Sindikatuek ez dute ontzat eman Gimenoren proposamena, eta hilaren 29ko greba mantendu dute

Sindikatuen arabera, kontseilariaren eskaintzak «ez du egoera hobetuko», eta finantzaketa eskatu dute. Negoziatzen jarraitzeko prest azaldu dira.

Nafarroako hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatuak, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatuak, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko urriaren 17a
14:00
Entzun

Iragan astelehenean bildu ziren Nafarroako hezkuntza arloko sindikatuak Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariarekin, datorren urriaren 29ko greba deialdiaren harira irtenbide bat bilatze aldera. Gimenok proposamen bat egin zien, eta sindikatuek begi onez hartu zuten negoziazioak abiatu izana, baina mahai gainean jarritakoa ez zaie aski iruditu: «Egindako proposamenak ez du egoera batere hobetzen». Beraz, sindikatuek gaur goizean erantzun diote kontseilariari, eta beste proposamen bat eskaini. Besteak beste, arazoei aurre egiteko finantzaketa gehiago eskatu dute, eta 29ko greba deialdia bere horretan mantenduko dutela adierazi.

Irakaskuntza publikoan ordezkaritza duten zazpi sindikatuak bildu dira gaur goizean Nafarroako Lan Auzitegiaren egoitzan, eta ELA sindikatuko Mikel Larrazak eta UGTko Beatriz Martinezek hartu dute hitza, denen izenean. «Gimeno jauna birritan eseri da gurekin hitz egitera, eta orain arte egin ez dituen proposamenak egin zizkigun astelehenean; ziur gaude irakasleek egin duten presioaren eta greba deialdiaren eraginez gertatu dela hori».

Halaber, salatu dute Gimenok astelehenean proposaturiko neurriak jada abian direla, eta, beraz, inolako aurrerapenik ekarriko ez dutela. Ratioei dagokienez, proposaturiko jaitsiera ez da nahikoa izan sindikatuendako, eta salatu dute murrizketa hori etapa bakarrean eginen dela: «Soilik haur hezkuntzarako planteatu du ratioen murrizketa, eta gainerako etapak kanpoan utzi ditu». Sindikatuek, beraz, irakaskuntza publikoko arlo guztietan ratioak linealki eta progresiboki jaisteko eskatu dute, eta jaitsiera horiek etapa bakoitzeko lehenengo urtean hastea proposatu, datorren ikasturtean hasita. Halaber, azpimarratu dute baztertu egingo dutela «irakasleen eskubideetan atzera egitea» dakarren edozein proposamen.

Lan karga burokratikoa murrizteko neurri batzuk ere proposatu zuen Gimenok astelehenean, baina hori ere motz geratzen da, sindikatuen irudiko: «Lan karga burokratikoa murriztuko da soilik, eta ez du kontuan hartuko irakasleen gainerako lana». Hori dela eta, burokrazia ez ezik, lan gainkarga orokorra ere murrizteko eskatu dute sindikatuek, eta hori egiteko epea jarri: «Datorren urteko irailaren lehenerako lan karga murrizteko neurri eraginkorrak martxan jar ditzala eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari».

Baina, bereziki, egonkortasuna eta finantzaketa exijitu diote Gimenori. «Ez dago lantaldea egonkortzeko proposamenik, ezta erosahalmena berreskuratzekorik ere; hori konpontzeko neurriak behar ditugu». Bestalde, Hezkuntza Departamentuak lanaldien murrizketa eskaini izana gezurtatu dute sindikatuek, eta adierazi dute haiek ez dutela halakorik eskatu: «Eskatzen duguna da lanaldi murriztua duten 55 urtetik gorako irakasleei lan karga gehiagorik ez jartzea; irakasle zaurgarrienen aurkako erasoa da hori».

Halere, ordezkari sindikalek eskua luzatu diote Carlos Gimeno kontseilariari, eta elkarlanean segitzeko prest daudela adierazi. Datorren asteartean izanen dute bilera bi aldeek berriro ere; sindikatuek gaur goizean bidali dute proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.