Sindikatuek esan dute sare publikoko irakasleen %75ek greba egin dutela

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, apalagoa da grebalarien ehunekoa: %48 izan dira. Langileen ordezkariek salatu dute ezarri dizkieten gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla.

Hezkuntza publikoko irakasleen protesta, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hezkuntza publikoko irakasleen protesta, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo
2025eko urtarrilaren 22a
12:20
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek kaleak hartu dituzte gaur. Greba eguna izan dute, eta, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek plazaratu duten oharraren arabera, irakasleen %75ek baino gehiagok bat egin dute lanuztearekin. «Hezkuntza Sailak greba desitxuratzeko saiakera egin badu ere, sindikatuok batutako datuen arabera, grebak erantzun handia izan du», esan dute. 30.000 langile inguru deitu dituzte grebara.

Bilbon manifestazioa egin dute Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean, eta milaka langilek parte hartu dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren atarian bildu dira grebalariak. Manifestazioa hasi aurretik, sindikatuetako ordezkariek adierazi dute «pozik» daudela greban izandako parte hartze zabalarekin. «Oraingo honetan ere, ikastetxeak hustu egin ditugu, eta kaleak betetzen ari gara», esan du Haizea Arbide Steilaseko ordezkariak. Halere, ezarri dizkieten gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla salatu du LABeko Aritz Villarrek: «Milaka langileri greba eskubidea ukatu diete, eta, ondorioz, greba baldintzatua egon da».

Mobilizazioaren zergatia gogora ekarri nahi izan dute sindikatuek, alegia, Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartzen eskola publikoaren beharrak. Erabakiak «alde bakarrez» hartzea egotzi dio Villarrek administrazioari, eta «benetako negoziaziorik» ez abiatu izana: «Hezkuntza Sailak orain arte irudikatu du mahaiak egon direla, baina sindikatuok adostu ditugun eskaera horiei ez die heldu». Horiek horrela, Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak Hezkuntza Sailari galdegin dio eskaera horiek mahai gainean jartzea, eta «edukirik gabeko bilerak» alboratzea. Azaldu duenez, irakasleek argi utzi dute ez daudela ados «Hezkuntza Sailak adierazitakoarekin eta islatu nahi izan duen errealitatearekin».

Hezkuntza publikoko irakasleen protesta, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hezkuntza publikoko irakasleen protesta, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Lanuzteak izandako oihartzuna kontuan hartzea eta «irakasleek esateko duten hori» entzutea exijitu dio Arbidek Jaurlaritzari. Zehaztu du langileen lan zama asko areagotu dela, lizentzia eta baimen urraketak egon direla, eta azken hamar urteetan erosahalmena galdu dutela. Izan ere, irakasleen lan hitzarmena berritu gabe dago 2010etik. «Dirurik ez dutela esan eta dirua arlo pribatura bideratzen duten bitartean, ikusi beharko dute zein neurri hartu», adierazi du.

Villarrek uste du «hezkuntza kalitatea hobetzeko» ezinbestekoa dela langileen lan baldintzak hobetzea, eta hezkuntza publikoan «urgentziazko inbertsio» bat egitea ere exijitu du. CCOOko Sonia Aldabek argi utzi du borrokan jarraituko dutela konponbiderik bilatu ezean: «Benetako negoziazioak izan arte, hemen egongo gara, eta borrokan jarraituko dugu».

Adierazi dute grebaren oihartzun handiaren ondorioz irakas-jarduera ia erabat eten dela zenbait ikastetxetan. Gasteizen, grebak ikastetxe hauetan izan du erantzunik handiena: Toki Eder, Salburua, Lopez de Gereñu eta Zabalganan. Donostian, berriz, Amara Berri eskolako Urbietako eraikinean, Amassorrain ikastetxean eta Intxaurrondon. Bilbon, Atxuri eskolan eta Txurdinagan. Bestalde, nabarmendu dute grebaren erantzuna «eredugarria» izan dela herri askotan ere.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, greban izandako parte hartzea hizpide hartuta, datu apalagoa eman du gaur arratsaldean: «Ikastetxe publikoetako zuzendaritzek emaniko datuen arabera, eta ikastetxe guztien %98ren gaineko informazioa jasoa izanik, ikastetxe horietako irakasleen %45ek bat egin dute grebarekin». Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Herri Irratian emandako elkarrizketan, adierazi du «harrituta» daudela greba deialdiarekin, «negoziazio mahaia martxan baitago».

