Silizeak kezka eragin du Aldude mendian

Mendi martxa eginen dute bihar Aurizberrin, Silices Navarra enpresak egin nahi duen harrobiaren aurka

edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Lau orduko mendi ibilaldia, harrobi baten aurka aritzeko. Horixe antolatu du Aldude Mendia Koordinakundeak biharko. Aurizberrin eginen dute, 09:30ean, hango Mendiaundia izeneko eremuan Silices Navarra enpresak silizea ateratzeko zabaldu nahi duen harrobiaren kontra. Magnesitas de Navarrak Zilbetin egin nahi duenarekin harreman estua du proiektu horrek, biak Aldude mendiko zaintza gune berezian egongo liratekeelako, eginez gero.

Silices Navarra etxeak 2010. urtean aurkeztu zuen Aurizberrin harrobia egiteko proiektua. Tindaya Renovables enpresarekin batera egin zuen proposamena, harrobia zabaltzeaz gain, asmoa baitzen Aurizberriko Urrobi industrialdean biomasa planta bat eta eguzki plakak lantzeko bertze bat egitea. Bi planta horiek egiteko aukera oraingo proiektuan jaso dute; izan ere, duela hiruzpalau urte, harrobia soilik martxan jartzeko eskaera egin zuen Silices Navarrak, baina Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen proiektu hura.

Magnesitas de Navarra enpresak Zilbetin harrobi bat egiteko hasitako bideak biziberritu du Aurizberrin bertze bat egiteko proiektua. Horixe uste du Jokin Martinezek. Aurizberrikoa da, harrobiaren aurkako taldeko kidea, eta kezka handiz ikusten du Mendiaundian harrobia egiteko aukera. «Zilbetiko proiektuarekin zer gertatzen den ikusteko zain dira Silices Navarra enpresako arduradunak. Mendia suntsitzen hasten badira han, hemen errazagoa izanen dute proiektuarekin aurrera egitea».

Herritarren artean, aldeko eta kontrako iritziak daude harrobiaren inguruan. 2011n, kontsulta bat egin zuten; 179 pertsonak eman zuten botoa: 98k alde eta 76k kontra. Informazio falta salatu zuten anitzek, eta hori berretsi du Martinezek orain. Biharko mendi martxaren bidez, hain zuzen, «herritarren kontzientzia piztea» dute helburu antolatzaileek.

Herritarrek eskatu informazioa ere haien esku jarri nahi dute harrobiaren kontrakoek. «Txostenak badira, nahiz eta kontzejuak haien berririk ez eman». Aurizberriko Kontzejuko bost kideetatik lauk bat egin dute proiektuarekin, eta bakarra dago kontra. «Informazioa bada, eta argia da. Proiektu osoak hirurogei lanpostu zuzen sortuko zituela erran zuten hasieran; orain diote hamalau bertzerik ez direla izanen». Martinezek nabarmendu du handia litzatekeela harrobiak inguruan eraginen lukeen kaltea. «1.400 metrokoa da Mendiandia; 200 metro galduko lituzke mendiak 30 urtean, harrobiarekin». Zaintza gune berezia da Aldudekoa, eta hor egin nahi dute Aurizberriko harrobia.

Akordioa kontzejuarekin

Martinezek kezka agertu du Aurizberriko Kontzejuak erakutsi jarrerarekin. Kontzejuak eta Silices Navarra enpresak akordioa sinatuko dute laster, Martinezek salatu duenez. «Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuan indarra egitea da enpresaren asmoa, proiektua onar dezaten». Oraingoz, harrobia egiteko egitasmoaren memoria aurkeztu du Silices Navarra etxeak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan.

Proiektua martxan jartzeko baimenaren zain dira enpresako kideak. Zain dago, halaber, Zilbetin magnesita ustiatzeko harrobia egin nahi duen Magnesitas de Navarra enpresa ere. «Epaitegietan da auzia. Denok gaude proiektuari buruz epaileek zer erabaki zain», azaldu du Aldude Mendia Koordinakundeko buru Juan Luis Martinezek.

Joan den abenduan, zuhaitzak mozten hasi zen Magna enpresa Zilbetiko basoetan. Herritarren protestek geldiarazi zuten. Ekintza horiek, hala ere, izan zuten ondoriorik. Enpresak koordinakundeko hainbat kideren aurkako salaketa jarri zuen. Atzo egitekoa zen haien kontrako epaiketa Agoitzen, baina, azkenean, enpresak erabaki zuen salaketa bertan behera uztea.

Zilbetiko harrobiaren kontrako iritziak izanen du tokirik bihar Aurizberrin egingo duten mendi martxan. «Proiektuek lotura estua dute», berretsi du Martinezek. Bi harrobien aurkako mendi martxa ez da izanen bihar proiektuon inguruan antolatu ekitaldi bakarra: Zilbetin, Magnesitas enpresako langile batzordeko kideek antolatu dute besta bat, harrobiaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.