Sindikatuek salatu dute Osakidetzak larrialdi zerbitzuetako 88 postu bete gabe utzi dituela uztailean

Adierazi dutenez, koordinazio zentroetan eta anbulantzia medikalizatuetan «ohiko» bilakatua da mediku falta, eta areagotu egin da uda garaian.

Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abuztuaren 14a
11:45
Entzun

Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako langileen batzordeak salatu du uztailean 88 postu bete gabe geratu zirela; zehazki, larrialdietarako koordinazio zentroetako eta anbulantzia medikalizatuetako postuak izan ziren horiek. ELA, CCOO, LAB, SATSE, SME, ESK eta UGT sindikatuek osatzen dute batzordea, eta Osakidetzako arduradun nagusiekin jarri dira harremanetan, «erantzunak argitu» ditzatela eskatzeko.

Sindikatuek azaldu dutenez, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, Susana Lopez Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Luisa Larrau Giza Baliabideen arduradunari jakinarazi diete zer lanpostu geratu diren bete gabe, eta lanean aritu diren beharginek zer lanordu luzapen egin behar izan dituzten hutsune horiek betetzeko. Horrekin batera, arduradunei exijitu diete lan egin dezatela larrialdi zerbitzuetako «gutxienekoak» betetzeko: «Profesionalak arriskuan jar ez daitezen, eta herritarrentzako kalitatezko arreta berma dadin».

Izan ere, sindikatuen esanetan, mediku falta «ohiko» bilakatua da larrialdi zerbitzuetan, «kudeaketa taldearen antolamendu falta» eta «lan baldintza duinen gabezia» direla medio: «Funtsezko zerbitzua izanik, ez da iristen ezarritako gutxienekoetara». Hala, gehitu dute uda garaian areagotu egiten dela zulo hori. Era berean, salatu dute beharginak falta izateak «estres handiagoko egoerak» eragiten dizkietela lanean ari direnei, eta txandak luzatu egin behar izaten direla, «horrek dakartzan arriskuekin».

Sindikatuek gehitu dute mediku faltak «hutsegite larriak» ere eragiten dituela larrialdi zerbitzuetan: «Medikua duen talde batek artatu behar duen gaixoa medikurik gabe artatzen da, edo gehiago itxaron behar izaten du, jakinda askotan gaixoaren egoera denboraren menpekoa dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.