Sindikatuek erretiratzeko eskatu diete Devezeri eta Lassalleri

Eskuin muturreko hautagaien kontra fronte bateratua osatzera deitu dituzte bi diputatugaiak.

Ipar Euskal Herriko hautagai macronisten aurkezpena, Baionan, duela bi aste. GUILLAUME FAUVEAU
Ipar Euskal Herriko hautagai macronisten aurkezpena, Baionan, duela bi aste. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 2a
12:13
Entzun

FSU-SNUIPP, CGT, CFDT eta UNSA sindikatuek gutun irekia bidali diete Christian Deveze eta Jean Lassalle diputatugaiei, hautagaitza erretira dezaten Frantziako Asanblearako hauteskundeetako bigarren itzulirako lehian. Igandeko lehen itzulian, NFP Fronte Popularra nagusitu zen Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. Bosgarrenean, Florence Lasserre orain arteko diputatuak (Ensemble) hautagaitza erretiratzea erabaki du, eta Colette Capdevielle PSko kide eta NFPko hautagaia edo eskuin muturra hautatu beharko dute hautesleek. Seigarrenean eta laugarrenean, hiru hautagaiko bozketak izanen dira. 

Seigarrenean, Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaia, Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez eta Ensembleko hautagaia eta Victor Lastequere RN Batasun Nazionaleko hautagaia izanen dira bigarren itzulian. Laugarrenean, Iñaki Etxaniz PSko kide eta NFPko hautagaia —hura izan da orain arteko diputatua—, Jean Lassalle Eutsi alderdiko hautagaia eta Sylviane Lopez RNkoa lehiatuko dira. Bigarren itzulirako hautagaitza aurkezteari uko egiteko eta eskuin muturraren kontrako fronte bateratu bat osatzeko eskatu diete sindikatuek Deveze eta Lassalleri. 

«Lortu dituzuen emaitzek aukera ematen dizuete bigarren itzulira aurkezteko, baina hiru hautagaiko bozketa horiek arriskua eraginen lukete eskuin muturrak irabazteko. Hori, Batasuna Nazionalak Frantziako Asanblean gehiengo absolutua eskuratzeko aukerak dituelarik», adierazi dute sindikatuek. Lasserrek ildo horretatik hartu duen erabaki «arduratsua» txalotu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.