Zurrupada eman dio kafeari. «Aita Satisfyer-a konpontzen utzi dut etxean. Eta esan dit: ‘apurtu bazaizu, sarri erabiltzeagatik izango zen’. Manitas bat da». Lagunak zur eta lur begiratu dio. Eta barre egin dute.
Duela hilabete batzuk ostatu batean bi neska gazteri entzundako elkarrizketa Nocilla txokolatezko kremaren bi iragarki ikusi ondoren etorri zait burura. Horietako batean gezurretan ari dela iradoki dio amak alaba itxuraz nerabeari: «Mariaren amak esan dit gaua ez duzula Mariaren etxean igaro». Lotsati plantak egin ditu neskak. «Norbait» ezagutu du, baina kezkatua da erlazioa txarto aterako ote den. Noizbait aurkeztuko dio. Ama irrikan dago, ordea. «Etor dadila gaur afaltzera», esan dio, Nocillaz igurtzitako ogi-xerrari kosk egin ostean. «Ez, gaur Andrearen etxean egingo dut lo». Bigarren iragarkian neska bera agertzen da. Aitona du ondoan, bekokian Satisfyer bat duela. Eta gazteak, irribarre maltzurrez: «Aitonari hori termometro bat ez dela esan nahi badiozu, esaiozu Nocillarekin».
Noiz hasten da gure erotismoaren esnatzea? Nolako ibilbidea du? Bere horretan utzi ala azkartu egin behar da?
Alde eta kontrako erreakzioak sortu dituzte iragarkiek. Bigarrenak, batik bat. Gehienbat, teorian adin txikikoak jomuga dituen mezua hedatzeagatik. Zer dela eta azaltzen zaigu Satisfyer bat haurrentzako iragarki batean? Bost urteko ume batek tresna hori zer den jakin behar du? —«amatxo, zer da hori?»; «aitatxori galdetu, berari esker erosi behar izan dut halako bat»—. Adin horretan ezinbestekoa du haren garapen emozionalak? Kasuak zenbait galdera dakartza: noiz hasten da gure erotismoaren esnatzea? Nolako ibilbidea du? Bere horretan utzi ala azkartu egin behar da? Tira, zenbat buru, hainbat aburu. Bada beste kontu bat, inor gutxik zalantza egingo duena: nerabe gehien-gehienek —guztiek esan beharko nuke?— lehenago edo geroago deskubritzen dute bakarkako lanaren plazera. Naturaren legea da, moralkeriaren apostoluak gorabehera.
Txokolatea eta sexua batu ditu Nocillak. Sexua eta txokolatea elkartu zituen Catherine Zeta-Jonesek prentsarekin hizketan: «Gauza bat dago, sexua baino gozoagoa: sexua eta txokolatea». Iragarkiko neska gaztea bat dator aktore galestarrarekin, antza. Kezka: hamasei urteko nerabe batek —gorputzean izan alua edo zakila, gizonezkoentzat asmatuz gero halako marabila— made in China lanabes bat izan behar du lagun sexurako iniziazio-bidean? Aukerarik ez lehenago bere adineko pertsona baten ezpain, mingain edo atzamarrekin sentitzeko? Iragarkia ez ote da izango oraingo joera nagusiaren isla, asebetetzea, zoriontasuna eta zerua bera ere, den-dena, berehala lortzeko premia agerian uzten duena, kasu honetan gazteenen gozamen ustez mugagabea?
Ruth Westheimer sexu-terapeuta, hainbat urtez AEBetako irratietan ibili zena, hil berri da New Yorken, 96 urte zituela. Sexu jostailuei buruzko iritzia azaldu zuen Dr Ruth andreak Esquire aldizkarian: «Ez da lehiaketa bat. Zakil batek ezin du bibragailu baten bibrazio kopurua bikoiztu. Eta bibragailu batek ezin du zakil bat ordezkatu». Andrazkoei eta plazerari buruz ere mintzatu zen: «Emakumeen kezka nagusia ez da orgasmo bat izatea. Baina emakume batek bere orgasmoen gaineko ardura izan behar du». Westheimerren arabera, osagarriak izan daitezke tresna eta organoa. Mugarik? Norberaren gogoa. Orgasmoa izan dadila asmoa; gailua ez dadila izan zartailua —baina hori baldin bada gozamena handitzeko juntagailua... —.
Nor izango ote da Nocillaren iragarkiko neskaren bikotekidea? Amak afaltzera eramateko eskatu dio. Eta aitonak bekokian duen tresna izango balitz gaztearen laguna, Mariaren zein Andrearen etxean hain ezaguna? Suposatzen segituta: nork dio ama-alabek inoiz ez dutela bateriadun amorante bera izango? Gailua hautsiz gero, aita-senarra prest egongo da konpontzeko. «Apurtu bazaizue, sarri erabiltzeagatik izango zen», esango die orduan. Eta ustekabe hura gogoratuko du, alabak Olentzerori Satisfyer bat eskatu zion egunekoa. Nocillaz igurtzitako ogi-xerra bana jaten ari ziren bitartean.