Sindikatuek negoziatzera premiatu dute Nafarroako Gobernua, irakasleen mobilizazioa «bikaina» izan dela iritzita

Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk txalotu egin dute sare publikoko irakasleek atzoko grebari emaniko babesa. Ikastetxeetako sukalde eta garbiketako langileek bigarren lanuztea dute gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako sare publikoko irakasleen greba. Hezkuntza Departamentu aurrean elkartu ziren, manifestazio nagusiari ekin aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako sare publikoko irakasleen greba, atzo. Hezkuntza Departamentu aurrean elkartu ziren, manifestazio nagusiari ekin aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 31
13:30
Entzun

«Atzo argi adierazi genuen gobernu honen politikek ez dituztela hezkuntza publikoaren beharrak asetzen». Nafarroako sare publikoko irakasleak grebara deituak zeuden atzo, eta, sindikatuen esanetan, «erantzun bikaina» eman zioten deialdiari. Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk atzoko lanuztearen balorazio positiboa egin dute, mobilizazio mailari eustea lortu baitute aurreko bi deialdietan baino hiru sindikatu gutxiago izanagatik ere —Hezkuntza Departamentuarekin akordioa sinatu zuten Afapnak, UGTk eta Anpek urrian—: «Erronka handia genuen aurretik. Hiru sindikatu falta genituen atzokoan, baina, hala ere, kaleak betetzea lortu genuen, eta harro esan dezakegu aurreko bi deialdien pare ibili ginela. Zorionak eta eskerrak, beraz, atzoko egunarekin bat egin zenuten guztioi», adierazi dute, lau sindikatuok elkarrekin sinatutako ohar batean.

Orain Hezkuntza Departamentuak du konponbidearen ardura, Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk uste dutenez: «Gimeno kontseilariari dagokio orain bere menpe gauden langileen eta ikasleen baldintzak hobetzeko negoziazioa berriz irekitzea. Gure hezkuntza sistema hobetzeko ardura du, hitzetatik ekintzara pasatzekoa, inolako mehatxurik eta inposiziorik gabe, jarrera irekia erakutsiz eta umiltasunez». Edonola ere, ohartarazi dute «adi» ibiliko direla, eta zorrotz aztertuko dituztela Hezkuntza Departamentuaren proposamenak: «Tentuz jokatzea, atzerapausorik ez onartzea eta kalitateranzko bidea egitea dagokigu irakasleon ordezkarioi».

Hain zuzen, Afapnak, UGTk eta Anpek sinatutako akordio hura «atzerapausoa» izan zela uste dute atzoko grebaren antolatzaileek: «Eskasa izateaz gain, arriskutsua ere bada. Atzokoan irakasleek argi erakutsi zuten horrelako akordiorik ez dutela onartuko». Horregatik, iragarri dute «presioa egiten» segituko dutela datozen hilabeteetan.

Greba eguna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan ere greba eguna izan zen atzokoa. Ikastetxeetako sukalde eta garbiketa langileak atera ziren kalera, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek antolatutako lanuzte zikloaren barruan, eta gaur dute bigarren greba eguna. Atzo bezala, sindikatuek adierazi dute gaurko lanuztea ere «oso arrakastatsua» ari dela izaten, gutxieneko zerbitzuak kenduta, ikastetxe publikoetako sukaldari eta garbitzaileen %70ek babestu baitute. Hezkuntza Sailaren arabera, ordea, langileen %30,3k egin dute greba: %43,7k sukalde zerbitzuetan eta %17 garbiketan.

«Grebak eta mobilizazioek izandako babesak argi erakusten du langileek indarra daukatela protestan jarraitzeko, aldarrikatutakoak lortu arte», adierazi dute sindikatuek ohar batean. LABek, ELAk eta CCOOk salatu dute sukaldeetako langileek eta garbitzaileek hamasei urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren barruan haiena dela «sektore feminizatuena, baldintza prekarioenak dituena eta pribatizazio prozesu handiena jasaten ari dena».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.