Sexualitatea lantzeko beste eredu bat

Nerabeei eta pornografiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Barakaldon. Hizlariek ikuspegi «alarmista» sustatzen duen sexu heziketa baztertu dute, eta «plazerean eta askatasunean» oinarritutako eredua aldarrikatu.

Maria Rodriguez Suarez
Maria Rodriguez Suarez sexologoa, nerabeei eta pornografiari buruzko jardunaldietan, gaur, BECen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Barakaldo
2024ko urtarrilaren 23a
19:35
Entzun

Kapitalismoaren industriarik errentagarrienetako bat da pornografia. Munduko bosgarrena, hain zuzen. Haren aurretik daude, besteak beste, prostituzioa eta armen industria. Atzetik, berriz, alkohola, apustuak eta petrolioa. «Industria izugarria da, beraz», zehaztu du Maria Rodriguez Suarez sexologoak eta Generoan eta Aniztasunean doktoreak. Industria horren pisua ikusita, argi du ezin dela egun batetik bestera hura ezabatu. Hori dela eta, ezinbestekoa da konponbide bat bilatzea. Baina, zein? Rodriguezek argi du: «Sexu heziketa da tresnarik onena». 

Erantzun irmo hori eman die gaur goizean Rodriguezek hainbat irakasleri BEC Barakaldoko erakustazokan (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Pornografiaren erabileraren ondorioak nerabe eta gazteentzat jardunaldiak antolatu ditu irakasleentzat. Gaurko saioa Bizkaiko irakasleentzat izan da. Bihar, berriz, egitarau bera eskainiko diete Arabako eta Gipuzkoako irakasleei, Gasteizen. 

«Ohartu gara pornografia dela sexuari buruz informazioa jasotzeko iturri nagusietako bat, eta orain hasi gara esaten pornografiak gaizki hezten duela», azaldu du Rodriguezek. Eta gehitu du baieztapen horrek ez duela zentzurik: «Pornografia ez dago hezteko sortua, ekoizteko eta errentagarri izateko baizik». Sexu heziketa izan beharrean, bide heziketa izango balitz, inork ez luke zalantzarik izango. «Imajina ezazue bide heziketa ez duela inork egiten, eta esaten dugula Fast and Furious filmak gaizki hezten duela; edo esaten dugula bakoitzak bere etxean erakutsi behar duela nahi duena». 

Pornografiaren helburua ez denez heztea, ezin zaio industria horri «erru» guztia bota. Sexualitateari buruzko «iruditeria gatazkatsua» eskaintzen du pornografiak, baina beste «produktu kultural» batzuek ere horretan laguntzen dute. Izan ere, Rodriguezek esan du fokua pornografian jartzeak begirada mugatzen duela. Eta hala berretsi du Maider Garcia de Bikuña Kintana Emaize sexologia zentroko sexologo eta psikologoak: «Pornografiari begira, inguruan dagoen guztia galtzen ari gara; begirada aldatu behar dugu». Horiek horrela, «ardurak» hartzeko garaia dela nabarmendu dute biek. «Momentu oro ari gara hezten; horregatik, sexu hezkuntza integrala ezinbestekoa da, guraso, senide zein irakasleei tresna eraginkorrak eskaintzeko», esan du Rodriguezek. 

Izan ere, Rodriguezek gogoratu du sexu heziketa «saihetsezina» dela: «Beti ari gara sexu heziketan; isiluneak ere sexu heziketa dira». Hortaz, eredua da aldatu beharrekoa. Sexu hezkuntzaren asmoa da haurrek eta nerabeek «ezagutzak, trebetasunak eta balioak» garatzea. Eta, horretarako, sexualitateari buruz hitz egiteko «eredu berri bat» behar da, ikuspegi «alarmistak» erabiliko ez dituena: «Sexu hezkuntzaz ari garenean, beldurrei buruz hitz egiten dugu, arriskuei buruz, erruari buruz...». Beldurraren eredua alboratu, eta, besteak beste, «plazerean, askatasunean eta aniztasunean» zentratuko den eredua aldarrikatu du Rodriguezek. «Sexualitatea positiboa dela irakatsiko duen sexu heziketa». 

