Sindikatuek salatu dute Laudioko osasun etxeko heriotza Osakidetzako murrizketengatik gertatu zela

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek adierazi dute medikurik ez zegoelako hil zela gaixoa. Elkarretaratze bat egin dute gertatutakoa gaitzesteko.

Sindikatuen protesta Laudioko anbulatorioak medikurik ez zegoenean gaixo bat hil zela salatzeko
Gaur goizean sindikatuek Laudioko anbulatorioaren aurrean egindako elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
nerea intxausti
2024ko urtarrilaren 16a
16:15
Entzun

ESK sindikatuak salatu zuen mediku faltagatik paziente bat hil zela ostiralean Laudioko anbulatorioan (Araba). Gaur protesta egin dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariek, Osakidetzako EAG etengabeko arretako guneetako prekarizazioa nabarmentzeko. Laudioko Udalak ere bat egin du anbulatorioaren aurrean egindako elkarretaratzearekin, eta herritarrak parte hartzera deitu. Medikuen Sindikatua ere han izan da, eta protesta egin dute, haien esanetan, Osakidetzak erizaintzako langileekin betetzen duelako medikuen falta.

Ostiral gau aldean heldu zen gaixoa Laudioko osasun etxera, eta, bi erizainek lagundu bazuten ere, ez zegoen medikurik hura artatzeko. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, gizonezkoa anbulatorioak sartu eta bi minutura deitu zioten ZIU mugikorrari, eta handik lau minutura zentroan zen anbulantzia. Gizonezkoa hil egin zen. Sindikatuek elkarretaratzean salatu dute Osakidetzaren kudeaketak «arriskuan» jartzen dituela herritarrak, eta osasun publikoaren gainbeherarekin lotu dute ezbeharra. Medikuen Sindikatuak nabarmendu du «Osakidetzak behar lukeela arduradun nagusi», bi erizainek ez dutelako mediku bat osatzen, «nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila tematuta egon eta herritarrei hori ikusarazi nahi izan».

Laudioko Udalak Osakidetzari exijitu dio berma dezala herriko etengabeko arretako gunean medikuak egotea, eta ELAk eskatu du herri guztietako arretako guneetan ere egiteko hori. Ohar batean, sindikatuak adierazi du Osakidetzak normalizatu egin duela EAGak taldea osorik egongo dela bermatu gabe irekitzea —zehazki, medikurik gabe—. Gehitu dute egoera antzekoa izan dela Bizkaiko eta Arabako beste zenbait anbulatoriotan. LABek ere salatu du osasun publikoan egindako murrizketek «hil» egiten dutela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu du «anbulatorioko zerbitzuen eta ZIUko taldearen jokabidea azkarra eta egokia» izan zela, baina ezin izan zutela ezer egin, «pazientearen larri zegoenez gero».

«Baldintza eskasak»

Sindikatuek baliabide gehiago eskatu dituzte, eta salatu Osasun sailburuak ez duela EAGetako zerbitzua hobetzeko eta indartzeko borondaterik; gogoratu dute osasun langileek lan baldintza eskasak dituztela, eta baliabideak falta zaizkiela. ELAk Jaurlaritzako adierazi du Osasun Sailak  aitzakiatzat erabiltzen duela mediku eskasia, eta atzean dagoen errealitatea ukatzen dutela horrela: egonkortasun falta eta lan gainkarga, besteak beste. Zerbitzuak ematen ari diren langileen artean arrisku psikosozialak areagotzen direla ere azpimarratu dute, baliabide egokirik gabe lan egiteak estresa eta presioa handitzea dakarrelako, sindikatuaren arabera.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.