Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleek, berriz ere, ikasgelak hustu eta kaleak bete dituzte; gaur izan dute urteko hirugarren greba eguna, eta, Steilas, LAB, ELA eta CCOOren arabera, «oihartzun zabala» izan du. Hain zuzen, 27.000 irakasle zeuden grebara deituta, eta, sindikatuek emandako datuen argitara, lautik hiruk babestu dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, aldiz, ziurtatu du babesa apalagoa izan dela: ikastetxeen %92ren datuak eskuan, irakasleen %48k egin dute bat lanuztearekin.
Irakasleek mobilizazioak ere egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! leloaren bueltan, eta Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk ziurtatu dute «milaka eta milaka» langilek babestu dituztela: «Salatu dute, Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki garrantzizkorik gabe etengabe luzatzen dituztelako».
Sindikatuek azaldu dutenez, azkenaldian bildu dira Hezkuntza Sailarekin: «Urtarrileko grebek eta mobilizazioek bi mahai antolatzera eta pauso bakan batzuk ematera behartu dute Jaurlaritza». Hain zuzen, sindikatuen esanetan, astelehenean bertan bilera batera deitu zituzten, baina aldez aurretik ez zieten «inolako proposamenik» bidali; atzo ere, «azken uneko bilera batera» deitu zituzten. Ordea, itxurakeriatan ibiltzea egotzi diote sailari: «Helarazi zizkiguten edukiak ez ditugu nahikotzat jotzen. Beraz, Hezkuntza Sailaren asmoa negoziazioak irudikatzea izan zen beste behin ere». Areago, salatu dute «bereziki larria» dela beste sindikatu batzuekin negoziatu nahi izatea: «Prest agertu dira gutxiengoan akordioa sinatzeko, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile eskatzen ari diren edukiak kontuan hartu gabe, eta langileen %90 ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra».
Bestela mintzatu da Jaurlaritza: «Hezkuntza Sailak, gaur egun, akordioa lortzeko borondateari eusten dio». Horren seinaletzat dauzka egunotako bilerak: «Irakasleen lan baldintzen hobekuntzak berriz planteatu dira aste honetan bertan, sindikatuek egindako eskakizunak entzun ondoren». Ildo horretatik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Blanca Guerrerok ziurtatu du sailak negoziatzeko «borondate zintzoa» duela eta ados jar daitezkeela, «sistema hobetzeko eta emaitza onak bermatzeko helburu komunari eutsiz gero». Beraiek horretan ari direla esan du: «Egoerak eskatzen duen seriotasunarekin eta zorroztasunarekin ari gara lanean, kontuan hartuta profesionalen lan baldintzez ez ezik euskal hezkuntza sistemaren hobekuntzaz ere ari garela, baita ikasleei ikasteko eta garapen akademikorako baldintzarik onenak eskaintzeaz ere».
Mahai gainean jarritako «proposamen berriak» aletu ditu Hezkuntza Sailak. Haien esanetan, proposatu dute ordainsaria igotzea tutoretza, ziklo koordinazio eta departamentu buruzagitza eginkizunak dituzten irakasleei, baita berrikuntzaz, aholkularitzaz eta orientazioaz arduratzen diren langileei ere. Halaber, lan kargak murriztu asmo dituzte, eta, horretarako, zera proposatu dute: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako langileen eskola orduak 21era jaistea. Horietaz gainera, badituzte beste neurri batzuk: behin-behinekotasuna %5era jaisteko lan eskaintza publikoak egitea, behin-behineko langileek funtzionarioen baldintza berak edukitzea...
Protestan jarraitzera
Sindikatuek beren mezu eta eskari nagusiak lau haizeetara zabaltzeko probestu dute greba. Besteak beste, salatu dute hamabost urte daramatzatela lan hitzarmena eguneratu gabe; garaia dela lan zamak arintzeko, lanpostu publikoak egonkortzeko eta bermatzeko, erosahalmena berreskuratzeko eta lan osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak hartzeko. Honetaz ohartarazi dute: «Badugu indarra grebak egiten jarraitzeko, aldarrikapen hauei erantzuten ez bazaie». Bihar izango dute hurrengoa; manifestazioa Gasteizen egingo dute, 11:30ean, Europa jauregitik aterata.
Hezkuntza Sailari ere mintzatu zaizkio. Eskatu diote azken momentuan «eduki nahikorik gabeko» mahaiak antolatzeari lagatzeko, «grebak desaktibatzeko gutunak eta estrategiak» alboratzeko eta beraien eskaerei erantzuten dieten proposamenak egiteko. «Hezkuntza publikoa indartzeko, ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta baliabidez hornitzea».