Nafarroako Gobernuaren asmoa da euskara eskakizuna administrazio publikoko beste 246 postutara zabaltzea. Hala proposatu zuen abenduan, eta gaur, sindikatuen ezezkoa jaso arren, aurrera egingo du planarekin. Gaur egun 511 postutako baldintza da euskararen C1 maila egiaztatzea, eta departamentuetako euskara planak onartu ostean dator Nafarroako Gobernuaren proposamena. Prozesua bukatzean, 757 postu izango dira elebidunak; guztien %4,7.
Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean eztabaidatu dute gaur gobernuaren proposamena, eta denetariko arrazoiengatik bozkatu dute sindikatuek haren aurka. LAB sindikatuaren ustez, «apurrak banatzea» da plana, eta horregatik eman dio ezezkoa: «Ez du bermatzen, inondik inora, Nafarroako edozein herritan arreta euskaraz eskaini ahal izatea, ezta eremu euskaldunean ere».
Afapna eta UGT sindikatuek, berriz, euskara maila jakin bat eskatze hutsagatik egin dute proposamenaren kontra.
Bestalde, langile publikoen «boluntariotasuna» lehenetsiko du Nafarroako Gobernuak: hortaz, euskara eskakizuna ezarriko balitzaio gaur egun erdaldun batek betetzen duen postu bati, administrazioak ezingo luke langile hori lekualdatzera behartu, eta soil-soilik postua hutsik geratzean ezarriko litzateke hizkuntza eskakizuna. Ez lehenago.