Alternatiben Herria. Iruñea

Sistema kapitalista jopuntuan

Egungo 'statu quo' sozial eta ekonomikoaren aurka, munduak lema kolpe bat behar duela uste du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren plataformak. Hori dela eta, Alternatiben Herria eginen dute larunbat honetan. Baionari eta Bilbori lekukoa hartuta, dena prest dute Iruñean.

Bank Bang antzerki taldea, Bilboko Alternatiben Herrian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
There is no alternative. Ez dago alternatibarik. Herbert Spencer filosofo liberalak erabili zuen esaldi hori estreinakoz, XIX. mendean; alta, ospe handiagoko —eta biografia ilunagoko— beste pertsona batek gizarteratu zuen: Margaret Thatcherrek, 1979tik 1990era Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak.

Bere politika ekonomiko neoliberalaren aurka zeudenei erantzuteko bota zituen hitzok. «Ez dago beste aukerarik». Neoliberalismoa eta kapitalismo globala, garapena eta ongizatea lortzeko bide bakar gisa. Esaldiak oihartzun zabala izan zuen Erresuma Batuko hedabideetan, eta Alderdi Kontserbadoreak eslogan gisa erabili zuen 1980ko hamarkada osoan, thatcherismoa bultzatzeko. Lelo horren pean, industria eta zerbitzu publiko gehienak pribatizatu zituen lehen ministroak, istilu eta gatazka artean.

Euskal Herria, 2018. Margaret Thacherren aurpegia ageri da hainbat afixatan. Ondoan, lelo ezaguna, berriz ere: There is no alternative. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren plataformak kartelez eta eskuorriz bete ditu Iruñeko bazterrak, ekainaren 2ko Alternatiben Herria iragartzeko. Egungo sistema kapitalistaren aurka, alternatibak badaudela azpimarratu nahi dute festaren antolatzaileek, eta, horretarako, Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren parodia egin dute, ironiaz eta umorez beteriko kanpainan. «Botereek ezintasunera eraman nahi gaituzte. Haiek behin eta berriz sinetsarazi nahi digute bide bakarra dagoela, ez dagoela beste alternatibarik. Horren kontra matxinatu nahi dugu. Bestelako bide batzuk jorratzeko ideiak, proiektuak, intuizioak, gogoa... baditugula erakutsi nahi dugu».

Iruñeak hartuko du Baionaren eta Bilboren lekukoa, heldu den larunbatean. Lapurdiko hiriburuan 2013ko urrian ospatu zuten jaialdia, Bizi kolektiboak antolatuta, eta milaka lagun bildu ziren, klima aldaketa agenda politikoaren erdigunera eramateko xedez. Hango deialdiari jarraikiz, Alternatiben Herria beste hainbat tokitara zabaltzeko apustua berretsi zuten antolatzaileek: 2015eko urrian, 8.000 lagun inguru batu ziren Bilbon, izaera transbertsaleko egitarauan parte hartzeko: ekologia, herrien burujabetza, euskalgintza, feminismoa, hezkuntza... Hamaika alor, eta horiek alderik alde zeharkatzen dituen ideia bat: «Alternatibak baditugu, alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria baita». Maxima horri eutsi nahi diote Iruñeko Alternatiben Herriko antolatzaileek, Bizitza burujabea, eskubide osoz lelopean.

Orain arte, 70etik gora eragilek egin dute bat Alternatiben Herriarekin: LAB, ELA, Steilas, EHNE eta ESK sindikatuak; Goiener, Energia Gara, Izarkom, Koopfabrika edota Olatukop-en gisako kooperatibak; Sustrai Erakuntza, Greenpeace, Ekologistak Martxan, Bardea Orain, Zubietako erraustegiaren aurkako plataforma eta bestelako talde ekologistak; feminismoaren eta genero identitatearen arloan lan egiten duten elkarteak (Bilgune Feminista, Emakume Internazionalistak, Kattalingune, Lugatibe...); euskalgintzakoak (Kontseilua, Sortzen, Karrikiri...), eta auzoetako mugimenduak.

Aurten, gainera, Nafarroako erakunde publikoen babesa ere jaso du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren plataformak. Iruñeko Udalak, adibidez, bat egin du jaialdiaren helburuekin, eta hainbat espazio publiko utzi dizkio: «Egitasmo hau babesten dugu, udalak berak bultzatzen dituen hainbat helbururekin bat egiten duelako», azaldu zuen Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotzi Patri Peralesek asteartean, lankidetza hitzarmena sinatzean. Ardatz nagusien artean nabarmendu zituen, besteak beste, «ekonomia sozial eta solidarioa, hiriaren iraunkortasuna, herritarren parte hartzea sustatzen duten entitateak babestea, eta sentsibilizazioa, elkartasuna eta gizarte kohesioa sustatzea».

Zazpi «auzoko» festa

Zazpi gunetan banatuta egonen da larunbateko Alternatiben Herria: Takonera parkeko Vistabella eremuan jarriko dute agertoki nagusia —han eskainiko dituzte bai festaren hasiera ekitaldia eta bai iluntzeko kontzertuak—; eta horrez gainera, sei gune tematiko edo auzo antolatu dituzte, bakoitzean jorratuko diren eztabaidagaien arabera.

Auzoekonomia gunean (autobus geltoki zaharrean), adibidez, «ekonomia soziala eta eraldatzailea» landuko dute. Aurkezpen eta mahai inguruetan mintzagai izanen dituzte, besteak beste, Euskal Herriko kooperatiben eredua, gertuko ekonomia eta kapitalismoaren aurreko alternatibak.

San Frantzisko plazan, berriz, Arragoa gunea jarriko dute: Euskal Herriko kulturari, euskarari eta hezkuntzari eskainitako espazioa. AEK-k, adibidez, plaza horretan antolatuko du bere Mintzodromoa, eta hezkuntza gaiei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte San Frantzisko eskolako areto nagusian.

Herriak eta Lurra gunea hiru espaziotan banatu dute: Kondestablearen jauregia, Santa Ana plaza eta Piparrika hiri baratzea. Ekologistak ariko dira hiru eremu horietan, klima aldaketaren kontrako borroka eta ingurumena ardatz hartuta. Erakusketak eta tailerrak ere eskainiko dituzte baratzean. Errekoleten plazan, burujabetza prozesuak jarriko dituzte mahai gainean: burujabetza soziala, ekonomikoa eta naziorik gabeko estatuena, besteak beste.

Feminismoari, LGTBIQ mugimenduari eta, oro har, «gizarteak bazterrera bultzatutako bizitza nahiz gorputzei» eskainitako gunea izanen da Bizi anitzak eta duinak. Genero auziez gainera, bazterketa pairatzen duten beste kolektibo askoren testigantzak ere jasoko dituzte; etorkin eta errefuxiatuena, esaterako. Sindikatu eta eragile sozialez gain, Kataluniako, Eskoziako eta Donbass eskualdeko (Ukraina) ekintzaileak ere bilduko dira bertara.

Azkenik, Alternatiben Herrira bilduko diren haurrek aukera izanen dute sormena euren kabuz adierazteko, Haurren Errepublika gunean.

Urrian, Baionan

Aurrerago ere izango du jarraipena ekinbideak. Hilaren 9an Alternatiba Itzulia abiatuko da Paristik, eta Baionara iritsiko da bost hilabeteren buruan. Urriaren 6an eta 7an, «klimaren aldeko mobilizazio handi bat» hartuko du Baionak, «trantsizioan den herri batek klima aldaketari eta krisi sozial eta ekologikoari aurre egiteko» alternatiba bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.