ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Sinadura bilketa abian, etorkizun politikoa «erreferendum bidez» erabakitzeko

Gure Esku-k Hamaika Gara egitasmoa abiatu du, bi dozena eragilerekin batera. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eskatu diete estatus politikoari buruz erabakitzeko tresnak bereganatzeko.

Tabakaleran batu dira Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaile diren eragileak. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2020ko martxoaren 11
12:29
Entzun

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko, hainbat eragilek sinadura bilketa bat abiatu dute, Hamaika Gara izenpean. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen asmoa, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak; horiek bultzatutako manifestuaren arabera, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eskatu diete etorkizun politikoari buruzko eztabaida «sustatzeko»; zehazki, lehenari galdegin diote «erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea», eta, bigarrenari, «etorkizuna erabaki ahal izateko bideak jorratu eta tresnak bereganatzeko, erreferendumak egiteko ahalmena barne». Ipar euskal herritarrek, berriz, horiei eragiten dieten «gai edo auziei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izateko nahia» adieraziko dute dokumentua izenpetuta, eta diasporako kideek «borondatea eta konpromisoa» adierazteko aukera izango dute «euskal diasporatik norabide horretan ekarpena egiteko». 

Sinatzeko aukera izango da Hamaikagara.eus atarian. 16 urtetik gorako herritarrei parte hartzeko deia egin diete, eta eskaera bat entregatuko dute udazkenean Eusko Legebiltzarrean, eta beste bat Nafarroako Parlamentuan.

Sinadura bilketa agerraldian bertan abiatu dute, egitasmoa aurkeztearekin batera, Donostiako Tabakaleran. Sustatzaileen artean daude Oneka, Ernai, Etxalde, Kontseilua, Bilgune Feminista, Kontseilua, Ikastolen Elkartea, ESK, EHNE eta LAB sindikatuak... Eragile horien ordezkaritza bat bildu da aurkezpenean, eta guztien izenean hitz egin du Lumagorri LGTBI kolektiboko Amets Martinez de Hereditak eta Gaur Geroako Maite Arregik. 

Azaldu dutenez, manifestu bat prestatu dute sinadura bilketarako. Printzipio batzuk jaso dituzte bertan, eta, ondoren, lurralde eremuka bereizi dituzte eskakizunak edota konpromiso adierazpenak. Manifestuan, adierazi dute herritarrek beren «bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa» dutela, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea «posible» egingo dutela: «Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria». Testuak erreferentzia egiten dio «estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko» aukerari: «Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu».

Bultzatzaileek «bizitza duina»â€ˆjarri dute helburu, eta horretarako ezinbestekotzat jo dute «bizitza erdigunean»â€ˆjartzea eta zaintza lanak «modu orekatuan berrantolatzea». Era berean, «justizia soziala iparrorratz», ekonomia herritarren beharren arabera antolatzea nahi dute: «Enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu». 

Era berean, nabarmendu dute eskubide zibil eta politikoak «bertan bizi garen herritar guztionak» direla eta «historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu» egin behar zaizkiela. «Alde horretatik, emakumerik gabeko erabaki guneek  ez dute zilegitasunik», gaineratu dutenez. Halaber, «atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta» eta «demokrazian sakonduta» erantzuteko beharra azpimarratu dute: «Komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du»; hain justu, hori da, eragileen esanetan, «bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza»: «Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri». 

Ekitaldia maiatzaren 16an

Aurkezpenean, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek esan dute Hamaika Gara ekimena «mugarri bat» izango dela: «Badakigu nora goazen, eta badakigu bide honetan ezinbesteko urratsa dela herritarron gehiengoa erreferendumak legeztatzearen aldekoa dela irudikatzea, eta batez ere, gehiengo hori saretu eta burujabetzarako prozesuan inplikatzea».

Adierazpenaz eta horri sostengua adierazteko sinadura bilketaz aparte, bi ekitaldiren berri eman dute agerraldian. Lehena maiatzaren 16an izango da, Durangon (Bizkaia); ekitaldi nazional bat antolatu dute egun horretarako, sinadura bilketari bultzada emateko. Bestea ekainaren 13an izango da; «Hamaika Gara eguna» egingo dute egun horretan, herriz herri ariko dira atxikimenduak biltzen.

Horrez aparte, atzo hasitako kanpainaren bideoa eta bestelako elementu batzuk ere ezagutarazi dituzte; esaterako, eskumuturreko gorri bat izango da kanpainaren ikurra, eta dei egun dute, testua izenpetzeaz aparte, eskumuturrekoa eramateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.