Sexu orientazioa ez da irizpide

LGBT komunitatearentzat lorpen handia da gizon homosexualek odola eman ahal izatea, baldintzarik gabe: martxoz goiti irekiko zaie bidea Iparraldean.

Gizon bat odola ematen, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gaur egun, gizonekin harreman sexualak dituzten gizonek baldintza zorrotzak bete behar dituzte odola emateko. 1983tik 2016ra arrunt debekatua izan zaie odola ematea, GIB giza immunoeskasiaren birusa garraiatzeko arrisku handiagoa zutelakoan. Baldintza horiek doi bat malgutu zituzten 2016tik: odol emateak egiteko eskubidea ukan zuten orduan, baina, horretarako, sexu abstinentzia epe bat bete behar dute. 2019ra arte, urte betekoa zen epea; gerora, lau hilabetera apaldu zuten. Baina Frantziako Gobernuak Bioetika Legea onartu zuen iaz, eta, horren bidez, abstinentzia epea osorik kentzea deliberatu dute. Aurtengo martxoz goiti, beraz, gizon homosexualek odola ematen ahalko dute sexu abstinentzia eperik bete gabe.

Odol emateak kudeatzeaz arduratzen da Odolaren Frantziako Erakundea. Miarritzen (Lapurdi) egoitza bat dute, eta Ipar Euskal Herrian odol emateak antolatzen dituzte. Odola eman nahi duenak galdetegi bat bete behar du aitzinetik, osasun baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Oro har, 50 kilo baino gehiago pisatzen duten heldu osasuntsuek eman dezakete odola. Baina beste zenbait baldintza ere bete behar dira, eta horretarako pentsatua da galdetegia. Hainbat informazio eskatzen dituzte: sexua, adina, pisua, eritasun kronikoak, sexu bidez kutsaturiko eritasunak... Baina erran behar da droga kontsumorik izan ote den ere, eta azken hilabeteetan sexu harremanak zenbat jenderekin ukan diren. Gizonek, gainera, gizonekin harreman sexualak dituzten kasuan, azken lau hilabeteetan sexu harremanik ukan duten erran behar dute, eta, hala bada, tarte horretan lagun bat baino gehiago ukan duten ere: sexu lagun bakarra ukanik ere, ezin dute odolik eman; heterosexualek, aldiz, bai.

Martxoz goiti, aldiz, informazio berak eman beharko dituzte homosexualek eta heterosexualek: azken lau hilabeteetan sexu lagun bat baino gehiago ukan duten, bakarra, ala batere ez. «Azkenean, sexu lagun aniztasuna hartuko dugu kontuan, eta ez sexu orientazioa», erran du Jerome Sin Lee Souk, Miarritzeko odol emateen zentroko mediku koordinatzaileak.

Bestalde, odol erresalbuak arrunt apal direla gogorarazi du Sin Lee Souk, «segurtasun heinaren azpitik». Batik bat, pandemiaren eragina aipatu du, eta gazteengana iristeko «zailtasuna». Beraz, baikorki baloratu du neurri berria: «Urtero milioi bat paziente artatzen ahal ditugu [Frantziako Estatuan] odol emateei esker. Beraz, jende gehiagok odola eman ahal izatea gauza ona da».

Ikerketa gehiagoren beha

AIDES elkarteak GIBaren epidemiaren bukaera du helburu. Horretarako, seropositiboak diren jendeekin egiten du lan. Karine Monsegu-Moulie AIDESeko bozeramaileak azaldu du elkarteak GIBdun izateko arriskuan daudenei prebentzio tresnak eskaintzea dela beren zeregina. Aitortu du neurri berriari begira AIDES elkarteak «usaiaz kanpoko» jarrera duela. «Gure ustez, odolaematea ez da oinarrizko eskubide bat; beraz, orain arteko irizpideak ez dira baitezpada diskriminatzaileak. Gure arabera, eta ikerketen arabera, gizonekin harreman sexualak dituzten gizonek probabilitate handiagoa dute GIBa transmititzeko».

Odola emateko sexu abstinentzia epea kentzea «ez da osoki segurua», elkartearen arabera. Odol transfusioen sistemaren segurtasuna bermatzeko, beraz, «hartzaileen segurtasuna lehenetsi behar» da, haren erranetan. «Odola emateko hautagai batzuk baztertzeak kutsatzeko arriskua ahalik eta gehiena murriztea du helburu. Salbuespen irizpide horiek ez dira diskriminatzaileak, datu zientifikoetan eta nolabaiteko proportzionaltasunean oinarritzen badira. Irizpide batzuk sexu praktikei buruzkoak diren arren, GIBaren kutsadura saihestea ahalbidetu dute, azken hamazazpi urteetan ez baita odol transfusioen bidezko kutsatzerikgertatu». Onartu du LGBT elkarteekin eztabaidak izan dituztela gaiaren inguruan, baina argi utzi du ikerketen emaitza seguruak heltzean neurria «txalotuko» dutela; oraingoz, «goiz» izanik ere.

Eskubideetan aitzina

Bioetika Legea aitzinamendu inportantea izan da LGBT komunitatearentzat, dena den. Les Bascos elkarteko bozeramaile Thomas Andro honela mintzatu da: «Legea ez da osoa, baina aitzinamendu bat da, dudarik gabe». Gizon homosexualek odola emateko epea murriztu izana «baikorra» da, haren ustez; «are gehiago» erresalbuak arrunt apalak diren honetan. «Gizarte aitzinamendu handi bat da, denen arteko berdintasuna bermatzeko beste urrats bat baita, maitasun edo sexu orientazioa dena delakoa izanik ere».

Androk segurtatu du AIDESen helburuarekin «osoki bat egiten» dutela, GIBaren epidemiari bukaera emateko. Baina haren iritziz, gizon homosexualek odola emateko dituzten oraingo irizpideak «diskriminatzaileak» dira. «Kontuan hartzen da sexu orientazioa, arrisku praktikak kontuan hartu behar direlarik». Arrisku praktiken artean dira, erraterako, sexu lagun bat baino gehiago izatea, eta preserbatiborik gabeko harremanak ukaitea. «Ez da aurreiritzi batzuetan oinarritu behar; hau da, sexu orientazioa ez da irizpide bat izan behar, baina bai norberaren arrisku praktikak, heterosexualenak bezala homosexualenak».

Hego Euskal Herrian ez da diferentziarik egiten. Beste lekuetako esperientzia ikusirik, Ipar Euskal Herriko LGBT komunitatearen aldarria zilegi da, Les Bascoseko kide Androren arabera: «Gure galdea ez da atipikoa. Herrialde anitzetan sexu orientazioaren irizpidea kendu dute, baina arrisku praktiken ebaluazio zorrotzagoa egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.