Sexu transmisiozko infekzioei hesia jarri ezinik

Azken hamarkadan gora doaz etengabe sexu bidez kutsaturiko gaitzak, batez ere gazte eta nerabeen artean. Adituek uste dute «lotsa» eta «ezjakintasuna» nagusi direla gazteen artean, eta sexu heziketa eta prebentzioa indartu behar direla.

Nafarroako Gobernuaren kanpaina bat preserbatiboaren erabilera sustatzeko. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Gobernuaren kanpaina bat preserbatiboaren erabilera sustatzeko. VILLAR LOPEZ / EFE
edurne begiristain
2024ko irailaren 24a
05:10
Entzun

«Zerbait gaizki egiten ari gara, gaixotasunen gorakadari amaiera emateko gai ez bagara». Azken urteetan sexu bidez kutsaturiko gaitzak izaten ari diren hazkundearekin kezkaturik mintzo da Mikel Resa, Arabako Hiesaren Aurkako Batzordearen arduraduna. Arazoaren tamaina ez da nolanahikoa: 2000. urtetik halako gaitzen hazkundea iraunkorra da, batik bat klamidiasiarena eta gonorrearena, eta bereziki 25 urte azpikoen artean. Are: nerabe eta gazteen artean detektatzen dira kasuen %65 inguru. «Arazo bat da, eta ez dugu asmatzen konponbidean».

Sexu bidez kutsatzen diren infekzioak munduko osasun arazo bilakatu dira. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere alarma piztu du gaitz horiek mundu mailan duten hazkundearen inguruan: egunero, 15 eta 49 urte bitarteko milioi bat pertsonak baino gehiagok hartzen dute sexu transmisioko infekzioren bat (STI), eta, 2020an adin tarte horretako 374 milioi pertsona inguruk izan zuten klamidiasia, gonorrea, sifilisa edo trikomoniasia. Sifilisa eta gonorrea dira gaitz arruntenak, baina askoz ere gehiago badira: herpes soila, GIBa, baginitisa, kondilomak eta gernu bideen infekzioak, besteak beste. Gehienetan birus, bakterio edo onddoek sortuak izaten dira.

Hego Euskal Herrian ere etengabe ari dira handitzen sexu transmisiozko infekzioak, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuen datuek agerian uzten dutenez —Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko daturik ezin izan du eskuratu BERRIAk—. Osakidetzak Hiesaren eta STI Sexu Transmisiozko Infekzioen azken planaren memoriaren barruan jasotako datuen arabera, iaz 2.348 klamidiasi kasu diagnostikatu zituzten, 1.737 gonorrea eta 318 sifilis kasu. Gainera, kasu kopurua handitu egin da azken hamarkadan, nabarmen. Gonorreari dagokionez, adibidez, 100.000 biztanleko 12,20 kasu atzeman ziren 2014an, eta 79 iaz. Klamidiasiaren infekzio tasak are hazkunde handiagoa izan du: 100.000 biztanleko 31 kasu atzeman ziren duela hamar urte, eta 106 kasu dira orain.

Nafarroan ere goranzko joera detektatu du Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak, 2018tik 2023ra arteko datuak aintzat hartuta: egunero hiru kasu detektatzen dituzte, eta gorakada batik bat 35 urtetik beherako adin tartean gertatu da, gizonezkoen artean bereziki. Kontuan hartu behar da, hala ere, klamidiasiaren proba lehen zitologiarekin batera egiten dutela Nafarroan, eta, beraz, proba kopuruaren gorakadari lotua dagoela gaitzaren detekzioaren hazkundea.

Aparteko aipamen bat merezi du GIB birusak. Garai batetik nabarmen urritu da kasu berrien kopurua —gutxieneko historikoa da infekzio berrien erregistroa hasi zenetik, hots, 1994tik—, baina osasun publikoko arazo bat da oraindik ere, ezagutzen diren kasuengatik eta ezjakintasunaren gerizan daudenengatik. Hego Euskal Herrian 171 herritarri atzeman zieten GIB birusa iaz, 2022an baino sei gehiagori. GIBak eragindako infekzio gehienak sexu transmisiokoak dira, eta nagusiki gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da: hamar diagnostikoetatik zazpi.

