Seynabou Male Cisse ekintzaile senegaldarrak jasoko du aurtengo Ignacio Ellakuria garapenerako lankidetzako saria, bakearen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanagatik. Epaimahaiak adierazi duenez, «Senegal gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa» sortzeko konpromisoagatik sarituko dute, eta «gatazketan elkarrizketa eta bitartekaritzatik bakea eraikitzeagatik, emakumeen eskubideen errespetua eta berdintasuna defendatuz».
Male Cisse 1952an jaio zen Gandiayen, Kaolack eskualdean. Geografia ikasi ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zen 25 urtez. Gaztetatik ibili da gizarte mugimenduetan, baita berdintasunaren aldeko borrokan eta emakumeen ahalduntzearen alde lanean ere. Izan ere, emakumeen eskubideen eta bakearen aldeko ekintzailea da Casamance eskualdean. Bertako gatazka 1982an hasi zen, Indar Demokratikoen Mugimenduaren (MFDC) eta estatuaren artean. Gatazka horrek emakumeak kolpatu ditu bereziki, horregatik egiten du lan Male Cissek bertan. 2010ean, Plateforme des Femmes pour la Paix en Casamance (PFPC) koalizioaren sustatzailea izan zen: gizarte zibileko 210 tokiko erakunde eta eskualdean bakearen eta justiziaren alde lan egiten duten 40.000 emakume baino gehiago bildu zituzten.
Sariaren helburua da, besteak beste, ekimena ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea. Hori dela eta, epaimahaiak uste du sariak lagunduko duela «euskal gizartea kontzientzatzen Afrikan ahaztutako krisi eta gatazken inguruan eta horiek ikusarazten». Datorren asteetan emango dio saria Iñigo Urkullu Lehendakariak.