Emakumezko atzerritarrek zerikusi zuzena dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartearen gaur egungo ezaugarriekin. Hain zuzen, Emakundek sustatutako ikerketa batean, agerian utzi dute andreen immigrazioak EAE Euskal Autonomia Erkidegoko beharrei erantzun diela, hein handi batean. Ikerketan, gai horri buruzko aurreiritziak borrokatzeko datuak daude, Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez: «Andre etorkinen ekarpen sozial eta ekonomikoa funtsezkoa da».
Ikerketan, alor ugari jorratu dituzte, baina Silvestrek bi nabarmendu ditu horien artean. Emakume atzerritarrek aurre egin diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren zahartze prozesuari, bai edadetuen zaintzari dagokionez eta bai demografiaren ikuspuntutik. Horrez gain, azaldu du EAEko emakumeak lan merkatura sartzeko prozesutik eratorritako aldaketei ere erantzun diela immigrazioak. «Gizarte aldaketa horiek aldaketak eragin dituzte bizikidetza unitateetan, bai sexuen arteko lan banaketan eta bai gazteen eta edadetuen zaintzan».
Jose Antonio Oleaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da ikerketaren zuzendarietako bat, eta datu hori nabarmendu du. «Zer pentsatu ematen dit gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko pertsonen eta etxearen zaintza emakume atzerritarren esku uzteak». Alde horretatik, gaineratu du gizonek arduren zaintza partekatuan «behar zuten aurrerapausoa» ez dutela eman.
Silvestrek nabarmendu du emakume atzerritarrek aberastasuna sortzen dutela. Ikuspuntu «instrumentala» dela ohartarazi duen arren, «lehen mailako ekarpena» egiten dutela nabarmendu du Miguel Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak. 2010ean EAEko emakume etorkinen zerga ekarpenak 224 milioi eurorenak izan zirela azaldu du. Ordea, jaso zituzten langabezia ordainak eta diru laguntzak 142 milioi eurorenak izan ziren.
Aurreiritzien borroka
Oleagak azaldu du baliagarriak direla datu horiek ezarritako estereotipoen aurka borrokatzeko. Hain zuzen ere, herritar askok pentsatzen dute emakume atzerritarrek gizarte zerbitzuak gehiegi erabiltzen dituztela, eta ekonomikoki gehiago jasotzen dutela ematen duten baino. Gainera, herritar askok, emakume horien ekarpena aitortu arren, «ez garrantzitsutzat» jotzen dute, Oleagak azaldu duenez.
Silvestrek azaldu du gizarteak egozten dien garrantzi falta horrek emakume atzerritarren «ikusezintasuna» sortzen duela. Ordea, emakume atzerritarren arteko bazterketa maila ezberdinak daudela esan du. Hegoamerikako emakumezkoak Afrika edo Errumaniakoak baino errazago «nahasten» direla azaldu du. Ordea, prostituzioan lan egiten dutenak mailaketaren azken lekuan daudela gogorarazi du, eta egoera irregularrean daudela gehienak. «Emakume, atzerritar eta egoera irregularrean egoteari, prostituzioan lan egiteari dagozkion aurreiritziak gehitzen zaizkie».
Ikerketaren helburua emakume atzerritarren lana eta balioa ikusaraztea dela berretsi duen arren, emakume askok bizi duten bazterkeria egoera gogorarazi du Silvestrek: «Hemen lan egiten duten emakumeek kobratzen duten diruaren ehuneko handia jatorrizko herrira bidaltzen dute, eta, hainbatetan, horrek bazterkeria egoerak sortzen dizkie».
Emakundek aurkeztutako ikerketa azterlan zabalago baten baten lehen zatia baino ez da. Une honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartea eta emakume atzerritarren arteko jarrera aztertzen ari dira. Bukatuta ez dagoen arren, Oleagak aurreratu du andreek gero eta garrantzi gehiago dutela migrazio prozesuan, eta gaineratu du seme-alabekin lotzen dutela prozesu hori, hein handian.Migrazio prozesua bigarren belaunaldiekin lotzen dute.
Horrez gain, Oleagak azaldu du «talka kulturalik» ez dutela nabaritzen; andre atzerritarrak ezaugarri komunetan zentratzen direla ikusi du EHUko ikerlari taldeak; ondorioz, beren burua integratuta ikusten dute. Emakume atzerritarrek jatorrizko herrialdean zuten rolarekin aldaketa sumatzen dutela ere adierazi dute.
Silvestre: «Andre etorkinen ekarpen sozial eta ekonomikoa funtsezkoa da»
Emakunderen ikerketa batek dio gizartearen aldaketei erantzun diela immigrazioak, aitortzen ez bada ere normalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu