argi esango dut: Jaurlaritzak babesten ditu Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak egiten dituzten jarduera batzuk, batez ere, ikerketa-eta; hori egin behar da, ez dago dudarik. Baina argi dago sistemaren muina, berezko osagaia, EHU dela, publikoa, eta publikoak beti eduki behar du lehentasuna eta beti bermatu behar zaio finantzaketa nahikoa eta egokia; hori da helburu nagusia.
Euneiz unibertsitate pribatua jaio zen iaz. Kezka sortzen al dizute horrelako unibertsitateek?
Kezka ez da hitza, baina argi daukat kalitatea bermatu beharra dagoela.
Funts pribatuak ere sartzen dira unibertsitate publikoan. Hori sustatu behar al da?
Beti sartu izan dira, ikerketa proiektuetan eta. Baietz uste dut. Batetik, baliabide iturri dira, eta, bestetik, horren truke unibertsitateak zerbitzu bat ematen du, zerbitzu garrantzitsua. Asko espekulatzen da, baina proportzio oso txikia da, eta inoiz ez du baldintzatu unibertsitate politika, ez unibertsitatean, ez gobernuan. Ez nago kezkatuta horregatik.
Azaroaren 26an izango dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Zure irudiko, unibertsitate publikoak egungo norabideari eutsi behar dio edo norabide aldaketa behar du?
Hori ez dizut erantzungo. Badut iritzi bat, eta ez da sinplea, xehetasun eta ñabardura asko ditu.
Zuk esana da unibertsitatean euskararen erabilera eta prestigioa sustatu nahi duzula. Nola?
Ez dut uste EHUn gehiegi falta denik euskarazko irakats eskaintza gaztelerazkoa baino handiagoa izateko; badakit masterretan zailtasunak daudela, baina egoera hori helduko da, ziur aski hemen nagoen bitartean; behar den laguntza emango dugu, oso argi daukagu. Unibertsitateak ezagutza gizarteratzen du beste bide batzuetatik ere; garrantzi berezia du hori euskaraz egiteak. Izen on bat ematen dio jendeari erakusteak euskaraz hitz egin dezakezula edozein gairi buruz lasaitasun eta zuzentasun guztiarekin; interes handia dugu horretan.
«Ez zaio eman behar hainbesteko garrantzirik publikatzeari, eta gehiago eman behar zaio kalitateari»
Medikuntza ikasteko 40 postu sortu nahi dituzte, eta Osasun sailburuak EHUko errektoreari eskatu dio euskaraz izan daitezela. Hala izan behar dute?
Bai. Osasun sailburuarekin hitz egin dut, eta honako hau esan dit, eta nik ere bat egiten dut: interes handia daukagu, besteak beste, gure ikasleak hemen gelditzeko. Are gehiago, nahi badugu gero mediku euskaldunak edukitzea. Baina egia da zenbait ikasgaitan ez dela erraza irakasle euskaldunak edukitzea; prozesu hau graduala denez, oraindik urte batzuk ditugunez aurretik, ikus dezagun hori nola konpontzen dugun. Portzierto: unibertsitatetik inor ez da jarri harremanetan gure sailarekin horretaz hitz egiteko [elkarrizketa asteartean egina da].
Irakasle ikertzaileen lan baldintzek kezka eragiten dute. Zer neurri proposatzen dituzue?
Bi arazo daude. Bat da ordezkoena. Arazoa sortu da lanaldiak partzialak direlako, eta soldata oso txikia izaten dute, irakaskuntza bakarrik ordaintzen delako, eta ez ikerkuntza. Konponbideak etorri behar du unibertsitateko sailak irakaslez modu egokian hornitzetik. Daukaten irakats eskaintzarako behar dituzten irakasleak baino batzuk gehiago badauzkate, norbaitek gaixo agiria hartzen duenean, bada beste norbait eskolak eman ditzakeena. Beste arazoa da irakasle askok denbora asko behar dutela egonkortzeko. Laguntza programa bat diseinatuta eta aurrekontuan sartuta dago. Irakasle gazteen irakaskuntza jardunaldia jaisten lagunduko dugu, denbora gehiago eduki dezaten prestatzeko, ikerketan aritzeko eta curriculum lehiakorrak egiteko, gero lanpostu finkoak lortu ahal izateko. Datorren ikasturtean hasiko gara.
