Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako lan gatazkan beste pauso bat eman dute gaur. ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk Kristau Eskola eta IZEA patronalen aurkako salaketa jarria zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, «ez dituztelako ordaindu nahi otsailean itunpeko sarean sinatutako greba amaierako akordioan adostutako soldata igoerak»; gaur hasi da auziari lotutako epaiketa, eta sindikatuek protesta egin dute epaitegiaren atarian.
Izan ere, langileen ordezkariek uste dute badutela kexatzeko arrazoirik. Haien esanetan, patronala greba amaitzeko akordioan jasotako edukietako batzuk soilik aplikatzen hasi da. «Eta hori guztia aldebakarreko irizpideak erabiliz». Azaldu dutenez, esaterako, martxan daude talde jakin batzuetarako itundutako lanaldi murrizketak; ez, ordea, soldata igoerak: «Ez dituzte ordaindu 2024rako adostutako igoerak, akordioak horrela behartzen dituen arren, eta ez dute zehaztu data bat soldata eguneratuak ordaintzen hasteko».
Langileen ordezkariek eta sindikatuek otsailaren 5ean sinatu zuten ituna, hamalau eguenean grebak eta protestak egin ondoren. Hala ere: «Akordioa sinatu eta zortzi hilabetera, patronalak eta zentroak hitzarmena urratzen ari dira. Sindikatuen ekimenez dozena bat bilera egin diren arren, patronalak greba amaitzeko akordioan sinatutakoa berriro negoziatzen saiatzen ari dira, eta hitzarmenaren edukiak adostutako baldintzetan txertatzeko oztopoak jartzen ari dira». Horregatik, aurreratu dute protestara ere joko dutela: «Hitzartutakoa betearazteko beharrezkoak diren mobilizazioak abiaraziko ditugu».