Sindikatuek segurtasun handiagoa eskatu dute, Euskotreneko zaindari baten kontrako erasoa dela eta

Herenegun, zinpeko zaintzaile bati eraso egin zioten Zornotzako geltokian (Bizkaia). Zaindariak binaka joateko eskatu dute sindikatuek.

Euskotreneko langileek abuztuan egindako protesta, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Euskotreneko langileek abuztuan egindako protesta, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 26a
09:50
Entzun

Herenegun, zinpeko zaindari bati eraso egin zioten Euskotrenek Zornotzan duen geltokian (Bizkaia). Zaindariak ikusi zuen bi bidaiari txartelik ordaindu gabe sartu zirela geltokira, atxiki egin zituen, eta Ertzaintzari deitu zion. Ertzainen zain zeudelarik, haietako batek borra kendu zion zaintzaileari, eta buruan jo zuen. Zaindariak konortea galdu zuen, eta bidaiariek ihes egin zuten, baina ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten. Zaindaria Galdakaoko ospitalera eraman zuten (Bizkaia).

Hori dela eta, «segurtasun handiagoa» eskatu dute sindikatuek. UGTk «gogor» gaitzetsi du erasoa, eta Euskotreni eskatu dio neurriak har ditzala «bidaiariak zaintzen dituzten langileen segurtasuna» bermatzeko. Euskotrenen zerbitzua eskaintzen duten segurtasun enpresei ere beste horrenbeste eskatu die, eta, horretarako, «erasoak gerta daitezkeen ibilbide eta ordutegietan» zaindariak binaka joatea galdegin dute.

UGTren ustez, beharrezkoa da zaindarientzako «segurtasun neurriak» hartzea, dispositiboak ongi antolatzea eta zaindarien jarduerei «legezko babesa» ematea.

CCOOk ere gaitzetsi du erasoa, eta bat egin du zaindariak binaka aritzeko eskaerarekin. 

Iazko uztailean beste eraso bat egon zen Euskotrenek Bilboko Zurbaranbarrin duen geltokian. Euskotreneko langile bati egin zioten erasoa, eta sindikatuek «erabateko arbuioa» azaldu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.