«Hezkuntza eragileok ondorio komun bat atera dugu: gaur-gaurkoz ez dagoela baldintzarik langile zein ikasleen osasuna bermatuz maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko». Hori adierazi dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk kaleratu duten ohar bateratuan. Gainera, mobilizaziora deitu dute biharko, 11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den ostegunean iragarri zuen Batxilergoko, DBH4ko eta Lanbide Heziketako ikasleak ikasgeletara itzultzen hasiko direla, eta sindikatuek hurrengo egunean ohartarazi zuten ez zirela eskolara itzuliko baldintzak negoziatu ezean.
Gaur, ordea, ziurtatu dute ikastetxe bakoitzak «autonomia» izango duela erabakia hartzeko. «Egoera honetan, erabateko arduragabekeria litzateke maiatzaren 18an planteatutako itzulera abian jartzea», ziurtatu dute sindikatuek. Izan ere, haien hitzetan, «arrisku larrian» jarriko litzateke langileen eta ikasleen osasuna, eta, ondorioz, gizarte osoarena. Sindikatuek azaldu dutenez, komunikabideen bidez izan dute horren berri, eta «arduragabekeria handitzat» dute erabakia. Bi arrazoi eman dituzte: batetik, osasuna «bermatu gabe» dagoen honetan, Hezkuntza Sailak ikastetxeen, familien eta ikasleen bizkar gainean utzi duela «ardura guztia», «bere ardurari larriki kale eginez». «Hezkuntza Sailari dagokio plan egoki batean jaso eta aurreikustea osasuna bermatzeko irizpide zehatzak, protokoloak, neurriak eta horiek aurrera eramateko baliabideak, gero ikastetxe bakoitzak aurrera eraman ahal izan ditzan, bere autonomiaren barruan». Bestetik, erabakia ikastetxe bakoitzaren esku utzita, «arrisku argia» ikusten dute ikastetxeetako ikasleen arteko arrakalak sortzeko edo areagotzeko.