Eusko Jaurlaritzak sexu transmisiozko infekzioei (STI) lotutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du. Egitasmo horren bidez, preserbatiboa erabiltzeko beharra azpimarratuko du, infekzio horiek ez transmititzeko «metodorik eraginkorrena» delako. Izan ere, 2000. urtetik halako gaitzen «hazkundea iraunkorra» izan dela berretsi du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
Kanpainarekin batera, hiesaren eta STIen Euskal Planaren 2022ko Memoria aurkeztu zuten atzo Sagarduik, Arantxa Arrillaga proiektuaren arduradunak eta Itziar Larizgoitia osasun publikoko zuzendariak. Sailburuak azaldu zuenez, dokumentu horretan bildu dituzte STIen hazkundearen inguruko datuak, eta hortaz erabaki dute kanpaina abiatzea. Harremanetarako aplikazioen irudiak erabiliko dituzte kanpainan: infekzio bakoitzak Tinderreko profil bat izanen du, eta, irudi horiekin batera, «Ez egin match STIekin» esaldia idatziko dute.
Izan ere, sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioen inguruan «informazio defizita» dagoela nabarmendu zuen sailburuak, eta ez dela behar bertze neurri hartzen horiek saihesteko: «Gazteen erdiek baino gutxiagok diote harreman sexualetan kondoia erabiltzen dutela, eta hori guztia jendearekin elkartzeko aplikazioen gorakadarekin gertatzen ari da».
Laudenak, oso gazteak
Arrillagak azaldu zuen horregatik dela «garrantzitsua» preserbatiboak erabiltzea: «Sexu transmisiozko infekzioak sintomarik gabe agertzen ahal dira, eta harreman sexualak izaten dituen edonork hartu ditzake».
Sagarduik memorian bildu dituzten daturik esanguratsuenen berri eman zuen. Klamidia infekzioa bilakatu da nagusi azkeneko urteetan: iaz 1.514 kasu atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrez gain, 2018 eta 2022 bitartean %177 gehiago dira gonorrearen diagnostikoak, eta %53 sifilisarenak. Infekzio horiek gazteenei eragiten dietela baieztatu zuen: zehazki, diagnostikatzen den lau STItik bat 15-24 urte bitartekoen artean detektatzen da.
GIBari dagokionez, 127 kasu berri egon ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Diagnostikoen batez bertzeko adina 38,3 urtekoa izan zen, eta batez ere gizonek hartu zuten: gibdun berrien %75 baino gehiago dira. Hiesaren kasuan, 2022an 26 kasu atzeman zituzten, eta batez bertzeko adina 45 urteren bueltakoa izan zen; kasu berrien %58 izan ziren gizonezkoak.
Zenbakion aurrean, Sagarduik behin eta berriz azpimarratu zuen preserbatiboa erabiltzearen garrantzia. Izan ere, gogora ekarri zuenez, GIBa agertu zenean infekzioa ez hartzeko aukera prebentibo eraginkorrena bihurtu zen preserbatiboa, baina, erretrobirusen kontrako botikak lortu eta gero, behera egin du preserbatiboaren erabilerak.
Sexu transmisiozko infekzioen «hazkundeaz» ohartarazi du Jaurlaritzak
Iaz 127 GIB kasu atzeman zituzten. Preserbatiboa erabiltzea sustatzeko, informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu