Sindikatuak Ertzaintzaren mahaitik altxatu dira, eta «immobilismoa» egotzi diote Jaurlaritzari

ERNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek elkarretaratzea egingo dute asteartean, Lehendakaritzaren aurrean. Erkorekak «zentzuz» jokatzeko eta negoziazio mahaira bueltatzeko eskatu die sindikatuei.

Ertzaintzaren sindikatuen manifestazioa, Eusko Legebiltzarraren ondoan. L.RICO/ EFE
2023ko ekainaren 23a
12:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bilera batera deituak zituen Ertzaintzako sindikatuak, baldintza ekonomikoak eta lan baldintzak negoziatzeko. Alabaina, ERNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek Ertzaintzaren mahaitik jaikitzea erabaki dute, irizten diotelako Eusko Jaurlaritzak «posizio immobilista eta gorreria» duela. Horren aurrean, ohartarazpena egin dute: «Horrela ez dugu ezer konponduko».

Gainera, mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute: Lehendakaritzaren atarian bilduko dira asteartean.

Sindikatuen jarrera kritikatu du Josu Erkoreka Eusko Jaularitzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, eta «zentzuz» jokatzeko eta negoziazio mahaira itzultzeko eskatu die. Gaurko bileraren balorazioa egiteko, presazko deialdia egin du Erkorekak Bilboko Txurdinagako egoitzan, eta han ohartarazi du «irreala eta erabat arduragabea» dela sindikatuek eskatzen duten soldaten «igoera lineala». Are, «legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa» dela esan du, eta gaineratu aldarrikapen horien kostua urtean 100 milioi eurotik gorakoa izango litzatekeela.

Segurtasun sailburuak mahaira itzultzeko eskatu die Ertzaintzaren ordezkariei, irizten diolako «negoziaziorako tartea» badagoela. Eta uste du Eusko Jaurlaritzak proposatu dituen hobekuntza neurriak baztertuz gero, ertzainen kalterako izango litzatekeela. Lan baldintzak hobetzeko 37 neurri aurkeztu dizkie Jaurlaritzak sindikatuei, baina sailburuak azaldu duenez, sindikatuek uko egin diote haien proposamenak azaltzeari, baldin eta Segurtasun Sailak ez bazuen konpromisoa hartzen langile guztientzako ordainsarien igoera lineala onartzeko.

Zehaztu duenez, plantilla osoarentzako igoera linealaren planteamendua «legez kanpokoa» da, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarria duelako jurisprudentzia bat, zeinaren arabera, langile publikoen ordainsari igoerak urtero ezartzen diren oinarrizko arau baten bidez Espainiako aurrekontuetan. «2023ari begira, gehienezko igoera hori % 2,5ekoa da, eta langile publiko guztiei aplikatu zaie». Sindikatuak egoera horren jakitun direla gaineratu du.

Sindikatuak, berriro esertzeko prest
Mahaitik altxatu ostean agerraldia egin dute ERNE, Esan, Euspel eta SIPE sindikatuek eta adierazi dute prest daudela «gaur bertan» Eusko Jaurlaritzarekin berriro biltzeko, baldin eta «benetako borondatea» erakusten badu akordioak lortzeko. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariari negoziazioak berreskuratzeko lema hartzeko galdegin diote, eta ohartarazi bera eta Erkoreka direla «Tourrean gerta daitekeenaren erantzuleak».

Segurtasun Sailak bilerara eraman dituen 37 neurrien proposamena ez dela berria salatu dute, eta departamenduari egotzi diote ertzainen aurkako «gezur kanpaina bat» abiatzea, kudeaketan duten «gaitasunik eza» estaltzeko. Sindikatuen ustez, Segurtasun Sailak mahaira eraman duen proposamena ez da aski eta ez dio erantzuten Ertzaintzak duen arazoari. Hala ere, prest agertu dira «negoziatzeko» eta «malgu» jokatzeko, baldin eta Ertzaintzako langileek «hirugarren mailako funtzionario izateari uzteko» konpromisoa hartzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.