Bilerak, proposamenak, eztabaidak, grebak... Korapilatsua izaten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen lan hitzarmena berritzeko prozesua. Asteon, aparteko protagonismoa izan dute grebek: herenegun, atzo eta gaur egin dituzte. Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila aritu dira ituna berritzeko eta grebak bertan behar uzteko negoziatzen, baina, oraingoz, ahaleginek ez dute fruiturik eman. Sindikatuek zera eskatzen diote sailari: zehazteko nola arinduko dituzten irakasleen lan zamak eta neurri horiek noiz eta nola jarriko dituzten martxan.
Astelehena egun gakoa izan zen. Azken momentura arte ez zen jakin akordioa erdietsiko ote zuten, biharamunerako deituta zegoen greba bertan behera geratuko ote zen. Haizea Arbide Aza Steilaseko bozeramaileak aurreko ostiralera egin du atzera gertatutakoa azaltzeko. Haren arabera, negoziatzeko bildu ziren sindikatuak eta Hezkuntza Saila, baina «nahiko urrunduta» zeudenez, negoziazioa amaitzea erabaki zuen sailak. Alabaina, deia jaso zuten, eta astelehenean bildu ziren, «inolako aldaketarik barik»: «Prestutasuna daukagunez edozein momentutan biltzeko, bertaratu ginen, baina esan genien mahai gainean edukiak eta neurriak jarri behar zirela aurrera egin ahal izateko».
«Prestutasuna daukagunez edozein momentutan biltzeko, bertaratu ginen, baina esan genien mahai gainean edukiak eta neurriak jarri behar zirela aurrera egin ahal izateko»
HAIZEA ARBIDE AZASteilaseko bozeramailea
Nabarmendu du hasieran «nahiko sintonia ona» egon zela: «Hezkuntza Sailaren asmoa zen astelehen horretan aurreakordio bat sinatzea, eta hortik ostiralera artikulatua lantzea —hau da, lan akordioa— ; gu ados geunden, betiere bermeak ematen bazizkiguten». Alegia, bermeak baldin bazeuden irakasleen lan zamak arintzeko neurriak hartzeko. Azaldu du, esaterako, sailak batzorde berri bat osatu nahi duela, lan zamak nola arindu aztertzeko. Baina: «Asmo ona erakutsi zuen, ados geunden, baina asmo horretatik harago joan behar dugu. Behar duguna da egutegian txertatzea noiz, nola eta nork garatuko dituen». Pausoak, beraz, egon ziren. Alta, bat-batean, jarrera aldatu zuen sailak: «Atzera egin zuten. Orduak eta orduak eman genituen alferrik».
Ildo bertsutik mintzo da LABeko hezkuntzako ordezkari Lorea Igartua. Nabarmendu du asteleheneko bileran Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri zuen dokumentuak zehaztasunak falta zituela: «Zehaztasunak berme bezala jaso eta adostasuna lortu nahi dugu, baina, momentuz, ez da posible izan». «Hainbat arlotan» ikusten du konkrezio falta: «LABen lan zamak jaistearen aldeko apustua egiten dugu. Figura eta baliabide gehiago jarri behar dira eskoletan aniztasunaren eta inklusioaren erronkari erantzuteko: inklusiorako baliabideak, euskara koordinatzaileak, hezkidetzako arduradunak... Gainera, uste dugu eskola orduak murriztu behar direla lan zamak arintzeko, baita bigarren hezkuntzan ere. Hori dena zehaztasunez landu behar da». Zehaztasunak eta bermeak nahi dituzte, dokumentuan jasoko dena beteko den bermeak: «Aintzat hartzen ditugu idatziz jasotzen ditugun proposamenak; ahoz esaten direnean, hitzak haizeak eramaten ditu. Guztia paperera eramatea nahi dugu; bermeak hortik jasoko ditugu». Horiek horrela, momentuz urruti ikusten du adostasuna: «Astelehenekoa ikusita, urrun dago. Halere, pentsatzen dut denok ari garela lanean konponbideak bilatzeko».
Datorren astera begira
Hemendik aurrera, zer? Horixe da orain zalantza nagusia. Beste bi greba deialdi dituzte begi bistan: datorren asteartekoa eta datorren asteazkenekoa. Sindikatuek ez dakite aurretik akordioa egiteko moduan izango diren. Oraingoz, ez dute negoziatzeko deialdirik jaso Hezkuntza Sailetik, Igartuaren esanetan: «Ez dakit hurrengo asteko grebak baino lehen deirik egongo den». Gainontzean, kalean jarraitu asmo dute: «Gure helburua argia da: adostasunetara heltzea nahi dugu, eta kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea. Horretarako mobilizazioekin jarraitu behar bada, jarraituko dugu. Hitzarmen berria lortu nahi dugu».
«Gure helburua argia da: adostasuna lortu nahi dugu, eta kalitatezko hezkuntza bat eskaini»
LOREA IGARTUALABeko hezkuntzako ordezkaria