A-30

Sindikatuek azaroaren 30eko greba feminista orokorra erregistratu dute Nafarroan

Mugimendu feministako kideek ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek egin dute erregistroa Nafarroako Jauregian.

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko herri akordioaren aurkezpena, larunbatean, Hernanin. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 10a
13:01
Entzun

Arazoaren 30ean greba feminista orokorrera deituta daude herritarrak, eta gaur erregistratu dute deialdia Nafarroan. Mugimendu feministako kideek eta ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuetako ordezkariek egin dute erregistroa, Nafarroako Jauregian. Zaintza «eskubide unibertsal» gisa aitortzea dute xede.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorraren esanetan, pertsona orok beharko ditu zaintzak bere bizitzako uneren batean, eta zaintza lan horiek «aitortu eta banatu» behar direlakoan dago. Gizonek ere lan horietaz arduratu behar dutela nabarmendu du, alegia, lan horiek «kolektibizatu eta berrantolatu» behar direla: «Egun, gero eta argiago dago zaintzen krisi bat dagoela, baina, gure ustez, krisiaren erantzule nagusia ez da bilakaera demografikoa; zaintzen krisiaren arrazoia da emakumeok planto egiten ari garela gero eta jasangaitzagoa den eta emakumeentzat bidegabea den sistema baten aurrean».

Banaketa desorekatuaz gain, zaintzaileen egoeraz ere kritiko mintzo da Aranburu. Haren esanetan, lan horiek sexuaren eta arrazaren arabera banatuta daude, eta, ondorioz, egoera «erabat prekarioan». egiten dira: «Kasu askotan, lan horiek emakume migratuen eta arrazializatuek esplotazioan oinarritzen dira».

Ildo bertsutik jo du Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere. Zaintza sistema «publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa» defendatu du, baita konpromisoak galdegin ere: «Esaten dugu bizitza zentroan jarri nahi dugula, esaten dugu posible dela, esaten dugu beharrezkoa dela, baina, horretarako, lortu behar dugu gobernuek paso egitea eslogan politez eta egiten duten propagandaz, eta benetan beste sistema bat eraikitzea».

Bihar, beste erregistroa

Gaur Nafarroan egin bezala, bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratuko dute azaroaren 30eko greba. Mugimendu feministako kideak eta ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuetako ordezkariak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.