Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak eta Eusko Jaurlaritzak 2015-2016rako hitzarmena sinatu zuten hil hasieran. Akordio horren arabera, proiektu bat garatuko du koordinakundeak; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 415.000 euro emango dizkio horretarako; koordinakundeak, berriz, 166.200 euro jarriko ditu. Ana Maria Arriola koordinakundeko presidenteak uste du hitzarmena «positiboa baina urria» dela.
Murrizketa gogorren ondoren 2013-2015 bitartean Eusko Jaurlaritzak nazioarteko lankidetzara bideratutako diru sarrerak handitu egin badira ere, igoera hori txikiagoa da gobernuaren aurrekontu osoan izandako hazkundea baino, eta ez du betetzen Eusko Legebiltzarrak adostutako %0,7.
Zer deritzozu Jaurlaritzarekin sinatu duzuen hitzarmenari?
Oso hitzarmen positiboa da koordinakundearentzat. Pozez hartu dugu. Baina, hala ere, Euskadi ez da betetzen ari Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna: 2012an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen instituzioek aurrekontuaren %0,7 bideratzea nazioarteko elkarlanean. Legea bete dadin eskatzen dugu.
Zein lan esparru hartuko ditu bere gain hitzarmen horrek?
Lau dira nagusiak. Lehenik, koordinakundearen dinamikotasuna indartuko da, politika publikoen hitzarmenetan parte hartzea ahalbidetuz. Bigarren esparrua gizartearen sentsibilizazioa izango da; ezinbestekoa da herritarrek lankidetzara bideratzen den dirua zertan inbertitzen den jakitea. Hiru: aliantzak eta sareak sortuko ditugu, lankidetzak oinarri sendoagoa izan dezan. Eta, azkenik, GKE-en ahalmena hobetuko dugu; prestakuntza ikastaroak, debaterako esparruak, alternatiba berriak eta beste bultzatuz.
Krisi ekonomikoarekin, asko murriztu dira instituzioek GKE-ei emandako laguntzak. 2009tik 2014ra, %48.
Ulertzen dugu diru sarrera gutxiago egonez gero GKE-ei diru gutxiago ematea. Baina legean adosten dena ez da diru kantitate finko bat, ehuneko bat baizik. Gainera, aurrekontuen %0,7 nazioarteko lankidetzari bideratzeko eskaria Nazio Batuek 1970ean onartutako helburua da. Bada garaia konpromiso hori betetzeko.
2015ean inkesta bat argitaratu duzue. Zein dira ondorioak?
2000. urtean, garapenerako milurteko helburuak sinatu ziren nazioartean. Zerbait hobetu da hor: muturreko pobrezia eta haurren mantenua zertxobait leundu dira, adibidez. Baina krisiak gogor eragin du lankidetzan: gobernu askok horretan inbertitzeari utzi diote. Beraz, 2000. urtean sinatutako akordioa ez da bete.
2013tik 2014ra %0,6 handitu zeneuskal administrazioek nazioarteko laguntzara bideratutako dirua. Zertan eragin du horrek?
Itxaropenean eta plangintza ahalmenean, gehienbat. Nazioartean larrialdi bat dagoenean, lankidetzatik gure baliabideak eskaintzen dizkiegu. Baina hori ez da lankidetzaren funtsa. Gure azken helburua egoerak errotik aldatzea da. Horrek denbora eskatzen du: epe ertainean edo luzean lan egitea, planifikazio batekin. Eta urte batetik bestera diru laguntzetan gorabehera handiak badaude, planifikazioa ia ezinezkoa da. Laguntzarik jasoko duzun ez jakiteak ziurgabetasun laino bat sortzen du. Baina 2014ko diru laguntzek argi izpi batzuk ekarri dizkigute.
Non eragin dute murrizketek?
Esparru guztietan. Krisia hasi zenetik, GKE ia guztiek albo batera utzi behar izan dute herrialderen bat. Paradoxikoki, Afrikako lanak alboratu dira gehien, oro har. Eta Afrikan daude laguntza gehien behar duten herrialdeak. Arrazoi asko daude: ekonomikoak, legezkoak...
Instituzioek badute eskumena lankidetzan zer baliabide jarri hautatzeko. Espainiako Gobernua, ordea, eredu zentralizatuago baten alde agertu da.
Zalantzarik gabe, ez gatoz bat Espainiako Gobernuak lankidetzan ezarri nahi duen zentralizazioarekin. Lankidetzaren arloko guztia Espainiako Atzerri Ministeriotik pasa dadin nahi dute. Aurrerantzean ere Euskadiko instituzioek euren politikak martxan jartzeko eskumenak izatea eskatzen du koordinakundeak.
Ana Arriola. EAEko GGKE-en Koordinakundeko presidentea
«Sinatu dugun hitzarmena ez da nahikoa»
Eusko Jaurlaritzak nazioarteko lankidetzari emandako 415.000 euroak «itxaropentsu» jaso ditu Arriolak, baina hori urri dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu