Gazteen pornografia kontsumoa. Hezkuntza

Sexua ez dadin marra gorria izan

Haur eta gazteen artean pornografiaren kontsumoa orokortu ahala, sexu heziketa egoki baten beharra aldarrikatu dute hezitzaile, pedagogo eta adituek. Nabarmendu dute sexualitatea «koitoa baino askoz gehiago» dela.

JUAN CARLOS CÁRDENAS / EFE.
Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Berandu gabiltza pornoaren auzi honekin». Ahoan bilorik gabe hitz egiten du Miguel Angel Arconadak. «Haurrek pornografia ikusten dute, gurasoei gustatu ala ez, eta, teknologia berriei esker, inoiz baino eskurago dute eduki horietara iristea». Literatura irakaslea da Arconada, sexu heziketan aditua, eta Nafarroako Gobernuaren Skolae hezkidetza programaren diseinatzaileetako bat. Uste du gakoa dela sexu heziketa egokia «garaiz» ematea, gazteek «begirada kritikoa» gara dezaten: «Lehen urratsa da pornoari aurrea hartzea. Ezinezkoa da Interneti hesiak jartzea, eta, hortaz, saia gaitezen aurretik gazteak prestatzen. Ikas dezatela bereizten sexualitatearen eta pornografiaren artean».

Arazoa, pornografiaren kontsumoan bainoago, horren gaineko begiradan datza, Arconadaren aburuz: «Normala iruditzen zait mutil batek edo neska batek pornoa ikustea, jakin-mina edo sexu kitzikadura eragiten diolako. Arazoa da uste izatea pornografiaren kodeak direla pertsonen arteko harremanetan aplikatu beharrekoak».

Arconadarekin bat dator Carmen Ruiz Repullo soziologo eta ikerlaria. Harentzat, «ezinbestekoa» da hezkuntza afektibo-sexual egokia, «sexualitatearen ikuspegi distortsionatu, patriarkal eta bortitzei aurre egiteko». Heziketa horrek, gainera, «orain den baino askoz goiztiarragoa» izan beharko luke, soziologoaren ustetan: «Gurasook pentsatu ohi dugu haurrak gazteegiak direla sexuaz hitz egiteko, ez daudela behar bezala prestatuta, agian itxaron beharko genukeela institutura iritsi arte... Eta zer gertatzen da halakoetan? Bada, berandu dela: ordurako, gazteek badute bagaje bat pornografiaren kontsumoan, eta sexu heziketak izan dezakeen eragina askoz txikiagoa da».

Izan ere, pornografiak «hutsune bat» betetzen du gazte askoren garapen prozesuan. Arremanitz kooperatibako sexologo Edurne Mendizabal Tolosaren ustez, «pornografia da, gaur-gaurkoz, gazteei esplizituki hitz egiten dien bakarra sexualitateari buruz, gorputzei buruz eta sexu jarduerei buruz, nahiz eta eredu hegemoniko eta zapaltzaile bat transmititu».

Hezkuntza sistemaren barruan eskaintzen den sexu heziketak «gabeziak» dituela gaineratu du Mendizabalek: «Ikastetxeetan ez dago aditurik, ezta sexualitateaz hitz egiteko ikasgairik ere. Irakasle askok lan ona egiten dute, ikastetxe batzuetan programa interesgarriak antolatu dituzte, baina ez da nahikoa: irakasleak ezin dira gauza guztietan aditu izan, ordu gutxi eskaintzen zaizkio sexu heziketari, eta ahalegin horiek ez dira nahikoak egungo sexualitate eredu hegemonikoa iraultzeko».

Zehazki, Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemek sexu heziketari eskaintzen dizkioten arreta eta baliabideak «oso eskasak» direla nabarmendu dute BERRIArekin hitz egin duten aditu gehienek. Frantzian, esate baterako, 2001. urteko lege batek ikastetxeak derrigortzen ditu sexu heziketa ematera, baina, era berean, urtean hiru saio ematea nahikoa da legea konplitzeko. Ikastetxe kanpoko adituak arduratzen dira formakuntza horretaz.

Planning Familial taldeak, esaterako, urteak daramatza sexualitateari buruzko saioak antolatzen Ipar Euskal Herriko ikastoletan, kolegioetan eta lizeoetan. «Bi ardatzen gainean lan egiten dugu: genero estereotipoen kontrako heziketa eta sentimenduen ingurukoa», azaldu du Martine Claverie Planning Familialeko kideak. «Gure lana informazioa ematea da. Ikasleei esaten diegu zeintzuk diren euren eskubideak osasunaren arloan eta beren gorputzaren arloan».

Espainiaren mendeko eremuetan, okerragoa da egoera: «Espainiako hezkuntza sisteman, tamalez, ia ez dago sexu heziketaren arrastorik; ez dago curriculumean», azaldu du Ruizek. «Eskola batzuek beren kabuz antolatzen dituzte tailerrak eta hitzaldiak, baina unean uneko kontuak dira, eta, gainera, oso ikuspegi murritzarekin planteatuak: sexua gaixotasunekin, praktika arriskutsuekin eta genitalekin lotzen da, besterik ez». Sexu heziketak «askoz zabalagoa eta osoagoa» izan beharko lukeela uste du Ruizek.

Iritzi horrekin bat dator Arconada: «Mandoa portzelana dendan nola, halaxe ematen da sexu heziketa. Haur eta Lehen Hezkuntzan ez dugu gaia ukitu ere egin nahi, eta bat-batean gai konplexuak jorratu nahi ditugu bi eguneko saioetan».

