Sindikatuek Haurreskolak partzuergoko grebaren «erantzun zabala» goraipatu dute: «%85etik gorakoa izan da»

Jaurlaritzaren arabera, parte hartzea nabarmen apalagoa izan da: %49,6koa. 1.500 langile daude grebara deituta, lan hitzarmena berritzeko helburuarekin.

Haurreskolak partzuergoko langileen protesta, gaur, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
Haurreskolak partzuergoko langileen protesta, gaur, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 28a
13:13
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikorako deitutako grebek aurrera jarraitzen dute; gaur, Haurreskolak partzuergoko langileen txanda izan da, eta 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile deitu dituzte lanuztera. LAB, Steilas eta ELA sindikatuen esanetan, «erantzun zabala» izan du, «%85etik gorakoa». Horren erakusgarri, ehunka langile batu dira Eibarren (Gipuzkoa) Haurreskolak partzuergoan lan baldintzak hobetu leloaren bueltan egin duten manifestaziora. Alabaina, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esanetan, jarraipena nabarmen apalagoa izan da: %49,55ekoa. Gaur ez ezik, bihar ere greba dute: Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte protestak, 11:30ean hasita.

Deialdiaren balorazioa egitearekin batera, sindikatuek salatu dute zenbait langile greba egin ezinda geratu direla: «Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla eta, hamarnaka langileri greba eskubidea urratu zaie, batez ere haur eskola txikietako haur hezitzaileei, eta, ondorioz, greba bera baldintzatuta geratu da». Halaber, Hezkuntza Sailaren jarrera ere beren-beregi kritikatu dute: «Hezkuntza Saila greba zikloa bertan behera uzten saiatu zen atzo arratsaldean; orain arte mahai gainean egon diren edukiak txertatuta zeuzkan aurreakordio proposamena ekarri zuen bat-batean deitu zuen negoziazio mahai batera». Eta zera gehitu dute, Hezkuntza Sail berritua izanagatik ez dutela aldaketarik sumatzen: «Azken urteetako jokamolde berbera dute: Haurreskolak partzuergoko langileon lan baldintzak arautzen dituen 2009ko lan hitzarmena berritzeko eduki nahikorik gabeko mahaietara deitzen dute, eta etengabe luzatzen dituzte».

Horren harira, argi azaldu dute zer eskaera dituzten: besteak beste, lan zamak aritzea, langile taldea gaztetzeko planak negoziatzea eta adostea, erosahalmena berreskuratzea, lanpostuak egonkortzea eta bermatzea, ordezkoen lan baldintzak eta langile guztien lizentziak eta baimenak hobetzea, eta lan osasuneko, berdintasuneko eta euskara arloko planak garatzea.

Elkarlanerako deia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Blanca Guerrerok ere izan ditu hizpide sindikatuekin dituzten harremanak. Haren esanetan, atzoko akordio proposamena «osoa» da, eta «neurri zehatzak» biltzen ditu: «Proposamen horrek funtseko alderdiak jorratzen ditu, hala nola soldatak, lanaldia, formakuntza, lizentziak eta baimenak, eta profesional horien lana aitortzen duten beste zenbait neurri». Hori horrela, nabarmendu du «entzutea eta elkarrizketan aritzea» dela irtenbide «bidezkoak eta jasangarriak» erdiesteko «tresnarik indartsuena»: «Horregatik, berriro ere, sindikatuei dei egiten diegu ahalegin horrekin bat egin dezaten modu eraikitzailean». Saila prest dagoela dio: «Badakigu urrats bakoitzaren atzean pertsonak daudela, ahaleginak eta premiak, eta, horregatik, lanean dihardugu guztiontzako hobekuntzak ekarriko dituen akordio bat lortzeko».

«Haur eskolak sistema publikoko funtsezko pieza bihurtzeko konpromisoa hartu dugu, betetzen duten egitekoa ezinbestekoa baita, bai familientzat, baita euskal gizarte osoarentzat ere»

BLANCA GUERREROJaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea

Izan ere, Hezkuntza Sailaren esanetan, ados jartzea ezinbestekoa izango da langileen lan baldintzak hobetzeko ez ezik zerbitzuaren beraren kalitatea hobetzeko ere: «Konbentzituta gaude akordio bat lor dezakegula, langileen lan baldintzei heltzeko ez ezik zerbitzu publikoaren kalitatea indartzeko ere. Izan ere, familiek konfiantza dute zerbitzu honetan seme-alabak zaintzeko eta hezteko, eta konfiantza horri erantzun behar diogu, denon artean». Guerreroren esanetan, horixe du xede Hezkuntza Sailak ere: «Haur eskolak sistema publikoko funtsezko pieza bihurtzeko konpromisoa hartu dugu, betetzen duten egitekoa ezinbestekoa baita, bai familientzat, baita euskal gizarte osoarentzat ere».

Haurreskolak partzuergokoak ez dira izango aste honetako greba bakarrak hezkuntza publikoan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sukaldeetako eta garbiketako langileak greban egongo dira ostegunean eta ostiralean; Nafarroan, sare publikoko irakasleek lanuzteak egingo dituzte ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.