Sindikatuek nabarmendu dute sukaldeetako eta garbiketako langileen %70ek greba egin dutela

Jaurlaritzak dio parte hartzea apalagoa izan dela: %33,5ekoa. LABek, ELAk eta CCOOk deituta, bihar ere greban egongo dira eskola publikoetako sukaldeetako eta garbiketako langileak; Gasteizen egingo dute protesta, 11:30ean.

Sukaldeetako eta garbiketako langileen protesta, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sukaldeetako eta garbiketako langileen protesta, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 19a
13:04
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan greban jarraitzen dute; gaur, garbiketako eta sukaldeetako langileen txanda izan da. LABek, ELAk eta CCOOk egina zuten deialdia, eta, horien arabera, «erantzun zabala» izan du, %70etik gorakoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere kalkulatu du parte hartzea, eta nabarmen baxuagoa izan dela ziurtatu du: haren esanetan, eskola guztietako datuak kontuan hartuta, langileen %33,5ek egin dute bat grebarekin; sukaldeetan %48k eta garbiketan %19k.

Sindikatuak baina, pozik agertu dira. Haien hitzetan, gutxieneko zerbitzuak kenduta, langile guztiek egin dute greba zenbait eskolatan: Gipuzkoan, Besainen, Hernanin, Zarautzen, Azkoitian, Lezon, Donostiako Ikasbiden eta Urretxun; Bizkaian, Balmasedako Mendian, Karrantzako Kontxan eta Alonsotegin; eta Araban, Dulantzin, Gaubean, Gamarran eta Gasteizko Mendikon. Alabaina, salatu dute Eusko Jaurlaritzak «gehiegizko zerbitzu minimoak» ezarri dituela, eta, horrela, greba eskubidea «baldintzatu» nahi izan duela.

Sukaldeetako eta garbiketako langileek gaur ez ezik bihar ere egingo dute greba. Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, Lakuan, egingo dute mobilizazioa, 11:30ean. Izan ere, uste dute badagoela protesten beharra, eta sindikatuek argi dituzte eskaerak: lan zamak arintzea, bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; langile taldeak gaztetzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; lanpostuak egonkortzea eta lanpostuak ez murrizteko neurriak hartzea; ordezkoen araudia negoziatzea eta adostea; lizentziak eta baimenak hobetzea; eta lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea. Izan ere, sindikatuen irudiko, bereziki lan baldintza eskasak dituzte garbitzaileek eta sukaldeetakoek: «Horiek dira Hezkuntza Saileko esparrurik feminizatuenak, eta sektore horietan dituzte lan baldintza prekarioenak eta pribatizazio prozesurik handienak».

Gaurkoa ez da izan sektoreak azkenaldiak egin duen greba bakarra: urtarrilaren 30ean eta 31n ere egin zituzten lanuzteak. Sindikatuen esanetan, greba horien ostean negoziazio mahaiak deitu ditu Hezkuntza Sailak, eta horietan, zenbait eduki mahai gainean jartzen hasi dira, «behartuta». Halere: «Urrun dago grebetako eskaerei erantzuten dieten proposamenak jorratzetik eta ekartzetik».

Greba gehiago

Garbiketako eta sukaldeetako langileen ostean, irakasleen txanda izango da: datorren asteazkenean eta ostegunean egingo dute greba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.