Aitortu izan duzu badagoela arazo bat ikertzaileen ongizate psikologikoarekin. Zer dago horren atzean?
Publikatzeko edo, oro har, ekoizteko presio handiegia. Arazo bat da; pixka bat arindu behar dugu. Nola? Ez emanda hainbeste garrantzi artikulu zientifikoen kopuruari edo ekoizpenari, eta gehiago kalitateari, soseguz egiten den lanari. Eta pentsatu behar dugu nola eman laguntza ikertzaile irakasle horiei; laguntza psikologikoaz ari naiz.
«Enpresek [ikerketa zentroetan] diru gehiago sartuko balukete, hobeto»
Unibertsitateko eta ikerketako beste kezketako bat burokrazia da. Zer neurri hartu asmo dituzue hori gutxitzeko?
Aztertu behar dugu noiz erabil dezakegun konfiantzaren printzipioa; hau da, noiz esan diezaiokegun herritarrari: «Fidatuko naiz esaten didazunaz, ez ekarri mila dokumentu, baina gezurretan harrapatzen bazaitut, bukatu da, eta ziur asko arazo legal bat edukiko duzu». Adibidez, bekekin egin dugu.
Beketan ere baduzue aldatzeko asmoa.
%6ko igoera aplikatu dugu aurrekontuan. Arazoa da beka edukitzeko hautagai izateko, familiaren sarrerak maila batetik beherakoak izan behar direla. Inflazioa eta soldata igoerak daude; muga oso baxu mantentzen bada, oso jende gutxik eskatu ahal izango du. Hori gaurkotu behar dugu.
Zientziako eta ikerketako inbertsioa urtero %6 handitu nahi duzue. Zer leku izan behar dute unibertsitatean?
Leku garrantzitsua. Inportantea da unibertsitateko irakaslea ikertzaile izatea. Irakasten duenean, ez ditu edukiak bakarrik transmititu behar, transmititu behar ditu beste gauza batzuk ere, horien artean, begirada kritikoa. Ikertzen ez duen irakasle batek begirada kritikoa izatea zailagoa da; zeren ikerketa ona bada, berez dago begirada kritikoa.
Garrantzia daukate ikerketa zentroek ere. Zer asmo duzue?
Ikerketa Kooperatiborako Zentroak dauzkagu, baita bederatzi BERC Basque Excellence Research Centre ere. Ibilbide oso ona daukate, eta sustatzen jarraitu behar dugu.
Enpresa pribatuek ere jartzen dute ikerketarako dirua. Arriskurik ikusten al diozu?
Ez, oxala gehiago jarriko balute. Ikerketa Kooperatiborako Zentroak Industria Sailak sortu zituen, eta ideia zen ikerketa zientifikoa egitea, baita enpresak sortzea edo enpresekin proiektuak edukitzea ere. BERCen kasuan, uste duzu enpresaren batek dirua emango diola BC3ri? Igual baten batek bai, baina finantzaketa publikoa da. Enpresek diru gehiago sartuko balute, hobeto.
Ikertutakoa gizarteratzea da beste egitekoetako bat.
Oso garrantzitsua da, eta ahalegina handitu behar dugu, ezin delako ezagutza unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan gorde edo, gehienez, artikulu zientifikoetan argitaratu, ez delako iristen jende gehienarengana.
Euskarazko ikerketak ba al du behar besteko prestigiorik?
Zeri deitzen diogu euskarazko ikerketa?
Adibidez, artikuluak euskaraz argitaratzea.
Dibulgazio artikuluak, dudarik gabe, euskaraz egin behar dira. Ikerketa artikuluak, irakurleen arabera. Nik egiten nuen ikerketa euskaraz argitaratuz gero, irakurriko genukeen nire lankideak eta nik, hemen beste inork ez daukalako interesik; Espainian, gehienez hiru lagun egongo dira interesa daukatenak. Baina munduan jende asko dago; orduan, horiek ingelesez argitaratu behar dira, oso argi daukat. Baina ikerketak hemen interes soziala badauka, zergatik ez argitaratu euskaraz?