Hezkuntza

Sindikatuek eta Jaurlaritzak adostu dute egiturazkoak ez diren hezkuntzako lanpostuak halakotzat jotzea

Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu du Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin, «euskal hezkuntza sare publikoaren antolakuntza modernizatzeko eta ardatz estrategikoak indartzeko». Ingelesezko eta gorputz hezkuntzako irakasle lanpostuak gehituko dituzte, baliabideak ugarituko, eta ratioak jaitsiko.

Ikasgela bat, 2017an, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 26a
13:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa egin du gaur goizean irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkariekin: hots, Steilas, LAB, CCOO eta UGTrekin. Besteak beste adostu dute egiturazkoak ez diren lanpostuak halakotzat joko dituztela. Horrez gain, beste hainbat neurri biltzen ditu akordioak: hezkuntzako zenbait etapatan ratioak jaistea, ingelesa 3 urtetik aurrera irakasten hastea, ingeleseko eta gorputz hezkuntzako irakasle lanpostuak gehitzea, hezkuntza premia bereziei loturiko baliabideak ugaritzea eta zuzendaritza eginkizunetara bideratutako baliabide gehiago jartzea. Proiektuak garatzeko baliabideak ere handituko dituzte: hala nola berrikuntza, hizkuntza eta pedagogia proiektuetarako. Bigarren Hezkuntzan hogei ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza jarriko diete, eta irakaskuntza lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortuko dituzte: administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi duenez, «euskal hezkuntza sare publikoaren antolakuntza modernizatzeko eta ardatz estrategikoak indartzeko» izanen da lorturiko akordioa: «Ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu».

Ikasgeletako gehienezko ratioei buruzko aldaketa atzo Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroan aurreratutakoa da, gutxi-asko. Ikastetxe publikoetan, LHn gehienez 25 ume egon daitezke ikasgelako, baina, aurrerantzean, ikasgela bakoitzean ezingo dituzte 23 ume baino gehiago eduki. Batxilergoan, berriz, orain arte baimenduta zegoen ikastetxe publikoetan 30 ikasle sartzea gelako, baina 27an jarri asmo dute muga orain. DBHko ratioak mantendu egingo dituzte: 25 ikaslekoak izango dira. Baina, atzo iragarritakoaren kontrara, txikitu egingo dituzte HHko bigarren ziklokoak: 23tik hogeira. Ratio jaitsierak «arian-arian» aplikatuko dituzte: batzuk 2023-2024ko ikasturtean, eta bertzeak 2024-2025ekoan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek agerraldia egin du akordioa publiko egin berritan. Gaurkoa hezkuntzarentzat «egun ona» dela nabarmendu du, hilabete askotako lanak fruitua eman duelakoan: «Ordezkaritza sindikalaren %80rekin baino gehiagorekin ados jarri gara, eta hori ezinbestekoa eta oso inportantea da hezkuntza mundurako». Bildarratzen irudiko, hezkuntzarako mesedegarria izango da ituna: «Hezkuntzak lasaitasuna behar du, eta akordio honek lasaitasuna emango dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.