Pentsaezina da eskola publiko bateko irakasle batek aldi berean ikastetxe pribatu batean lan egitea. Bateraezina da legez, baita beste sektore batzuetan ere; administrazio publikoko langileek oro har ezin dute enpresa pribatuan lan egin. Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoetan lan egiten duten mediku askok egiten dute lan, ordea, klinika pribatuetan ere. Legeak ez die esklusibotasuna eskatzen. Oraingoz.
Izan ere, Espainiako Gobernuak eta sindikatuek bi urte daramatzate Espainiako Estatuko osasun sistemaren estatutu markoa erreformatzeko negoziazioetan —haren araberakoak dira Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoetako langileen lan baldintzak—, eta Monica Garcia Osasun ministroak atzo iragarri zuen osasun sistema publikoko gerenteen, zerbitzuburuen eta erdi mailako postuen esklusibotasuna jaso nahi duela estatutuan.
Proposamenak ez die Osakidetzako eta Osasunbideko mediku guztiei eragingo, baina bai erabakiak hartzeko eskumena dutenei. Dena dela, Nafarroan esklusibotasuna dute zerbitzuburuek. Beste medikuek ez dute, eta Osakidetzan, mediku bakar batek ere ez. Esklusibotasun faltaz, zera esan zion Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak BERRIAri abenduaren 22an: «Osasungintza publikoan ordutegia betetzen badute eta ez badago interes gatazkarik, ez nago kontra».
«Erizainok ez dugu esklusibotasunik, baina ez digute inoiz osagarririk ordaindu sistema publikoan soilik lan egiteagatik»
AMAIA MAYOR SATSEko idazkari nagusia
Espainiako Osasun Ministerioa sindikatuekin eta autonomia erkidegoekin —tartean Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin— negoziatzekoa da neurria. Euskal Herriko hiru sindikatu —ELA, LAB eta SATSE— neurri horren alde daudela. SME medikuen sindikatuak adierazi du oraingoz ez duela horren inguruko iritzirik emango.
«Beti dago arriskua: kudeatzen ari den pertsona batek interes partikularrak baldin baditu enpresa pribatu batean, arriskua dago pertsona horrek osasun sistema publikoan hartzen dituen erabakiak bere interes partikularren arabera hartzeko», ohartarazi du Amaia Mayorrek, SATSE erizainen sindikatuko idazkari nagusiak.
Interes gatazkak
Esklusibotasun faltak interes gatazkak sortzen dituela nabarmendu du Esther Saavedrak, ELAren Osakidetzako arduradunak: «Askotan deribazioak daude, eta duela gutxi jakin dugu [Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi Gotzone] Sagardui Gasteizko klinika pribatu batera doala lanera; hor ez dago hitzarmenik, baina urteetan egon dira deribazioak. Interes ekonomikoa ere badago. Adibidez, Donostian bihotzeko kirurgiaz Poliklinika arduratzen da sistematikoki, eta dirutza dago tartean».
Erantsi du langile publikoen artean salbuespena dela medikuen esklusibotasun falta: «Osasungintzan dagoen salbuespen hori perbertitu da, eta osasungintza pribatua osasungintza publikoaz baliatzen da».
«Osasungintzan dagoen salbuespen hori perbertitu da, eta osasungintza pribatua osasungintza publikoaz baliatzen da»
ESTHER SAAVEDRAELAren Osakidetzako arduraduna
Jesus Oñate LABen Osakidetzako delegatua ere neurriaren aldekoa da, uste baitu pribilegio baten kontrakoa dela: «Pribilegio hori nahiko finkatuta dago ospitaleetan. Zerbitzuburuek zerbitzuak koordinatu eta kudeatzen dituzte, eta klinika pribatu batean lan horrekin lotutako beste jarduera bat izateak nabarmen erakusten du interesen gatazka dagoela. Beti pentsatu dugu zerbitzuburuek ezin dutela beste jarduera paralelorik egin, irabazi asmokoa eta, gainera, osasunarekin lotutakoa».
Ospitale publikoetako itxaron zerrenda luzeekin lotu du auzia: «Itxaron zerrendek eragindako presioak eragiten du pazienteak pribatura joatea, hainbeste ez itxaroteko. Batzuetan, pribatuan duzun medikua da ospitale publikoko zerbitzuburua! Nabarmena da, eta lotsagarria».
Gainerako medikuak
Espainiako Gobernuaren proposamenak erabakiak hartzeko eskumena duten medikuei eragingo lieke soilik, baina gainerako medikuekin, zer? SATSEk, ELAk eta LABek ez dute eredu bera defendatzen. LABek, esaterako, mediku guztien esklusibotasuna defendatzen du, Oñatek azaldu duenez: «Lan paralelo horiek guztiek osasungintza publikoaren aurkako jarrera pila bat sortzen dituzte, eta interes gatazkak ere bai. Horregatik: publikoan edo pribatuan, bata edo bestea. Aukeratu dezala langileak beretzat onena dena».
ELAk, berriz, esklusibotasuna «saritzea» babesten du. Hala da Osasunbidean: sistema publikoan soilik lan egiten duten medikuei diru osagarri bat ordaintzen diete. Bere garaian ere hala zen Osakidetzan, baina osagarri hori mediku guztiek jasotzen dute egun, klinika pribatu batean lan egin edo ez. «Esklusibotasun osagarria berreskuratzea defendatzen dugu», adierazi du Saavedrak.
«Lan paralelo horiek guztiek osasungintza publikoaren aurkako jarrera pila bat sortzen dituzte, eta interes gatazkak ere bai»
JESUS OÑATE LABen Osakidetzako delegatua
SATSEk, berriz, kategoria profesionalen arteko berdintasuna defendatzen du, hau da, esklusibotasun osagarria kategoria profesional guztiek izatea edo batek ere ez. «Erizainok ez dugu esklusibotasunik, baina ez digute inoiz osagarririk ordaindu sistema publikoan soilik lan egiteagatik. Gainera, ez da ohikoa erizainek publikoan eta pribatuan aldi berean lan egitea. Lanaldi murriztua duten erizainek klinika pribatu batean lan egin nahi badute, baimena eskatu behar diote Osakidetzari, eta gehienetan ez dute onartzen», adierazi du Mayorrek.