Nerabeak entzun

Helduek hitz egin eta haurrek entzun. Hori da, askotan, gizartean gailentzen den elkarrizketa. Garcia de Bikuñaren iritziz, hori aldatu behar da. «Gazteak entzun behar ditugu», azpimarratu du. Eta bat egin du Rodriguezek: «Ez da egokia gazteei pornografia ikustearen errua botatzea». Izan ere, gazteek «zilegizkoak» diren arrazoiak dituzte pornografia kontsumitzeko. Hori dela eta, begirada «helduzentrista» albo batera utzi behar dute pertsona helduek, eta nerabeak gehiago entzun. 

Emozioak, autoestimua eta enpatia ere landu behar ditu sexu heziketak. «Klasean giro erosoa sortu behar da emozioak lantzeko; horrela konturatuko dira bakoitzak bere emozio eta plazerak dituela», azaldu du Garcia de Bikuñak. Horrekin lotuta, Rodriguezek aipatu du sexualitatearen ideia hedatu behar dela, eta beste hainbat kontu bere gain hartu dituela: «Sexualitateak zerikusia du zaintzarekin, berdintasunarekin, emozioekin, plazerekin, gorputz guztiekin, erotika guztiekin...».

«Sexologoak gelara sartzen garenean, irakaslea bertan geratzea aberasgarria da, baina jarrera egokia erakutsi behar du».

MAIDER GARCIA DE BIKUÑAEmaize zentroko sexologa eta psikologoa

Sexu heziketa, gainera, baliagarria izan daiteke pornografia agertzen den momentu horretarako. Esaterako, gazteek ondorioztatu dezakete plazera ez dela soilik fisikoa, pornografiak erakusten duen bezala. «Psikologikoa ere bada», azaldu du Rodriguezek. Are, plazera sentitu behar da sexu harremana izan baino lehen, momentuan bertan eta ondoren. «Preserbatiborik gabe gehiago sentitzen dutela esaten dutenean, ezin diegu kontrakoa esan; agian plazer fisiko pixka bat galduko dute, baina hurrengo egunean plazer psikologikoa irabazi: zer da hobea, aurreko egunean gozatutakoa gogoratzea, edota larrituta ibiltzea preserbatiboa erabili ez izanagatik?». 

Umeen «bidelagun»

Helduen zeregina «laguntzea» da, Rodriguezek azaldu duenez. «Galderak erantzutea baino gehiago, erantzunak aurkitzen laguntzea». Eta Garcia de Bikuñak zehaztu du: «Helduok bidelagun izan behar dugu, umeek bidea egin dezatela, eta guk lagunduko diegu bidea egiten». 

Irakasleen lana ere bada haurrekin bidea egitea. Alde horretatik, «oso aberasgarria» izan daiteke sexu heziketan parte hartzea. «Sexologoak gelara sartzen garenean, irakaslea bertan geratzea aberasgarria da, baina jarrera egokia erakutsi behar du», azaldu du Emaize zentroko sexologoak. Irakasleak «ikasteko nahia» erakusten badu, ongi etorria izango da. «Epaitzeko jarrera» erakustekotan, berriz, ez du lagunduko, eta ez da giro eroso bat sortuko. «Klase horietan ez da epailerik behar, baizik eta entzuteko eta ulertzeko prest dagoen pertsona bat». 

Hausnarketa horrek lagundu egin dio jardunaldira bertaratu den Leire Navas irakasleari. «Udaletxetik etortzen dira apur bat horren inguruko formakuntza ematera, baina normalean tutoreak ez dira gela barruan egoten». Orain ulertu du «interesgarria» izan daitekeela bertan geratzea. Eta Rodriguezek borobildu du: «Gure jarrera mezua ere bada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.