Sindikatuek Hezkuntza Sailari leporatu diote akordioa egiteko «benetako borondaterik» ez izatea

Salatu dute Jaurlaritzaren azken proposamenak ez duela berme nahikorik. «Itxurak egiten» ari dela diote. Gobernuaren ustez, sindikatuak «interes propioak» defendatzen ari dira, ez hezkuntza publikoa.

Otsailaren 25eko grebaren harira Bilbon egindako manifestazioan parte hartu zuten hiru irakasle. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Otsailaren 25eko grebaren harira Bilbon egindako manifestazioan parte hartu zuten hiru irakasle. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 25a
11:25
Entzun 00:00:0000:00:00

«Itxurakeria». «Zehaztasun falta». «Bermerik eza». Hitz horiek erabili dituzte sindikatuek atzo arratsaldean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenaren inguruan. Gaur goizaldera arte negoziatzen aritu ostean, sindikatuek erabaki dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen eta bigarren hezkuntzako grebei eustea. Hezkuntza Saila jo dute ados jarri ez izanaren erantzuletzat.

Aspaldi hasi zituzten lan baldintzen inguruko negoziazioak —urtarrilean eta otsailean ere beste lau greba egun izan zituzten—, eta, sindikatuek salatu dutenez, beste protesta ziklo bat hastekoa zuten egunaren bezperara arte itxaron du Jaurlaritzak proposamen bat egiteko. Irakasleen egungo lan hitzarmena 2010ekoa da, eta sindikatuek ikusten dute zer hobetua: besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta lanpostuak egonkortzea. Lan baldintzei dagozkienak ez ezik, beste eskaera batzuk ere egin dituzte hezkuntza publikoa indartzeko.

Steilasek, LABek eta ELAk salatu dute aurrerapauso nabarmenik ez dagoela atzo arratsaldean Hezkuntza Sailak egindako proposamenean, eskatzen duten horretatik urrun dagoela, eta, bereziki, zehaztapenak falta direla puntu askotan. Nabarmendu dute gobernuak ez duela inolako bermerik eman neurri horiek guztiak indarrean jartzeko, eta salatu dute negoziazioetan ez duela ados jartzeko «benetako jarrerarik» agertu.

Hala laburbildu du Steilaseko Haizea Arbidek, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. «Guk eraman genuen zirriborroaren gainean edukiak jarri zituzten, baina, handik ordu gutxira, atzera egin zuten, proposamen horiek idatziz jasotzeko, zehazteko eskatu genienean». X sare sozialean idatzitako mezu batean, «itxurakeriatan» ibiltzea leporatu dio sindikatuak Hezkuntza Sailari. «Badaki, argi eta garbi, zer eduki jarri behar dituen mahai gainean piztuta dagoen gatazka gelditzeko».

Ohar batean, gaineratu du Hezkuntza Sailak erabakiak «aldebakarrez» hartzen dituela eta negoziazioak etengabe luzatzen dituela, «eduki esanguratsurik» eskaini gabe. Nabarmendu du balizko akordio batek «edukia, zehaztapena eta konkrezioa» behar dituela.

Steilasek uste du orain arte gobernuak egin dituen urrats txikiak mobilizazioek behartuta egin dituela, eta hori dela  jarraitu beharreko bidea.

Antzera mintzatu da LAB, ohar batean. Salatu du Hezkuntza Sailak atzoko bilerara eramandako proposamena «azken orduan eta greba bertan behera uzteko intentzioz» egina zela. «Aurrez denbora sobera izan du bileretara deitu, eduki errealak mahai gainean jarri eta ados jartzeko, baina epeak eta orduak luzatzea erabaki du, eta jarrera hori desegokia da edozein negoziaziotan, eta, kasu honetan, errespetu gutxikoa hezkuntza komunitatearekiko». Sindikatuaren arabera, jarrera horren erakusgarri da azken proposamena atzo eguerdian helarazi izana sindikatuoi, «aurrez hura aztertzeko inolako aukerarik eman gabe».

Eduki jakinei erreparatuz, kritikatu du Jaurlaritzak bermerik jarri nahi ez izatea hezkidetza eta euskara koordinatzaileen figurak txertatzeko, eta nabarmendu du baliabide horiek oinarrizkoak direla «hezkuntza sistema publikoa hobetzeko eta ardatz izateko». Horrekin batera, gogoratu du atzoko bileran beste gai batzuk ere lotu gabe geratu zirela, nagusiki soldatarekin eta lan zamarekin loturikoak. LABen iritzian, negoziazioan adostutakoek eragin zuzena izan behar dute bai irakasleen lan baldintzetan eta baita hezkuntza sistemaren kalitatean ere.

