Mikel Ormazabalek (Andoain, Gipuzkoa, 1959) ezinbestekotzat du desberdinen arteko adostasuna hezkuntza arloko akordioa lortzeko. Horregatik, alde guztiek «bidean zerbait utzi» beharko dutela uste du: «Herri txikia gara, eta, ezin badugu elkarrekin bidea egin, non geratuko dira hitzarmenak?».
Eusko Jaurlaritzak akordiorako bidea ireki du. Badago nahikoa oinarri ados jartzeko?
Bidea hasteak erakusten du badagoela akordiorako gogoa. Adostasun zabal bat behar dugu, eta horretarako zimenduak identifikatu behar ditugu lehenik. Gai estrategikoen artean hautatu beharko da. Pentsatu nahi dugu akordio bila hasteak baduela garrantzia, baina oraingoz asmo adierazpena da. Teorian, nor ez dago ados dokumentuan azaltzen diren gai teknikoekin? Inklusibitatea, behar berezidun ikasleei erantzuna ematea... Hanka sartzea litzateke horiekin ados ez egotea.
Beraz, akordioa lortzeko bidean giro ona dagoela uste duzu?
Baikorra. Badago zerbait egiteko nahia. Halere, mesfidantza pixka bat ere egon da, eta isiltasuna ere bai, konfiantza giroa puskatzeko beldurrez. Gure nahia akordio batera heltzea da, baina gai guztiei buruz askatasunez hitz eginda. Ikuspuntu proposatzaileak behar dira akordiora heltzeko, eta baliabideak, lantzeko.
Dokumentuaren zimenduetako bat hizkuntza da. Besteak beste, derrigorrezko eskolaldia amaitzean euskaraz B2 maila lortzea proposatu da.
Helburuarekin bat gatoz, guk ere gure egitasmoetan jarrita baitaukagu. Batzuetan lortu da hori, baina besteetan, ez. Leku guztietan jarri behar dira baliabideak. Oso erraza da Azkoitian B2ra iristea, guztiek euskaraz hitz egiten dutelako; beste leku batzuetan oso zaila da. Uste dut sistema malguago bat sortu behar dugula: eskoleiegiten utzi behar zaie. Hori bai, helburua mantenduz, eta hori ebaluatzeko adierazleak jarriz.
Beraz, helburu hori lortzeko tokian tokiko errealitatean oinarritu behar da?
Guztiz ados nago helburuarekin, baita euskaldun gisa ere. Hala ere, ikusten dut horretarako beste osagai batzuk ere jarri behar ditugula. Esaterako, irakasleen formakuntzan, antolaketan, eta abarretan.
Ikastetxeen egoera sozioekonomikoa ere ez da berdina leku guztietan. Zer egin behar dute ikastetxeek hor?
Leialtasunez jokatu behar dute. Ika-mika asko egon dira, dauden aldeak itunpekoen kulpagatik direla... Baina guk bete egin dugu matrikulazio legea. Kristau Eskolak behintzat bai, eta pentsatzen dut ikastolek ere beteko zutela. Inklusibitatea, onartzea...Orain, baliabideak behar dira. Ikastetxeen gainean soilik dago aldeena? Administrazioak ere egin behar du ahalegina, eta legea betearaztea dagokio.
Ez al da legea betearazten?
Pentsatzen dut baietz. Zera gertatzen da: ikastetxetako egoerei dagokionez ez dagoela bide zuzen bat: «Hau horrela da, eta kito». Ez, egoera desberdinak egon dira. Non sartu ditugu kanpotik etorritako etorkinak? Eskolatzea betetzeko lekuan dagoen tokian sartu dira, publikoetan, eta itunpekoetan ere bai; gainera, A ereduan, euskaraz ez dakitelako. Hala ere, kasu desberdin asko daude, eta ikastetxeek bete egin behar dute legeak dioena. Administrazioak ere egin behar du. Aurten ere matrikulazioen agindua aldatu du. Lehengo aginduan ere bat nentorren araudiarekin: gela bakoitzean %10-15 egotea, urtean zehar datozenentzako matrikulazio bizia, eta beste. Hezkuntza sisteman inflexibilitatea dago, eta kontuan hartu behar da kasu guztiak ez direla berdinak.
Ikastetxeek autonomia handiagoa behar dutela uste duzu?
Dokumentuak kudeaketaren gaian soilik aipatzen du autonomia, eta uste dut hori baino gehiago dela. Joera jakin bat ere badu, gainera: ikastetxe publikoei begira egindako ahalegina da. Egia da sare publikoak baduela berezitasun bat, autonomia handiagoa eskuratu nahi horretan. Ondo iruditzen zait: ni ere publikoan egongo banintz, hor azaltzen direnak betetzea nahiko nuke. Beste autonomia mota bat ere jorratuko nuke, ordea, eta dokumentuan ez da aipatzen.
Zein da dokumentuan aipatzen ez den autonomia mota hori?
Ikastetxe bakoitzak proiektu bat dauka, eta horren atzean hainbat gauza daude: pertsonak, aniztasuna, antropologia eta filosofia bat... Autonomiak mugaren bat izan behar du, baina dokumentuan ez da aipatzen hezkuntza proiektuen oinarrian kontzeptu bat dagoela, gizartea ikusteko era bat, eta horren arabera eginiko eskaintza bat. Hori ez da aipatzen.
Horrek ez du esan nahi asmatutako edozein proiektu balekoa denik. Itunpeko ikastetxeetan ere, ikastolak eta Kristau Eskolak norbere gizarte ikuspegia, antropologia eta filosofia dute, eta horrek akordioan agertu beharko luke. Nik hezkuntza proiektuei indarra ematen diet, etagurasoek aukeratzeko aukerari. Horregatik, hori hezkuntzaren akordioan sartzea gustatuko litzaidake.
Etxe bakoitzaren gizarte ikuskerak eragina izango luke ikastetxe bakoitzaren autonomia pedagogikoan?
Noski, eta autonomia hori arlo pedagogikoan, kudeaketan eta besteetan sustatu behar da. Esaterako, kooperatiba izateak badakar berekin kudeaketa modu bat. Autonomiak gai guztiak ukitzen ditu transbertsalki, baita eskola publikoan ere. Gure ikuspegitik ere, erlijioa dela eta ez dela... Ikastolarekin adostutako euskal curriculumak zabaltasun hori jasotzen du. Gainera, hezkuntza sistema ez da berbera hemen eta beste erkidego batzuetan; badauzkagu gure pentsakera moduak, eta horri indar handiagoa eman behar zaio, baina curriculuma oso itxia da. Ondo dago bete beharreko helburuak ezartzea, baina utz diezagutela ikastetxeei egin beharreko bide hori lantzen.
EAEko hezkuntza legea eztabaidagai (III) Mikel Ormazabal (Kristau Eskolako zuzendaria)
«Sistema malguagoa behar dugu; eskolei egiten utzi behar zaie»
Hezkuntza itun berrian zimendu zehatzak jarri beharra azpimarratu du Ormazabalek; ondo iritzi dio hasieran hainbat eragile batzeari. Baina, orain arte, proposamena asmo adierazpen bat iruditu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu