Iñaki Lopez de Foronda eta Maitane Lopez. Etxebizitza Sindikatuko kideak

«Sindikatua proletarioek etxearen arazoari aurre egiteko tresna bat da»

Etxebizitza Sindikatua sortu dute Gasteizen: helburu du etxebizitzaren arazoa dutenak batzea eta «modu kolektiboan» ematea erantzunak.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Etxebizitza Sindikatua aurkeztu berri dute Gasteizen. Bertako kideak dira Iñaki Lopez de Foronda (Gasteiz, 1995) eta Maitane Lopez (Beasain, Gipuzkoa, 1998). Azaldu dutenez, tresna «egokia» jarri nahi dute langileriak «etxebizitzaren arazoei» aurre egiteko. Gaineratu dute sindikatua langileen autonomian eta elkartasunean oinarrituko dela.

Sindikatua aurkeztu duzue. Zein izango da haren zeregina?

IÑAKI LOPEZ DE FORONDA: Etxebizitzaren arazoak esplotazioan oinarritutako sistemaren adierazpen partzial bat dira. Aurre egiteko, elkarren arteko babesa antolatu nahi dugu, oinarri politikoak eta antolakuntza oinarriak mahai gainean jarri. Beraz, sindikatua proletarioek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko tresna bat da. Gasteiz hartu dugu oinarri. Elkartasuna egongo da antolakuntzaren erdigunean, baita langile kontzientzia garatzea ere.

Zergatik identifikatu duzue sindikatu bat sortu beharra?

I.L.: Tresna horren sorrera testuinguru batean kokatu behar da: krisi kapitalistan. Langile klasearen baldintzek okerrera egin dute, eta ondorioak lazgarriak dira: etxegabetzeak, alokairua eta gastuak ordaintzeko zailtasunak, eta emantzipatzeko ezintasuna. Indarkeria hori ikusirik, elkar babestu behar dugu.

Barne prozesu bat egin duzue.

MAITANE LOPEZ: Birjabetze Kolektiboa jaio zen lehenik, eta, ordutik, barne prozesu batean ibili gara. Bitartean, proiektu batzuk martxan jarri ditugu; adibidez, Okupazio Bulegoa eta Desjabetuon Eskola. Barne mekanismoak ere martxan jarri ditugu egungo egoerak berrikusteko. Esan daiteke Etxebizitza Sindikatua horren guztiaren sintesia dela.

Zer gertatuko da aurrez garatu dituzuen proiektuekin?

M.L.: Sindikatuak Birjabetze Kolektiboaren eta Okupazio Bulegoaren lekukoa hartu du, baina helburua berbera da. Bulegoa tresna egokia zen etxebizitzaren auzia gainditzeko, baina aholkularitzara mugatzen zen. Orain, arazoan sakondu nahi dugu, eta sindikatua eraginkorragoa izan daiteke horretarako. Garrantzia izango du arazo berdintsuak ditugunok batzeak eta elkar laguntzeak. Horri esker, kolektiboki antolatuko gara bizi baldintzak hobetzeko, eta, bitartean, etengabeko trebakuntzarako aukera egongo da.

Eta, beraz, zein da zehazki aurrera eramango duzuen dinamika?

I.L.: Etxebizitzaren arazoak dakatzan beharrak identifikatuko ditugu, eta era kolektiboan erantzun. Etxebizitzarekin lotura duten hainbat atal landu ahal izateko gaitasunak ere garatuko ditugu; adibidez, etxeak egokitu ahal izateko auzolanak eta gaitasun juridikoen lanketak eginez.

Horiek gauzatzeko, zeintzuk dira proiektuaren oinarriak?

M.L.: Sindikatuaren oinarri moduan bi kontzeptu aipa ditzakegu. Batetik, langileon autonomia; ulertzen dugu gure antolakuntzak langileongandik sortua eta langileontzat izan behar duela. Horretarako, instituzio propioak eraiki behar dira. Bestetik, elkartasuna; garatu beharreko oinarri etikoa, lanaren banaketaren bidez mamituko dena.

Proiektua hutsetik sortu al da?

I.L.: Barne prozesuan hausnarketak egin dira, baina inportantea da historian langile klaseak defentsarako garatutako moduen analisi kritikoa egitea ere. Zenbait gauza gaur egunera ekarri beharra ikusten dugu. Hala ere, egun ere badaude zenbait proiektu eredugarri: Herrialde Katalanetan Sindicat de Barri eta Euskal Herrian Iruñerriko Langile Autodefentsa Sarea, besteak beste.

Antolaketari dagokionez, batzar bidez funtzionatuko duzue.

I.L.: Sindikatuak batzar orokor bat edukiko du, eta hura izango da elkartasuna antolatzeko esparrua. Klase kontzientzia garatzea ere bada helburua, identifikatutako arazoei erantzuteko beharra barneratzea. Auzi horri modu kolektiboan erantzun nahi diotenak dira parte hartzaileak.

Kontzientziari dagokionez, sindikatuen «jatorrizko izaera» berreskuratu nahi duzuela diozue...

M.L.: Ez dago sindikatu forma bakarra. Baina guk berreskuratu nahi dugu proletarioen interesak defendatuko dituen sindikatu forma. Egun, sindikatuek asimilazio prozesu bat pasatu dute, eta eroso dauden langileen sektorera bideratzen dute jarduna. Areago, epe luzera dominazio burgesaren betikotzen laguntzen dute, akordioen bitartez.

Zer erantzun espero duzue?

I.L.: Aurreko esperientziekin, ikusi dugu Gasteizen badagoela etxearen arazoa. Behar hori badago, eta, beraz, espero dugu jendea etortzea. Saiatuko gara ahalik eta modu onenean antolatzen erantzuna. Dei egiten dugu proiektuan honetan eta langileak babestekoetan parte hartzera eta antolatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.