Sexu jazarpenaz akusatutako EHUko irakaslea ez da campusera itzuliko zer gertatu den argitu arte

Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak elkarretaratzea eginen du astelehenean, Letren Fakultateko sarreran.

EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko otsailaren 14a
11:30
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasle batek egindako sexu jazarpena salatu dute hainbat lagunek; unibertsitateak «genero indarkeriaren» kontrako protokoloa aktibatu zuen «kasuaren berri izan eta berehalaxe». Bada, Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastidak gaur jakinarazi du irakaslea ez dela eskola ematen ari, eta ez dela fakultatera itzuliko zer gertatu den argitu arte. «Errektoretza Taldea gogor saiatzen ari da protokoloak eskatzen duen diskrezioa zaintzen. Lehentasuna biktimek daukate, eta ondo babestu behar dira», gehitu du.

Gertatutakoari erantzuteko, Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak asanblada irekia antolatu zuen atzo eguerdian. Hartan adierazi zuten «eraso ororen aurrean eta erasotzaileen inpunitatearen aurka antolatzen eta borrokatzen jarraituko» dutela. 

Taldeak iragarri du elkarretaratze bat eginen duela astelehenean 13:00etan, Letren Fakultateko sarreran. «Indarkeria matxistaren harira ezinbestekoa da ikasleok antolatzea, borroka egitea eta mobilizatzea. Izan ere, horren bitartez baino ez dugu lortuko geure ongizatea eta interesak bermatzea», erran dute.

Testigantzak

Biktimek @denuncias_euskalherria deituriko Instagrameko kontua erabili zuten testigantzak emateko, eta lehenbizikoa otsailaren 3koa da: «Gasteizko Letren Fakultatean, Filologia Hispanikoan, badago ikasleei jazarpena egiten dien irakasle bat, batez ere jazarpen psikologikoa». Mezu horretan zehazten denez, gizon horrek bulegora deitzen ditu ikasleak, eta, han, beren bizitza pertsonalari buruzko galderak egiten dizkie: «Nola duzu autoestimua? Birjina zara?». Egun horretan bertan bertze hiru lagunek eman zuten testigantza, eta ondoko egunetan bertze bortzek.

Testigantza guztietan adierazi dute irakasleak ikasleei bizitza pertsonalari buruzko galderak egiten zizkiela bulegoa, eta ohikoa zela ikasleei musuak eskatzea, gerria ukitzea eta besarkadak emateko eskatzea. Gainera, zenbaitek diote haren doinuan dantzatzen ez ziren horiek aurrerantzean ez zirela haren ikasle kuttunen artean egoten, eta horrek eragina izaten zuela kalifikazioetan.

Unibertsitateak erran duenez, kasuari buruzko hainbat salaketa formal jaso dituzte. Lehentasuna «biktimen eskubideak bermatzea eta haiei babesa ematea» izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.