«Guztiak gaude matxismoaren kontra, baina erasoa benetan gertatzen denean eta erasotzailea gertukoa edo laguna denean, jendea ez da hain feminista. Erasoa egin duenaren alde jartzen da, edo zalantzan jartzen du eraso egin diotenaren bertsioa». Argi mintzatu da Idoia Arraiza, Emagin elkarteko kidea. Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak egiten ditu erakunde horrek, eta formakuntza feministak ematen dituzte enpresa eta herri antolakundeetan. Azaldu du halako egoerei aurre egiteko lanketak garrantzitsuak direla, baina ez direla erabakigarriak: «Protokolo bat edukitzeak gutxienekoa izan beharko luke, baina ez badira bertako oinarriak ondo betetzen, ez du ezer ziurtatzen».
Duela bi aste, Iñigo Errejonen kontrako salaketa bat jarri zuen emakume batek, indarkeria matxistagatik. Espainiako Diputatuen Kongresuan Sumar alderdiko bozeramailea izan denak dimisioa eman zuen. Atzo, berriz, kasua aztertzen ari den epaileak iragarri zuen deklaratzera deitu dituela akusatua eta salaketa jarri duena: andreak bihar deklaratuko du, eta akusatuak, hilaren 12an. Gertatutakoak hautsak harrotu zituen, eta anitzek zalantzan jarri zuten alderdian indarkeria matxistaren kontrako protokoloa ez aktibatu izana eta protokoloa bera eraginkorra ote den.
Bada, Arraizak azaldu du alderdi politikoek, enpresek eta bertzelako erakundeek protokoloak izan ditzaketela, baina horrek ez duela ziurtatuko erasoari egoki erantzunen zaionik. Are, zenbait protokolok dituzten hutsuneetako bat azpimarratu du: «Enpresa batzuetan, ikerketa bat hasi behar da ikusteko nork duen arrazoia, eta erasoa frogatu behar da. Guretzat, salaketa bat jartzearekin sinistu behar da; froga nahikoa da neurri batzuk hartzeko».
«Guretzat, salaketa bat jartzearekin sinistu behar da; froga nahikoa da neurri batzuk hartzeko»
IDOIA ARRAIZAEmagineko kidea
Arraizarendako zailena protokoloa bera aktibatzea da: «Emakume bat prest egotea bere lankideren baten edo beste norbaiten kontra salaketa bat jartzeko, edo erakundeari gertatutakoaren berri emateko». Hori gertatu dadin erakundeko kideek «gutxieneko babesa» sentitu behar dutela dio, eta taldeari berari dagokiola sentsibilizazio bat dagoela erakustea. Horrez gain, taldean egon daitezkeen aurrekarietan ere arreta jarri du: «Indarkeria matxistako kasu bat egon bada, eta gaizki kudeatu, hurrengoak ez du salatuko. Gauzak ondo joan badira, agian animatuko zara».
Egitura bat
Sexu indarkeria dagoen erasoen %10 soilik salatzen direla azaldu du: «Gutxiengoa dira, eta, gainera, ausartu egiten dira». Hortaz, horiek zalantzan ez jartzearen aldekoa da. Eraso larriak ez ezik bertzelako jarrera matxistak ere protokoloetan sartu behar direla dio Arraizak. Edozein erakundetan eta herri mugimendutan daudela azaldu du, eta, hortaz, landu egin behar direla.
Eraso matxista bat kudeatzeko ardura kolektiboa da, «zentzu batean guztiek baimendu dutelako oraindik botere harremanak egotea», Arraizak erran duenez: «Konfidentzialtasuna egon behar da, eta informazioa ondo kudeatu». Halere, argitu du prozesu horretan sartzeko erasotzaileak egin duena aitortu behar duela: «Egindakoaren eta eragindako minaren erantzukizuna hartu behar du, eta, horretarako, lanketa pertsonal bat egin eta minaren erreparaziorako konpromisoak hartu». Bitartean, erasotzailea ezin izanen da espazio batzuetan egon: «Hainbat neurri hartu daitezke, eta, aldaketa bat dagoen heinean, erasotzailea joan daiteke poliki-poliki espazio horiek berriz hartzen, betiere erasoa jasan duenarekin kontrastatuta».
Emaginen lantzen duten ereduak, beraz, ez du eredu punitibistarekin bat egiten, ulertzen baitute zenbait mugimendutan aukerak daudela erreparaziorako. «Gure helburua beti da erasoa jasan duenaren mina ahalik eta azkarren erreparatzea, berriro ez errepikatzea, eta erasoa egin duenaren birgizarteratze feminista. Baina baldin eta berak egindakoa onartzen badu, eta aldaketa bat egiteko prest badago. Ez badu egindakoa onartzen, beste neurri batzuk hartu daitezkeela ulertzen dugu; adibidez, zuzenean antolakundetik botatzea edo salaketa publikoak egitea».
«Gure helburua beti da erasoa jasan duenaren mina ahalik eta azkarren erreparatzea, berriro ez errepikatzea, eta erasoa egin duenaren birgizarteratze feminista»
IDOIA ARRAIZAEmagineko kidea
Botere harremanak
Horiek lirateke indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo batek izan beharreko oinarrizko elementuak, erasoa salatu duena babestea helburu. Izan ere, Arraizak azaldu du protokolo guztietan inportanteena dela «norbere kontakizuna sinistua eta babestua izango dela jakitea», eta horretarako erakundeak berak babes hori transmititu behar duela.
Halere, kasuan kasuko testuinguruak egoera guztiz baldintzatuko duela onartu du: maiztasuna, eragina, erasoaren oihartzun publikoa, hainbat motatako botere harremanak… Are, nabarmendu du erasotzailearen estatusak nabarmen eraginen duela kasuaren tratamenduan: «Erasoa egin duen pertsonak zenbat eta botere handiagoa izan, zailagoa izango da salaketa jartzea, erasoa jasan duenak aukera asko dituelako sinistua ez izateko, eta jendea bere kontra jartzeko». Hor kokatu du botere postuetan dauden gizonen kontra ez egitearen gakoetako bat.
Errejonen kasua botere harreman horretan kokatu du Arraizak, eta nabarmendu protokolo ororen oinarria dela ulertzea egungo sistemaren antolaketaren ondorio direla harreman horiek.
Gehitu du «giroa aztoratuta» dagoela, eta alderdi horietako feministak lanketa bat egiten eta protokoloak indarrean jartzen saiatuko direla. Are, uste du alderdiek errazago onartuko dutela orain zerbait egitea, baina laster bueltatuko direla orain arteko logiketara. «Alderdi politikoek daramaten erritmoa eta dituzten lehentasunak oso zoroak dira. Hor egiturazko arazo bat dago benetan garrantzitsuak diren gauzak aintzat hartzeko, horrelako egoerek beste denbora batean kokatzea eskatzen baitute, eta hori beren erritmoekin orekatzea zaila da».