Azken bi urteotan osasun zerbitzu publikoa dezente okertu da Aiaraldean (Araba), eta eskualdeko herritarrak «kezkatuta» daude egoerarekin. Gaur, Urduñako (Bizkaia) osasun zentroaren atarira eraman dute protesta; han elkartu diren dozenaka lagunek jakinarazi dute sinadurak biltzen hasiko direla osasun zerbitzua hobetzeko neurriak eskatzeko.
Izan ere, ohartarazi dute azkenaldian Barrualde-Galdakao ESI erakunde sanitario integratuko zerbitzuak «murriztuz» eta «ahulduz» joan direla, baita opor sasoitik at ere. Osasun zerbitzua okertu izanaren adibide ugari jarri dituzte: besteak beste, salatu dute Laudioko eta Amurrioko (Araba) EAG etengabeko arretako guneetan medikurik gabe aritzen direla maiz, eta eskualdeko anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egoten dela aldiro.
Osasun zerbitzuen okertzea orokortua dela ohartarazi dute, eta horrek eragin handia izan duela herritarren arretaren kalitatean. «Osasun profesionalen lan baldintzak okertuz joan dira, osasun ekipoak hankamotz aritu dira, eta txandak ez dira estali», azpimarratu dute. Egoera makurra da lehen arretan, eta baita buru osasunerako zentroko zerbitzuan ere, jakinarazi dutenez. Gainera, gogoratu dute osasun zerbitzuen murrizketen ondorioz bi pertsona hil direla Laudion.
Lau eskaera Osasun Sailari
Egoera konpontzea premiazkoa dela iritzi diote herritarrek, eta, hargatik, hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Batetik, galdegin diote Laudioko eta Amurrioko etengabeko arretako guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako profesionalak, eta eskualdean giza baliabide guztiak une oro egotea.
Bestetik, Laudioko anbulantzia medikalizatuko txanda guztietan osasun profesionalak egoteko eskatu dute, bai eta Osakidetzaren oinarrizko asistentzia zerbitzuak bermatzeko ere. Azkenik, buru osasunerako zentroko arreta arintzeko eskatu dute, psikiatra eta psikologoen itxaron zerrendak murriztuta.
Itxialdia Berrizen
Berrizen ere (Bizkaia) osasun sistemarekin kezkatuta daude herritarrak. Hiru mediku dagozkien arren, bakarra dute gaur egun. Hori salatzeko hainbat protesta egin dituzte azken hilabeteotan. Are gehiago, azkenaldian mobilizazioak egiten ari dira astero osasun zentroaren aurrean. Gaur, baina, pauso bat harago joan dira, eta itxialdia egitea erabaki dute, harik eta «Osasun Saileko arduradunen batek egungo egoerari buruzko erantzun argiak eman arte eta herrian osasun arretaren arazo larri hori konpontzeko zer neurri hartuko dituzten argitu arte». 50 pertsona bildu dira osasun zentroan, eta hala adierazi dute: «Txandak egingo ditugu, bertan egoteko behar eta uste dugun arte».
Itxialdia dela medio, Osakidetzako zuzendari nagusia, Susana Lopez Altuna, harremanetan jarri da bertako lehen mailako arretako unitateko Osakidetzako arduradunarekin, eta jakinarazi dio mobilizazioetako ordezkariekin bilduko dela datorren ostiralean, Gasteizen. Itxialdian parte hartzen ari direnek erabaki dute bilkurara joatea, baina ekintzarekin bihar goizera arte jarraituko dute. Mobilizazioak, berriz, datorren ostiralean etengo dituzte: Osakidetzarekin bilkura duten ordu berean elkarretaratzea eginen dute, eta, emaitzen arabera, ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea.