Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Sinbolikoaren garrantzia

Jon Benito.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Efemeridea. Rodriguez Zapateroren kabineteak, baina bereziki PSOEren aholkulari taldeak, ez zuen zoriaren mendera utzi hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartu zuenean, hau burutzeko eguna. Azaroaren 20a jende askoren inkontzientean bereziki markaturiko data da. PSOEk Francoren heriotzaren efemeridearen erreferentzia subliminalak eskuinaren igoera baretzen lagunduko ziola pentsatu zuen orduan. Efemeridearen detailea ez da ezdeusa, baina sozialistek ez dute diktaduraren ondorengoak boterera heltzearen mamua apenas indartu, eta, ondorioz, sinbolikoki eragin oso-oso mugatua izango du. Josu Muguruza eta Santi Brouard ere azaroaren 20an hil zituzten eta, oraingoz, harrigarria egin zait zeinen gutxi aipatu den efemeride hori ere, batez ere ezker abertzalearen baitan, biek oraindik gordetzen duten kapital sinbolikoa gogoratzeak, azken bozetan ez bezala, orain Madrilgo Kongresu eta Senatura joateak ezkertiar eta abertzale batzuen baitan piztu kontraesana baretzeaz batera, erabakia legitimatzen lagunduko lukeela uste dudalako.

Trantsizioaren kulturaren amaiera. Guillem Martinezen arabera, trantsizioa deitu izan denaren kultura, hizkera eta irizpide sozialak gainbehera daude eta ziklo hori hauteskunde hauetan itxiko da. Trantsizioa deitu zaiona, adostasuneko, sakoneko arazorik gabeko eta politizatu gabeko arotzat definitzen du berak. Azken batean, zertaz eztabaidatu zitekeen eta zertan ez adostu baitzen trantsizioa deituriko post-frankismora iragan aurretik. Horrenbestez, besteak beste, ETAk eta alderdi abertzaleek zituzten eskaera politikoei uko bateratua ematen zitzaien. Trantsizio aroa, Martinezek dioen bezala, behin betikoz amaituta (Konstituzioaren totema erreformatuta, egitura autonomikoa auzitan...) eta Aieteko mahaiaren bidetik konponbideen leihoa zabaldu delarik, Euskal Herriaren etorkizunaz (eta Herrialde Katalanez eta Galiziaz) eztabaidatzeko orain arteko uko adostua baztertzea ekarriko al du? Eta horrek jarrera malguago bat izateko aukera eskainiko al dio PSOEri, jakinik oposizioan eta galtzeko gutxirekin egongo dela? Trantsizioaren kulturaren amaierak, bestetik, ezker eta eskuinaren arteko dialektika gainditzen ere lagundu beharko luke, PSOE eta PPren artean zatiketa horrek zentzu gutxi duelako.

Borroka sinbolikoa. PPk gehiengo absolutua lortuko balu, ez du beste alderdien babesik eskatu beharko (ez bada bakarrik ez dagoela erakusteko, sinbolikoki) gobernatzeko, eta horrek politika errealaren baliabidearen aukera kentzen dio EAJri. Orain artean lortutako eta etorkizunean lor ditzakeen transferentzia berrien ilusioa baldin bada EAJri botoa emateko aitzakia nagusia, hark PPri akordioetara heltzeko hamaika keinu egin arren, gehiengo absolutuarekin ezerezean geratuko da aukera hori, legegintzaldiko lehia guztia plano sinbolikora mugatuz. Eta plano sinbolikoan, partida Amaiur eta EAJren artean jokatuko da Madrilgo ukoen aurrean euskal herritarren ahotsa ordezkatzeko zilegitasun handiagoenaren bila. Partida horren joanekoa igandean jokatzen da, eta itzulerakoa, Euskal Herrian. Amaiur horretaz jabetu da, eta EAJ ere horren jakitun den zalantzarik ez dut, igande honetan ez ezik, hurrengo urtean jarriak baititu begiak eta itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.