Halaber, hitz egiteko prest daudela adierazi du Pedrosak. «2010eko hitzarmenaren ondoren, hainbat akordio lortu dira», zehaztu du, eta gogora ekarri duela bi urte «bereziki ikastetxe publikoentzat garrantzitsua» izan zen akordioa. «Ratioak jaitsi egin ziren hezkuntzako etapa guztietan, eta ikastetxe publiko guztietan figura berriak ezarri ziren». Horiek horrela, Hezkuntza sailburuak zera ziurtatu du: «Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoaren aldeko apustu garbia egiten du».

«Jokabide berbera»

Irakasleek gaur argi utzi dute zer eskaera dituzten. Izan ere, Bilbon, oihu artean zeharkatu dute Kale Nagusia. Hauek izan dira haien aldarriak, besteak beste: «Erretiroa aurreratu», «Eusko Jaurlaritza, negoziatu», «Hezkuntza publikoa defendatu», «Lanpostuak egonkortu», eta «Erosahalmena berreskuratu». Lau sindikatuetako banderekin jantzi dute manifestazioa. Langile batzuek karteletan idatzi dituzte beren eskaerak; besteak beste: «Lan zama arindu» eta «Hezkuntza erdigunera».

Arriaga plazan amaitu dute protesta. Han irakurritako adierazpenean, sindikatuetako ordezkariek zera azpimarratu dute: «Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean. Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartu ditu eta».

Hamabost urtez berritu gabe egon den lan hitzarmena «hemen eta orain» negoziatu behar dela nabarmendu dute, eta hezkuntza publikorako diru inbertsioa handitzeko eta langileen eskubide urraketa gelditzeko garaia dela. Eskaera ugari jarri dituzte mahai gainean. Besteak beste, burokrazia eta lan zama arintzeko premia azpimarratu dute, eta neurri zehatzak hartzeko eskatu. «Hezkuntzako etapa guztietan» irakas-orduak murrizteko ere eskatu dute, eta ikastetxeak baliabidez hornitzeko: «Hezkuntza premia berezietarako baliabideak, psikologoak, Lanbide Heziketako ikasleen praktikak kudeatzeko baliabideak...».

Gazteberritze plana ere izan dute hizpide: Hezkuntza Sailari galdegin diote erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartzea. Horrez gain, ezinbestekotzat jo dute galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, eta ordezkoen lan baldintzak hobetzea. Azken horien araudia negoziatzea eta berriztea ere nahi dute.

Azken urteotan «alde bakarrez ezarritako murrizketak» bertan behera utz ditzala eskatu diote irakasleek Hezkuntza Sailari, eta lan osasuneko, berdintasuneko eta euskara arloko planak garatzeko. «Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten politikak ezarri behar dira, ikasle eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko», esan dutenez. Mediku azterketak izateko eskubidea eskatu dute, hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak, eta, zaintzaren ikuspegitik, lana eta bizitza «benetan» uztartzeko neurriak. Grebalariek txalo zaparrada batekin eta zarata eginez erantzun diete aldarrikapen eta eskaera guztiei.

Arriaga plazan amaitu dute protesta irakasleek. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Arriaga plazan amaitu dute protesta irakasleek. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ikasleen beharrei egoki erantzuteko, ezinbestekoa da lan baldintza egokiak izatea, sindikatuek adierazi dutenez. Hori dela eta, borrokan jarraituko dute: «Badakigulako borrokatzen ez bada eskubideak ez direla lortzen». Izan ere, bihar ere grebara deituta daude irakasleak, eta manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 11:30ean. Bilboko manifestazioa Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik abiatuko da, berriro ere; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Bilbo plazatik.

Hamabi eguneko greba ziklo bati eman diote hasiera hezkuntza publikoan. Irakasleek otsailaren 27an eta 28an izango dituzte hurrengo greba egunak, hirugarrena eta laugarrena. Horrez gain, Haurreskolak partzuergoko langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dituzte lanuzteak; eta sukaldeetakoek eta garbiketakoek urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an. Sektore bakoitzak bere beharrak eta eskakizunak dituen arren, beharginek badituzte hezkuntza publiko osorako eskaera batzuk; besteak beste, langileen lan zamak arintzea, langile taldea gaztetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta lanpostuak egonkortzea. Are, hezkuntza publikoa erdigunean jartzea exijituko dute greba egun guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.