«Tabua» da oraindik

GIBaren transmisioak egonkor jarraitzen duen bitartean, gora doaz sexu bidez transmitituriko gainerako gaitzen kasuak, eta kezkarako motibo da bereziki gazteen artean izan duten gorakada. Atzean hainbat arrazoi daudela azpimarratu dute adituek. Sexu transmisiozko infekzioen inguruan naturaltasunez hitz egiteko gazteek duten ezintasunari erreparatu dio lehenik eta behin Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeko buruak: «Lotsa, ezjakintasuna, beldurra... Sexu bidezko gaixotasunen inguruan sentipen horiek dituzte gazteek, eta askorentzat tabua da oraindik ere horietaz hitz egitea».

Osasun sistemaren zurruntasunarekin lotua dago beldur hori, Resaren irudiko. Nerabe ugarirentzat deserosoa baita familia medikuari sintomen berri ematea, eta, hala, «mantal zuria zeharkatu ezinezko ate bat» bilakatzen da haientzat. «Sintomak dituztenean ez dute nahi familia medikuarengana jo, eta hori detekziorako lehen traba handia izaten da».

Osakidetzak eta Osasunbideak sexu transmisiozko infekzioak artatzeko unitate espezifikoak dituzte, eta kontsulta horietara zuzenean jotzeko aukera dago, aurrez familia medikuarenetik edo espezialistarenetik igaro gabe. Haatik, ez da erraza izaten maiz horietara taxuz iristea, ez baitago aski zabalduta unitate horiek existitzen direla eta «konfidentzialtasunez» lan egiten dutela, Resak nabarmendu duenez. Eta informazio gabezia hori «oztopo» da prebentzioa landu nahi bada, haren ustez.

«Nerabe askorentzat mantal zuria zeharkatu ezinezko ate bat bilakatzen da. Sintomak dituztenean ez dute nahi familia medikuarengana jo, eta hori detekziorako lehen traba handia izaten da»

MIKEL RESAArabako Hiesaren Aurkako Batzordearen arduraduna

Ipar Euskal Herrian, berriz, hiru tokitan egiten dute sexu transmisio bidezko infekzioen jarraipena: Baionako ospitalean, Donibane Lohizuneko ospitalearen egoitzan (Lapurdi), eta ireki berri duten Donapaleuko osasun etxean (Nafarroa Beherea). Tokiotan, gaixotasunak detektatzeko probak egiteaz gain, txertoak eta tratamenduak jartzen dituzte. Adingabeei ere harrera egiten diete, eta anonimoa izan daiteke.

Anonimotasun hori gordetzen dute Bilboko Etxaniz Suhiltzailea gaixotasun infekziosoetako unitatean ere; hango medikua da Joana de Miguel, eta egunero artatzen ditu gaitz horiek dituzten pazienteak. Infekzioen gorakadaz ohartarazi du berak ere: «Azken hamar urteetan laukoiztu egin dira artatzen ditugun kasuak». Nolanahi ere, azpimarratu du adingabeak sintomak dituztenean bakarrik joaten direla kontsultara, eta, oro har, ez dutela prebentziozko proba bat egiteko ohiturarik. «Gehienak familia mediku batek bideratuta etortzen dira, eta soilik %15 datoz bere ekimenez». Adituaren ustez, horrek bi ondorio kaltegarri ditu: batetik, zaildu egiten du ezagutzea gaitza benetan zenbat dagoen zabalduta, eta, bestetik, atzeratu egiten du goiz antzematea eta hari tratamendu medikoa ezartzea.

Lotsa eta estigmari lotutako «trabez» mintzatu da De Miguel, halaber. «Nerabe gutxi dator gure kontsultetara, dela lotsa dutelako, dela baliabideei buruzko informazio aski ez dutelako edo besteen iritziari beldur diotelako». Beldurrarekin batera, gaitz horien inguruan dituzten aurreiritziak ere aipatu ditu Resak: «Gazteek uste dute haiek ez direla inoiz kutsatuko, edo promiskuoei edo zikinei gertatzen zaien kontu bat dela, eta ez inolaz ere beraiei gerta ahal zaien zerbait».

