Sindikatuek bi norabidetan ikusten dizkiote abantailak Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin atzo izenpetutako akordioari. Batetik, irakasleen lan baldintzak hobetuko dituztelakoan daude, eta, bestetik, ratioak jaistea positiboa iruditzen zaie. Steilasek eta LABek akordioaren urratsak nabarmendu dituzte, baina bakoitzak bere ñabardurak ere baditu.
Hezkuntza publikoan nagusi den Steilas sindikatuak «sinadura kritikoa» egin duela nabarmendu du bertako kide Nagore Iturriozek. Aurrerabideak nabari ditu hezkuntza publikorako: «Akordioan gaude hobekuntzak izan badituelako euskal eskola publikorako, eta ikastetxeetan onura horiek bermatzea gure ardura delako nolabait». Sindikatuak «luze» borrokatutakoak dokumentuan isla duela dio, besteak beste ratioak jaistea hitzeman dutelako, baita «lanpostu asko» egiturazko bihurtuko dituztelako ere: «Nolabait, lanpostu asko blindatu egiten dira».
Dena den, dena ez da positiboa, Iturriozen irudiko. Akordioak atzean duena bistara atera du: «Erabaki hau hartzen dugu oso modu kritikoan, ze nolabait bada erabaki bat Hezkuntza Sailaren hezkuntza politika pribatizatzailea lausotzeko». Datorrenaz ohartarazi du, hezkuntza legeari eta eskola planifikazio dekretuaren zirriborroari erreferentzia eginez: «Ikus dezakegun bezala, ikastetxe publikoetan galera handia etorriko zaigu, eta horrek lanpostuen galera ere ekarriko du».
Positiboago mintzo da LABeko hezkuntza arduradun Irati Tobar: «Sindikatuak oso ondo baloratzen du gaurko [atzoko] akordioa». Egonkortasuna nabarmendu du: «Ikastetxeek funtzionatzeko aitortuta ez dauden lanpostu asko egiturazko bihurtzen dira. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Lanpostuak mantendu eta sortu egiten dira». Bat aipatu du guztien gainetik:«LABen aldarrikapen nagusia izan den figura bat onartua izan da, eta guretzat hori ere oso garrantzitsua da: eraldaketa pedagogikorako, berrikuntza pedagogikorako irakasleak egongo dira ikastetxe guztietan, etapa guztietan». Horrekin batera, gainera, ratioak jaitsita, lan zamak arinduko direla begitantzen zaio. Laburbilduz: «Argi dago lan baldintzak hobetzen dituzten akordioek eta ikasleen irakaskuntzan ere kalitatea hobetzen dutenek sistema hobetzen dutela».
ELArentzat, «zuriketa»
ELAk akordioarekin bat ez egitea erabaki du, eta hainbat argudioren bidez arrazoitu du erabakia. Hauxe nagusia: «Akordioak helburu nagusi bat du: Hezkuntza Sailak 13.000 behin-behineko irakasleren lanpostuak kontsolidatzeko asmorik eza ezkutatzea eta fokua gai horretatik desbideratzea». Gainera, «harriduraz» hartu du gainerako sindikatuek «zuriketa ariketa horretan» parte hartu izana.
Arrazoi xeheagoetara jota, sindikatuaren irudiko, dokumentuak ez du zehazten akordioaren edukiek benetan zein eragin izango duten eskoletan. Ratioei ere erreparatu diete: nabarmendu dute HH Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bere horretan eutsiko dietela ratioei, eta gainerako mailetan jaitsiera «oso txikiak» direla. Hori ikusita, sindikatuak esan du behin-behineko 13.000 irakasleak egonkortzearen alde egiten jarraituko duela, eta datorren astelehenerako mobilizazioetara deituko dute, Donostiako eta Bilboko hezkuntza ordezkaritzen atarian, 17:30ean hasita.
Akordioa hezkuntzan
Sindikatuek goraipatu egin dute itunak egonkortasuna sustatzea eta ratioak jaistea
Steilasek «modu kritikoan» sinatu du, «politika pribatizatzaileak lausotzen» dituelakoan. LABek «oso ondo» baloratu du akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu