Paula Ezquerra. Prostituta eta sindikalista

«Sindikatua erreminta beharrezkoa da sexu langileak aitortzeko»

Prostituzioaren eta sindikalismoaren arteko lotura aztergai izan dute Gasteizen, jardunaldi batzuetan. Ezquerra urte luzez aritu da sindikatuen alorrean lanean, eta esan du lagun dezaketela sexu lanaren aitortzan.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Prostituzioan dihardutenei ahotsa emateko eta haien lana aitortzeko asmoz, Sexu-lana: kriminalizazioa ala aitortza? jardunaldia egin zuten atzo LAB sindikatuak eta Iparhegoa fundazioak, Gasteizen. Paula Ezquerra (Buenos Aires, Argentina, 1971) sexu langilea da, eta sindikalismoa izan du oinarri jardunaldietan. IAC Intersindical Alternativa de Catalunya sindikatuko kidea ere bada, sexu langileei dagokien sailekoa.

Prostituzioa eta sindikalismoa batu dituzu jardunaldietan. Zer dela eta?

Sexu langilea naizenez gero, haren gainean egindako analisien, sinesmenen berri eman dut. Ahalduntzea ere garrantzitsua da, baita lanen aitortza ere; kasu honetan, sexu lanarena. Finean, oinarria da zerk eraman gintuen IAC sindikatuaren barnean sexu langileon saila osatzera. Gure alorrean, sexu lanean, gainontzeko sindikatuei egiten diegun proposamenak klase kontzientziaduna, antikapitalista eta feminista behar du izan.

Zerk eraman zintuzten sindikatuekin harremanetan jartzera?

Borrokan aritu ginen urte luzez. Poliziaren jazarpenaren eta sexu langileon eskubide faltaren aurka. Isunak jartzen zizkiguten, eta egoera are larriagoa zen etorkinenentzat, esaterako. Sexu lana bestelako aurreiritziekin nahasten zen. Horri aurre egiteko hasi ginen antolatzen eta borrokatzen, Bartzelonan. Auzo elkarteekin, mugimendu politiko eta kulturalekin egin genuen aurrera; sexu langileon botere politikoa sortu zen. Negoziazio politikoak ere egin ditugu, eta kontuan hartu da sexu langileok jazarpena jasan izan dugula. Espazio horiekin ikusgaitasuna lortu dugu.

Sexu lana aitortzeko, ordea, lehen urratsa gainontzeko langileek hura lantzat aitortzea zen. Sindikatuetara jo genuen, eta galdetu genien ea beste lan batean esplotazioa balego salatuko luketen. Berdin prostituzioan ere, lan esplotazioa bai baitago. Sindikatua erreminta beharrezkoa da sexu langileak aitortzeko.

Zein onura ekar diezaioke sindikatu batek prostituta bati?

Sindikatuaren eta ideia politikoen araberakoa da. Gizarteko gainerako kideekin bezala, sexu langile izate hutsak ez dakar kontzientziatuta egotea. Guztiei ez zaie interesatzen gizartea eraldatzea. Baina egungo sistema ekonomikoa positiboa den ustea deseraiki, eta kapitalista ez den eredu batera egin behar dugu jauzi. Sexu langileen sail honek gizarte orekatuagoa lortu nahi dutenei egingo die on. Sindikalismoak, batetik, prostituton jarduna lan gisa aitortzen lagundu dezake; bestetik, erabaki dezakegu aitortza hori zein eratakoa izango den, gainontzeko langileekin elkarlanean.

Eta oztoporik ba al dago?

Kapitalismoak dena xurgatzen du; desitxuratu, eta errealitate guztietara egokitzen da. Gure sindikatuan —eta, beraz, sailean— sartu nahi duen langile oro antikapitalista izan behar da. Baita feminista eta ez-arrazista ere. Hori bete behar da, izan emakume, gizon edo ez-bitarra. Beste sindikatu batzuetan, CNTn kasurako, lanean dabiltza sexu langileen saila sortzeko asmoz. Bada prostituten berariazko sindikatu bat ere, baina ez da antikapitalista.

