Sindikatuek euskal preso, iheslari eta deportatuen «etxeratzea» eskatu dute

ELA, LAB, ESK, Steilas, LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek esan dute «bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean Sare Herritarraren ondoan» jarraituko dutela.

Sindikatuen mobilizazioa, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Sindikatuen mobilizazioa, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2024ko ekainaren 27a
12:30
Entzun

ELA, LAB, ESK, Steilas, LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak «beste behin kalera atera» dira gaur, Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, euskal preso, iheslari eta deportatuen «etxeratzea» eskatzeko. Sare Herritarrak ekainaren 15ean bete zuen hamargarren urteurrena, eta, urteotan egin duen ibilbidea zoriontzeaz gain, sindikatuek argi utzi dute «bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean Sare Herritarraren ondoan» jarraituko dutela hemendik aurrera ere.

«Handiak» dira azken hamar urteetan «denon artean egindako lorpenak», gaur goizean elkarretaratzeak egin dituzten sindikatuen ordezkarien esanetan. Halere, zehaztu dute oraindik «langileek ere» badutela zereginik «euskal gizarteak jomuga duen elkarbizitzaren bidean». Hala, konpromisoa adierazi dute «konponbideari ekarpenak egiteko, lantokietan hasi eta euskal herrian barna gizarteak duen nahia betetzeko».

Sindikatuek konpromisoa adierazi dute «konponbideari ekarpenak egiteko, lantokietan hasi eta euskal herrian barna gizarteak duen nahia betetzeko»

Aurtengo udan eta aurrerantzean Sare Herritarrak deituko dituen mobilizazio eta ekinbideetan parte hartzeko deia egin diote sindikatuek «euskal herriko langileria zabalari»; haren esanetan, «denon artean lortuko baitugu konponbide prozesua itxi eta elkarbizitzari ateak irekitzea».

Euskal gizarteak erabaki

Sare Herritarraren bozeramaile Joseba Azkarragak eta Bego Atxak aurreko igandean Sareren hamargarren urteurreneko ekitaldian gogoratu zutenez, hamar urte asko dira «bizitza baldintzatzen dieten arazoak konpondu zain daudenentzat». Dagokien balioa eman zieten azken hamarkadako aurrerapenei, eta, batez ere, urruntze eta sakabanaketa politikaren amaierari: «Bukaerako puntua jarri diegu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketei». 

Urruntze politika atzean utzita, «etapa bat» amaitu zela uste du Sarek, eta orain beste bat dela martxan: «Motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude horiei aurre egiteko». Azkarragak esan zuen «euskal gizarteak erabaki» behar duela, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, «euskal presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera». Nabarmendu zuen «letra larriz idatzitako politika» egiteko ordua dela, eta epaileei adierazi behar zaiela «giza eskubideak bermatzea» dela haien eginkizuna, eta ez horiek «urratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.