Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat ekinbide aurkeztu ditu, SHESA Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoa desegiteko eskatzeko. Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dagoen enpresa horrek 35 urte ditu, eta Oterok gogorarazi du bi hamarkada direla zundaketarik egiten ez duela. “SHESA, gaur egun, baliabide publikoetan baino ez da zulo bat egiten ari, zulo amaigabea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak zenbait datu eman ditu. 2016. urtean 9 milioi euroko “zuloa” izan zuela azaldu du, eta, azken hamar urteetan, enpresa horretara aurrekontu publikotik 150 milioi euro bideratu direla gaineratu du. “Enpresa publiko batek funtzio sozial positiboa bete behar du, dirua galtzen badu, eta, kasu honetan, ez da ematen”. Halaber, gaineratu du enpresa horrek ez duela zentzurik energia berriztagarrietarako bilakaera bultzatzen ari den garaian.
Eusko Legebiltzarreko legez besteko proposamenaz gain, EH Bilduk iragarri du antzeko ekinbideak abiaraziko dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Biltzar Nagusietan. SHESA desegiteko eskatzeko erabakia gasaren presentzia ikertzeko baimen berriaren ondorioz heldu dela hausnartu du Oterok. “Hidrokarburoen bilaketa Araban zegoen, baina orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoa erdia dago ikerketa baimen horien barruan”.