Eta horietako batzuek polemika eragin dute; enpresarien alde lan egitea egotzi diete.

Arazoa sakonagoa da. Ehun aldiz esan digute sistema ekonomiko honetan aurrera egiteko soldata onak izan behar ditugula. Egun eta gau aritu dira sindikatuak lanean, lanaldiak zortzi ordukoak izan zitezen, eta opor egunekin. Esan digute eskubideengatik borrokatzea denbora galtzea dela, eta, beraz, ez dugu horiek eraikitzen jarraitu. Lan ona egin du kapitalismoak. Enpresariekin negoziatzen dugu, eta haiei egiten diegu mesede. Eskubideen alde, ordea, sindikatuetatik borrokatu behar da. Ezin da agintean dagoen sistema suntsitu; kolektiboki lan eginda borrokatuko dugu.

Sexu langileen eskubideen defentsan, zein da aldarrikatzen duzuen eredua?

Zeelanda Berrian badago interesgarria den eredu bat. Sexu langile gisa aitortza egiten du, eta langileengandik sortutakoa da. Baina ez du migrazioaren gaia biltzen. Dena dela, ezin dezakegu eredu bat edo beste kopiatu, herrialde batetik bestera aldatu egiten baitira legeak, errealitate ekonomikoak eta prozesu kulturalak. Proposatzen dugu gobernuekin esertzea eta gure proposamenak entzun ditzatela.

Prostituzioaren gaiak gatazka sortu ohi du. Zein iritzi duzu mugimendu abolizionistari buruz?

Hipokritak izateari utzi, eta salerosketaren zein esklabotasunaren aurka batera egin behar dugu borroka. Egin diezaiogun aurre horien atzean dagoen mafiari, eta egin dezagun sexu langileen eskubideen alde. Sor ditzagun salerosketa gaindituko duten legeak, egoera horretan dauden pertsonei laguntzeko. Baina ezin da nahastu sexu langileak izatea erabaki duten pertsonen egoerekin.

Aske hartutako erabakia izaten al da prostituzioan aritzea?

Pobreziaz ari gara hitz egiten, eta horrek mindu egiten nau. Eskaini izan dizkidate lan gehiago, baina baldintzak eskasagoak ziren. Niri ez zait sexu langilea izatea gustatzen, eta, beraz, beste lan batean diru gehiago eskainiko balidate, prostituzioa utzi eta hura hartuko nuke. Baina, noski, jarraituko nuke sexu langileen eskubideen alde borrokan.

Mugimendu feministan ere eztabaida dago. Izan al daiteke prostituta eta feminista?

Feminista naiz 15 urte nituenetik. Feminismoak gizartearen gaineko hausnarketa etengabea dakar: zein den emakumeok okupatzen dugun espazioa. Borroken ama da: gizartearen eraldaketarena, sistema patriarkal eta kapitalistaren apurketarena. Arrisku bat ere bada: feminismo liberala. Horri egin behar zaio aurre, ez prostitutei, ez klase kontzientziadunei.

Beraz, prostitutak entzun, eta subjektu politiko gisa aitortu behar al dira?

Guztiok entzun behar dugu elkar. Subjektu politikoak gara: nora, nola eta norekin goazen jakin behar dugu. Gazte ginenean isilean gordetzen genituen zenbait gertaera, baina emakumeekin entzuten, eraikitzen, indartzen jakin dugu. Ohartu gara egoera asko andreok eragin beharrean sistema patriarkalak eragin dituela, hark sortu baitu emakumearen irudia. Baina prostituta da patriarkatuaren infiltratuetako bat, ezagutzen ditu gizonezkoen beldurrak. Zer hobe mitoak apurtzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.