Sistema esklabista eta koloniala amaitzea exijituko dute ostiralean Bilbon

Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak manifestaziora deitu du Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako; Euskal Herriaren «iragan esklabista eta koloniala» berrikustea eskatuko dute.

Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak agerraldia egin du gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak agerraldia egin du gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko martxoaren 18a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriaren «iragan esklabista eta koloniala». Hori izango dute hizpide aurten Bilbon, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak deituta, manifestazioa egingo dute herritarrek, eta sistema esklabista eta koloniala amaitzea exijitu. «Instituzioak eta euskal gizartea zeharkatzen dituen arrazakeriak historia kolonial bat du atzean, eta oraindik ez dute historia hori onartu; horregatik, aurten, iragan esklabista eta koloniala berrikustea exijitu nahi dugu», nabarmendu dute gaur, San Frantzisko auzoan egindako agerraldian.

Eder Fernando Arroyo Machado, Jazmin Algarin eta Omra el-Qrich Lamghari batzarreko kideek eman dute manifestazioaren nondik norakoen berri. Jesusen Bihotzetik abiatuko da protesta, 18:00etan. Arrazakeria borrokatu, ez eztabaidatu. Ordena kolonialari sua! lelopean, Kale Nagusia zeharkatu, eta udaletxeraino joango dira.

Manifestazioaren amaieran, Bilboko pertsona migratzaile eta arrazializatuek elkarrekin landutako manifestu bat irakurriko dute. Euren ildo politikoak islatuko dituzte bertan: «Euskal alderdi politikoek ildo politiko horiek entzun eta kontuan har ditzaten eskatzen dugu». Izan ere, salatu dutenez, gaur egun lan asko dago egiteko «lurralde honetan bizi diren pertsona guztiek oinarrizko eskubideak» bermatuta izan ditzaten. «Erroldarik gabe ez dago eskubiderik», gogoratu dute. Eta erantsi: «Egoera administratibo erregularrik gabe ez dago eskubiderik».

Lege eta enpresen jardun ugarik migratzaileen bizitzetan eragiten dute. Batetik, salatu dute Europako Migrazio eta Asilo Itunak ziurtatzen duela migratzaileek ez dutela «inoiz bizitza duinik» lortuko. Bestetik, Frontexek, euskal armamentu enpresek eta Europako estatuetako nekropolitikek «egunero» jazartzen dituztela migratzaileak: «Lan esplotaziora kondenatzen gaituzte, eta zuriak ez diren gorputzak hiltzen dituzte».

Argi utzi dute ez direla isilik geratuko: «Merkantzien zirkulazio askea lehenesten den eta pertsonen zirkulazio askea kriminalizatzen den mundu honetan ezin dugu isilik jarraitu». Hortaz, «Euskal Herria deskolonizatzearen alde», kaleak beteko dituzte ostiralean.

Indarkeria, aspalditik

Batzarreko kideek salatu dutenez, nahiz eta gaur egun mugimendu sozialek «faxismoaren gorakadaz» ohartarazi, pertsona arrazializatuek denbora luzea daramate «indarkeria arrazista eta koloniala» pairatzen. Hori «indarkeria faxista» dela argi utzi dute.

Agerraldia baliatu nahi izan dute egungo «genozidio kolonialak» salatzeko. Besteak beste, «Palestinako genozidioa, Sudanekoa, Kongokoa eta Mendebaldeko Sahararen okupazioa» gogoratu dituzte. Hegoalde osoan ikusten diren buruzagitza komunitarioen hilketak ere salatu dituzte, baita «modu kontziente eta sistematikoan hegoalde globaleko lurraldeetan egindako gainerako indarkeria ekintzak» ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.