Euskal Herrian oro har «sexu heziketa egokirik ez» dagoela uste du Mikel Oribek, Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolako zuzendariak. «Euskadin ez dirudi auzi garrantzitsua denik, ez baita ezer erein, eta administrazio guztietan sexu heziketak tabua izaten jarraitzen du». Nafarroan, berriz, salbuespen bat nabarmendu du Oribek: Skolae. «Egitasmo bikaina, ondo eraikia, ikuspuntu sexologiko batetik sortua, eta hezkuntza sistema osoan behar bezala txertatua».

Hain zuzen, sexu heziketa egokia jaso ez izana «ikasgela barruko harremanetan» antzeman daitekeela uste du Ruizek: «Kezkagarria da institutuetan zenbait gauza entzun behar izatea. DBHko hirugarren mailako ikasle batzuek galdetu izan didate ea haurdun geratzen ahal diren sexua zutik praktikatuta. Duela 30 urteko uste oker asko bolo-bolo ibiltzen dira oraindik, ez dagoelako inor sinesmen horiek gezurtatuko dituenik».

Ohiko rolak ikasgelan

Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolak hainbat tailer eta hitzaldi antolatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Horietan, «interesa» antzeman du Oribek ikasleen artean: «Gozatzen dute sexualitateaz hitz egiten, adin guztietan. Hala ere, Lehen Hezkuntzan asko nabaritzen da gai tabua dela, batez ere nesketan. Neskek zuhurrago hitz egiten dute mutilen aurrean, zentsuratuak izan daitezkeela uste dutelako. Ohikoa da atsedenaldian neskak ikasgelan geratzea, galderak egin ahal izateko mutilek entzun gabe. Moral bikoitzaren eta matxismo sozialaren isla da hori».

Claveriek ere kolegioetan sumatu ditu nesken eta mutilen arteko desberdintasunik handienak. «Garai zailena da. Gainera, beste faktore batzuk ere sartzen dira tartean: lagunen onespena, nola janzten zaren, irudia... Besteen begiradak pisu handia du kolegioan, eta saiatzen gara ikasleak besteen begiradatik askatzen».

Pornografiaren itzala ere sumatzen dute hezitzaileek, ikasleekin sexuaz aritzean. «Interneten ikusten duten pornografia da, askotan, euren sexualitatea eraikitzeko baliatzen dutena», azaldu du Claveriek. «Adibidez, askok egiten diguten galdera bat da ea bortxaketa sexu-harreman mota bat ote den».

Ez da halakorik entzun duen bakarra. Institutuetako ikasleek—mutilek, zehazki— aipatzen dituzten sexu jardueretako asko «oso pornografikoak» direla gehitu du Carmen Ruizek: «Pornoan ikusten duten hori praktikara eraman nahi dute beren ohiko sexu harremanetan. Neskek ere aitortzen digute mutilek zenbait sexu jarduera egiteko eskatzen dietela, ikusi dituztelako. Dominazioan oinarritutakoak, esate baterako. Neskek, normalean, ez dituzte halakoak egin nahi, umiliagarriak edo mingarriak direlako, baina mutilek uste dute neskentzat ere desiragarriak direla, pornografiak horixe irakatsi dielako».

Hala ere, bada ikasleen artean «itxaropenerako zantzuak» ikusi dituen aditurik ere. Mendizabalek, adibidez, «beste jarrera bat» antzeman du gazte taldeekin eginiko saioen ondorioz: «Duela urte batzuk, pentsaezina zen institutu batean bi neska elkarri musuka ikustea, eta orain oso normala da. Gazteek naturalago hartzen dituzte zenbait gauza, eta horrek esan nahi du urteetako borrokak eman dituela fruituak ere».

Hezkuntza integrala xede

Sexu heziketa egokia ezartzeko saialdi guztiek, baina, eskuin politiko, sozial eta mediatikoaren haserrea eragin ohi dute. Skolaeren kasua gogoratu du Arconadak. «Sexu heziketarena marra gorria da zenbait familia eta sektore politikorentzat. Skolae sortu genuenean, leporatu ziguten haurrei sexuaren gaineko ikuspegi bat inposatzen geniela. Gezur hutsa: guk ez diogu inori esaten sexualitateak nolakoa izan behar duen. Kontzeptu eta aukera guztiak azaltzen ditugu, errespetua, erantzukizuna eta berdintasuna oinarritzat hartuta».

Gakoa «sexualitatea» eta «koitoa» bereiztea dela uste du Ruizek: «Familia batzuek ukatu egin nahi dute ukaezina dena: izaki sexualak garela, plazera sentitzeko gai. Pertsona horiek uste dute sexualitatea dela soil-soilik koitoarekin eta genitalekin lotura duena. Eta ez da hori, inondik inora ere». Besteak beste, norbere gorputzarekiko eta besteekiko errespetua, emozioak eta enpatia aipatu ditu sexu heziketaren edukien artean. Horiek dira, hain zuzen, haur txikiei irakasten dizkietenak, kontzeptu «helduagoetara» iritsi aurretik: «Haur bati ez dizkiogu irakatsiko koitoak, baina bai bere gorputza edo emozioak, oinarri gisara, ikasleak helduagoak direnean beste kontzeptu batzuetara pasatzeko».

Oribek ere uste du sexu heziketa «askoz lehenagotik» irakatsi beharko litzatekeela, baina begirada «gurasoengan» jartzeko eskatu du: «Helduek ez badute aldatzen sexualitatearen inguruko begirada, gutxi lortuko da haurrekin». Ideia horretan sakondu du Mendizabalek: «Jendarte osoaren ardura da sexu heziketa. Gazteek indarrean dagoen eredua jasotzen dute, besterik ez, eta eredu horrek hobetzeko asko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.