Miren Basaras. Mikrobiologoa

«Sintomak dituztenak ez daitezela hurbildu zaurgarriengana»

COVID-19aren aldaera berriaren harira, Miren Basaras mikrobiologoak azaldu du OMEk arrisku gutxikoen artean sailkatu duela, baina nola eboluzionatzen duen ikusi behar dela. Zaurgarrienak zaintzera deitu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du COVID-19aren aldaera berri bat atzeman dutela: EG. 5 delakoa, hain zuzen ere, Eris izenez ere ezaguna. Ohartarazi du aldaera horrekCOVID kasuak areagotu ditzakeela mundu zabalean. Antzeman da aldaera berriaren eragina: Osakidetzaren azken buletin epidemiologikoak kasuen gorakada txiki bat islatu du 60 urtetik gorakoen artean. Azken hilabeteko buletinaren arabera, 124 pertsona daude erietxeratuta. Zainketa intentsiboen unitateetan, berriz, bost lagun daude. Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoak (Bilbo, 1968) COVID-19aren egoeraren eta aldaera berriaren ingurukoak argitu ditu.

OMEk jakinarazi du COVID-19aren aldaera berri bat aurkitudutela.

Aldaera, izatez, omikron aldaeraren azpialdaera bat da. Omikronen biloba dela esan genezake. OMEk bi taldetan sailkatzen ditu aldaerak: interesekoak eta arretaz begiratu behar direnak. Bigarren taldean sailkatzen diren aldaerek egoera larri bat eragin dezakete. Kasu honetan, OMEk esan du aldaera hori interesekoa dela, eta beraz, nola eboluzionatzen duen ikusi beharko dela.

Zein dira aldaera horren ezaugarriak?

Birusak aldatzen jarraitzen du, eta hori ez da birus guztietan gertatzen. Gainera, aldaketa edota mutazio horiek puntu jakin batzuetan gertatu dira: antigorputzak lotzen diren puntuetan, hain zuzen ere. Guk antigorputzak sortzen ditugu birusa blokeatzeko edo horri aurre egiteko. Puntu horietan aldaketak gertatzen badira, posible da jada sortuta dauzkagun antigorputzak ez izatea eraginkorrak birusari aurre egiteko. Gainera, ikusi dute aldaera honek transmititzeko ahalmen handiagoa duela beste aldaerek baino.

Aldaera horren aurka, txertoek eraginkortasuna galtzen dute?

Txertoak eraginkorrak dira oraindik. Birusak aldatzen jarraitzen duen bitartean, COVID-19 kasuak agertuko dira. Hori gaixotasun guztiekin gertatzen da, ez COVIDarekin soilik. Azken finean, txertoek ez dute birusa guztiz suntsitzen; besteak beste, birusa transmititzeko ahalmena gutxitzen dute, eragin ditzakeen kalteak urritu... baina ez dute birusa desagerrarazten; bestela, birusa desagertuta egongo litzateke jada.

Aldaera horrek egoera larri bat ekar dezake?

Ez gara konfinamendu garairaitzuliko. Horretarako, aldaera guztiz aldakor bat sortu beharko litzateke; eta hori, gaur-gaurkoz, ez dugu aurreikusten. Beste herrialde batzuetan ikusi dugun bezala, aldaera honek COVID-19 kasuak igotzea ekarri du. Hemen zera geratzen da, oraingoz ez dakigula zer-nolakoa den aldaera honen presentzia. Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, oraingoz oso kasu gutxi daude. Gainera, esan bezala, OMEk adierazi du aldaera interesekoa dela. Beraz, gaur-gaurkoz, egoera ez da kezkagarria.

Aldaera horrek zer sintoma eragiten ditu?

Dirudienez, eragiten dituen sintoma nagusiak eztarriko mina eta konjuntibitisa dira. Besteen gisa berean, ondoeza ere eragin dezake.

Gaur egungo irudipena daCOVID-19a beste gaixotasun baten gisakoa dela. Ados zaude birusari dagokionez hartu dugun jarrera horrekin?

Munduan badaude zentro batzuk non hainbat birusen eboluzioa kontrolatzen duten, ikusteko kasuak igotzen diren, igoera horiek non gertatzen diren, mutazioak gertatzen diren... Hori beharrezkoa da. Gure ospitaleetako egoeraaztertu behar dugu: ea kasu kopuruak igotzen diren, zein ezaugarri dituzten pertsona horiek... Birusaren eboluzioa nolakoa den ere ikusi behar da. Horixe da egin beharrekoa.

Gai honen inguruan bada beste puntu garrantzitsu bat: COVID iraunkorra dutenena. Dakigunez, populazioaren %10ek COVID iraunkorra dauka. Euskal Herrian, 200.000-300.000 pertsonak dute gaitz iraunkor hori. Kontuan hartzeko moduko datua da hori. COVID-19a ez da gaixotasun arrunta. Sintomatologia larria eragin die batzuei. Beraz, ahal den neurrian, saihestu egin behar dugu.

Aldaera horri aurre egiteko neurriak hartu beharko liratekeela uste duzu?

Nik uste dut hartu behar den neurri bakarra jende zaurgarria babestea dela. Horiek dira eta antigorputz gutxien sortzen dituztenak. Lan hori bakoitzak bere inguruan egin behar du. Logikoak diren neurriak hartu behar dira. Baina ez bakarrik birus honekin; arnasa bidez transmititzen den edozein birusekin baizik. Izan ere, badakigu zaurgarriak diren horiek direla gehien gaixotzen direnak. Argi dago birusarekin bizi behar dugula. Beraz, hauxe da nire aholkua: aipatutako sintoma horiek dituztenak ez daitezela hurbildu zaurgarriak direnengana.

Aurreikus daiteke zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan?

Aldaera hau gure artean baldin badago, COVID-19 kasuen kopurua igo egingo dela aurreikusten dut. Aldaera hori dagoen beste herrialdeetan ikusi dugunaren arabera, ez dirudi eragin handia izango duenik ospitaleetan, ezta zainketa intentsiboetako unitateetan ere. Baina, hala ere, zaurgarriak direnak zaindu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.