ELArentzat ere, Jaurlaritzak atzo mahaiaren gainean jarritako proposamenak helburu bakarra zuen: greba bertan behera uztea. «Beste bost egunen atarian, beste ahalegin bat egin du greba dinamika zapuzteko». Edukiak «eskasak» eta «bermerik gabekoak» direla azpimarratu du. «Ikusarazi nahi du edukiak adostu daitezkeela grebarik egin gabe, baina hori ez da posible, Sailak berak azken urteetan erakutsi duen moduan». Ohartarazi du sindikatu batzuk joko horretan erortzekotan egon zirela.

Eskaintzei buruz, ELAk uste du Jaurlaritzak ez duela neurri zehatzik proposatu ikasgeletako ikasle ratioak hobetzeko eta irakasleek aurre egin behar dioten lan «burokratikoa» leuntzeko. Halaber, salatu du Hezkuntza Sailaren proposamena onartuz gero lanpostuak %1 baino gutxiago ugarituko liratekeela, eta gaineratu du datozen hiru urteetarako planteatutako %6ko soldata igoera «hipotetikoa» dela eta ez duela bermatzen epe horretan soldatak KPIaren pare igotzea.

Horrez gain, salatu du Hezkuntza Sailaren proposamenean ez dela barne hartzen aurreko urteetan erretiro sarietan eta Itzarri BGAEan ezarri ziren murrizketak berrezartzea, errelebo kontratuek «Madrildik erabakitzen dutenaren menpe» dirautela, eta «benetako behin-behinekotasun tasa» apaltzeko edukirik ez dagoela. Lan osasunari dagokionez, «neurri, epe eta konpromiso zehatzak» falta direla uste du ELAk.

CCOOrentzat, berriz, Hezkuntza Sailaren proposamenak agerian uzten du «jarrera pasiboa» duela eta «ikasgeletako errealitatetik urrun» dagoela. «Ez dio erantzuten hainbatetan planteatu dizkiogun edukien gutxienekoari ere», azpimarratu du ohar batean.

Adibide gisa aipatu du soldaten alorrean proposatu dituen igoerak beste funtzionario batzuei ezarritakoetatik «oso urrun» daudela, lan karga apaltzeko eskaintza «desio on» bat baino ez dela, eta lantaldeak gaztetzeko planteatutako hobekuntzak «eskasak» direla.

Helburu «politikoak»

Oso bestelakoa da Jaurlaritzaren iritzia, eta sindikatuei leporatu die akordiorik lortu ez izanaren erantzukizuna. Kritikatu duenez, sindikatuen eskaera bati erantzuten dion bakoitzean, «beti agertzen dira eskaera gehiago». «Badirudi sindikatuen helburua ez dela akordioa lortzea, baizik eta gatazka bizirik iraunaraztea».

Hezkuntza Sailaren arabera, egin duen proposamenak «argi eta garbi» erantzuten die sindikatuen eskari nagusiei, eta bederatzi puntutan laburbildu ditu. Batetik, irakaskuntza orduak gutxitzea proposatu du —21 ordu gutxiago datorren urtean—, behin-behinekotasun tasa %5era apaltzeko konpromisoa hartzea, datozen hiru urteetarako soldata igoera %6tik gorakoa izatea, eta aholkulari eta orientatzaile diren irakasleek osagarriak jasotzea.

Horietaz gain, beste neurri batzuk ere jasotzen ditu Jaurlaritzak mahai gainean jarritako eskaintzak. Besteak beste, baliabide gehiago jartzea, burokrazia gutxitzea, lan eskaintzetan euskarazko gaitegia izatea, guraso baimena bi astez luzatzea segidan hartuz gero, eta erretiroa hartu nahi duten irakasleei aukera ematea irakas-orduak metatzeko soldatak osorik jasotze aldera.

Horiek hala, Hezkuntza Sailak ohar batean adierazi du sindikatuen jarrerak «justifikaziorik ez» duela, «helburu politikoei» erantzuten diela, eta «hezkuntza sistema publikoari kalte» egiten diola. «Frogatuta gelditu da greba deialdi honek ez duela zerikusirik hezkuntza sistema hobetzearekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen ditu, eta ez da lagungarria ikasleek kalitatezko hezkuntza izateko, ezta zerbitzu publikoek egoki funtzionatzeko ere». Hezkuntza Sailak azpimarratu duenez, «ikasleek eta familiek pairatzen dituzte gatazka artifizial honen ondorioak».

Nolanahi ere, ziurtatu du «negoziatzeko eta akordioak egiteko atea irekita» daukala, eta «zorroztasunez, elkarrizketarako borondatearekin eta sen instituzionalarekin lanean» jarraituko duela.

Lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleen auzia da oraintxe Hezkuntza Sailari konpontzeko geratzen zaion korapilo bakarra; izan ere, grebak tarteko, bi lan hitzarmen adostea erdietsi dute azkenaldian: Haurreskolak partzuergokoa eta garbiketako eta sukaldeetako langileena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.