Sistemaren errailei aurre eginez

AHTaren aurkako kanpaldia izango da igandera arte Hernanin; ekoizpen sistemari aurre egitea da helburua

AHTaren aurkako kanpaldian, Hernaniko Osinaga auzoko eskola zaharrean, bazkaria antolatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hernani
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
AHT Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladako kide Esti Redondok argi du: «Ingurugiroarekin ez ezik, gizartearekin eta ekoizpen sistemarekin lotutako borroka da AHTaren aurka ari garenena». Hamaseigarrenez bildu dira abiadura handiko trenaren aurkako kanpaldian; Hernaniko (Gipuzkoa) Osinaga auzoan, aurtengoan. Urte guzti hauetan borroka ekologista aldatu egin dela nabarmendu du Redondok, eta hartara, beren gogoetabideak ere eboluzioa izan duela, orain «sakonagoa» delakoan. Ekologismoan baino, antidesarrollismoaren baitan kokatzen du beren ideologia: «Tirabira nahikotxo eman ditu ekologismoak, taldeen instituzionalizazioa egon da, eta alternatibak onartu dituzte askok». Asanbladako kideek, ordea, ez dute AHTa nahi, «ez hemen, ez inon». Egungo gizarte, ekonomia eta lurralde ereduaren aldaketa sakona aldarrikatzen dute, «garapenaren edo progresoaren ideologiari» kritika eginez.

Asteartetik iganderarte kanpatuko dute AHTaren Aurkako Asanbladako kideek eta haien ekimena babestu dutenek Osinaga auzoko eskola zaharraren inguruan. Euskal Herrian abiadura handiko trenaren aurka ari direnez gain, Galizia, Kantabria (Espainia), Alemania eta Italiatik ere etorri da jendea: «AHTaren edo antzeko proiektuen aurkako borrokan dabiltza batzuk, elkartasuna erakusteko datoz besteak». Salaketa ez ezik, han eta hemen dabiltzanen esperientzien elkartrukea da kanpaldiaren helburua. Energia nuklearraren, proiektu desarrollisten eta krisiaren gaineko hitzaldi, mahai-inguru, eztabaida eta tailerrak izango dituzte aste osoan zehar: «Gauza bat dira antolatutako ekimenak, eta bestea, gure artean sortzen diren hamaika gogoeta eta eztabaidak».

Astearte ilunabarrean ekin zioten kanpaldiari. 50 pertsona inguru abiatu ziren Tilosetako Plazatik trikipoteoan, trikitixak blaitu zituen abesti eta dantzen artean.

AHTaren aurkako mugimenduak jasan dituen errepresioen berri izan zuten atzo goizean, Kateak Txikitu ekimenak aurkeztu zuen dosierraren askutik. Adingabekoentzako zentroez eztabaidatu zuten arratsalde partean. Redondok azaldu legez, beren etxeetatik urrundu eta estatuaren esku uzten dira hauek: «Batzuetan, behar dutelako; besteetan, estatuak hala uste duelako». Sendabelarrei, antzerkiari eta eskaladari buruzko tailerrez ere gozatu zuten Hernanira gerturatu zirenek.

Azken egunetako euri zaparraden aurrean kikildu ez, eta mendi martxan irtengo dira gaur goizeko 9.00etan. Kanpaldia amaitzeko, Urumea haranean barrena Donostiaraino joango dira bizikletaz igandean; AHTaren kalteak hirian ere ikustarazteko beharra sumatu baitute, Redondoren arabera.

Zulaketak aurrera, Legorretan

Bi zulaketa egin ditu Eusko Jaurlaritzak Legorretan, abiadura handiko trenaren bidearen eraikuntzan. 3,5 kilometrotik 2,9 tunel bidez egingo ditu trenak, gainerako bidea, berriz, Zubina eta Lasarteko biaduktuek lotuko dute. Jaurlaritzak berak nabarmendu duenez, Euskal Y-ak ez die zeharkatu dituen bederatzi parkeei kalterik eragingo, bidearen %60 lur azpitik doalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.