Sexu bidez kutsaturiko gaitzek nerabeengan duten eraginari buruzko ikerketa baten egilea ere bada De Miguel —La epidemia oculta de las infecciones de transmisión sexual en adolescentes (Sexu transmisiozko infekzioen epidemia ezkutua nerabeetan)— eta hor jasotako datuek agerian uzten dute infekzio tasak handiagoak direla 14 eta 18 urte artekoetan, bereziki emakumeengan. Datu horien azterketa egitean, nerabeen jokabidea eta arrazoi biologikoak aipatu ditu medikuak: «Batetik, nerabeek aukera handiagoa dute arrisku handiko sexu portaerak izateko, eta, bestetik, emakumeek erraztasun handiagoa dute uteroko lepoan infekzioak izateko».

Nolanahi ere, Osakidetzaren eta Osasunbidearen datu guztiak aintzat harturik, klamidiasiaren, sifilisaren eta gonorrearen infekzio tasak handiagoak dira gizonezkoen artean emakumeen artean baino. Horren atzean dauden arrazoiak aipatzean, Resak adierazi du gizonen sexualitateak, batez ere homosexualenak, «berezko berezitasunak» dituela. Cruising —leku publikoetan sexu harremanak izateko elkartzea— edo chemsex —drogak eta sexu harremanak uztartzean datza— deitutakoen jiran harremanak dituzten gizonen soslaiari erreparatu dio bereziki, arrisku praktikak izaten dituztelako sarri. Infekzioen prebentzio lana egiteko orduan, beraz, uste du gizonen artean homosexualitatea ulertzeko eta barneratzeko dauden ereduen inguruko gogoetak zuztarrekoa behar duela.

Berandu diagnostikatzearen arriskuak

Sexu bidez transmitituriko gaitzak berandu diagnostikatzeak kezkatzen ditu adituak, batez ere. Izan ere, gaitzak erraz zabaltzen dira, eta batzuetan oharkabean igarotzen dira sintoma gutxi izaten dituztelako. Eta, maiz, kutsatua proba egitera joaten denerako, birusa nahiko aurreratua izaten da. Tratatu gabeko edo berandu tratatutako gaitzen ondorioak are larriagoak izaten direla gogoratu du De Miguelek: «Emakumeen kasuan pelbiseko min kronikoa eta abortuak izateko probabilitatea handitzen da, eta gizonek zein emakumeek antzu geratzeko arrisku handiagoa izaten dute». Sifilisaren eta gonorrearen infekzioak, gainera, lotuta daude GIBarekin: behin horiekin kutsatuta egonda, handitu egiten baita GIBaz kutsatzeko arriskua.

«Nerabeek aukera handiagoa dute arrisku handiko sexu portaerak izateko, eta  emakumeek erraztasun handiagoa dute uteroko lepoan infekzioak izateko»

JOANA DE MIGUEL Medikua

Goiz diagnostikatzea lortzeko bidean, gazteen artean dauden estigmak eta tabuak haustea da erronketako bat, eta Resak eta De Miguelek uste dute sexu heziketa lehen lerroan jarri behar dela horretarako. Resaren irudiko, ezinbestekoa da hezkuntzan «paradigma aldatzea», eta beldur mezuen ordez, «gorputzean eta plazerean» ardazturiko jarraibideak eskaintzea gazteei. Preserbatiboaren erabilera «zuzena eta sendoa» sustatzearen alde egin dute bi adituek, era berean. «Eta preserbatiboak eskuratzeko moduak ere erraztu beharko lirateke», gaineratu du Resak.

Ez hori bakarrik, aditu bien irudiko, funtsezkoa da osasun sisteman ere «konfiantzazko eremuak» sortzea, nerabea eroso senti dadin bere kezken berri emateko. Eta GIBa atzemateko test lasterrekin egiten den eran, gainerako sexu bidezko gaixotasunekin ere gaur egun egiten diren baino proba azkar eta eskuragarri gehiago martxan jartzearen alde egin du Resak. «Bide luzea dugu oraindik egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.