Sindikatuek bertan behera utzi dute ostiralean hezkuntzan egin behar zuten greba. Asmoa zen mobilizazioak egitea hezkuntza sistema osoan, publikoan zein itunpekoan, Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan ere bai. Erabakiak lotura zuzena du joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EB-IUk hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak hitzartu izanarekin; izan ere, haiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea.
Greba ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek antolatu zuten, ez zeudelako ados Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zuten hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Martxoaren 15ean esan zutenez, ez zuten bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere, pentsatzen baitzuten hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu.
Ostiralean ere protesta egin zuten legebiltzarraren kanpoaldean. Sindikatuek kontzentrazioa egin zuten, Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza legea langileokin eraiki lelopean. ELAko Miren Zubizarretak bata bestearen atzetik zerrendatu zituen eskaerak: hezkuntza sistemako langileak kontuan hartzea akordioa eta Hezkuntza Legea egitean hezkuntza lege «propioa eta euskalduna» izatea, hezkuntza langileen lan baldintza «egokiak» bermatzea, nahiko inbertsio eta baliabide edukitzea, publikoan zentratua egotea, euskara erdigunean jartzea, oinarritzat euskal curriculuma edukitzea, segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzea eta merkatuen interesetatik bereiz egotea. Grebari eta hilaren 28an egitekoa zuten protestari eusteko asmoa erakutsi zuten orduan.
Ituna
Alderdiek, berriz, ehun zuzenketa baino gehiago aztertu zituzten itunean, baina elkarrizketek fruitua eman zuten azkenean. Ostiral ilunabarrean talde politikoetako ordezkariek jakinarazi zuten akordioa lortu zutela. 2021eko irailean, politika orokorrari buruzko eztabaidan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen legealdi honetan hezkuntza lege berri bat ondu nahi zutela, eta, okerrik ezean, bete egingo du asmoa, eta adostasun zabalarekin onartuko da, gainera. Martxoaren 28an Hezkuntza Batzordean testua bozkatzea da asmoa, eta apirilaren 7an osoko bilkuran behin betiko onespena ematea testuari. Segidan, legea ontzeko prozesua hasiko da. EH Bilduk aurrez koaliziokideei aurkeztuko die testua, kideek onetsi dezaten. Eragileek esan dute urtea amaitu aurretik legea indarrean nahi dutela. 1993koa da aurreko legea, eta jakin-mina dago ekar ditzakeen aldaketen inguruan. Zehaztu dute, esaterako, eskolaratzea bukatzean ikasle denek euskaran B2 maila izateko planak egin beharko dituztela eskolek. Mailaka joango da eskaria: LH amaitzean, B1 beharko dute.
Lege berrian zehaztuko den hizkuntza ereduaren inguruan izan dituzte desadostasunak alderdiek, eta jakina da akordioan bat egiteko orduan zailtasunak izan direla. Hona hitzartu zuten testuan zer-nola zehaztu duten nolakoa izan behar duen eredu berriak. «Eredu eleaniztuna da, euskara ardatz duena, hizkuntza ofizialen bidez artikulatua, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batekin. Irizpide oinarrizko bati jarraituko zaio, gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntzetan jarduteko gaitasuna bermatzeko. Horretan ahalegintzea garrantzitsua da, hizkuntzaren eta kulturaren arloan kontzientzia sustatzeko eta gaitasun komunikatiboa era jarraian hobetzeko. Legearen apustua izango da ikasle orok, duen familia jatorriaz harago, ikasketak amaitzean bi hizkuntzen ezagutzan maila bera izatea, eta ezagutzak eskuratzea, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean».