Osasuna

Sexu infekzioak ugaritu egin dira

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %44 areagotu direla sexu transmisiozko infekzio kasuak eta %25 GIBarenak. Osasun Sailak kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan astelehenetik aurrera.

Sexu infekzioen gorakadaz sentsibilizatzeko kanpainaren aurkezpen ekitaldia. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 18a
08:29
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du %25 handitu dela GIBaren transmisioa 2018an, eta %44 gainontzeko sexu transmisiozko infekzioak. Osakidetzak infekzio horientzako hiru kontsulta berezi ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta bertan bildutako datuen berri eman zuen atzo sailburuak sexu transmisiozko infekzioen planaren urteko txostenaren aurkezpenean.

Murgak jakinarazi duenez, iaz, GIBaren 169 infekzio kasu detektatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2017an baino 34 kasu gehiago, eta 2016an baino 11 gehiago. Gainontzeko infekzioen datuak ere eskaini ditu; 1.924 kasu izan dira guztira, 2017an baino 400 gehiago. Infekzio horien artean daude; chlamydia, herpes genitala, infekzio gonokozikoa eta sifilis goiztiarra. Chlamydia kasuak izan dira ugarienak, 599; 2017an baino 208 kasu gehiago, baina gainontzeko infekzioetan ere goradaka nabarmena izan da, herpesean izan ezik, 11 kasu gutxiago hauteman baitira. Bilboko kontsultan gorakada hauteman da infekzio guztietan; Donostian, berriz, egonkor mantendu da kopuru hori. Gasteizen 2017an jarri zuten kontsulta, eta, beraz, goiz da oraindik ondorioak ateratzeko.

Murgak aditzera eman du, era berean, GIBa detektatu zaien pertsonen %80 gizonezkoak direla, eta infekzioa garatu dutenen batez besteko adina 36 urte dela. Gizonen arteko sexu harremanetan izan dira transmisio kasu gehienak, %56; harreman heterosexualen bitartez, berriz, %32 izan dira.

Gorakada hori ikusita, kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du Osasun Sailak astelehenean, komunikabideetan zein Interneten. Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere izango da kanpainan helaraziko duten mezua, eta helburua, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, preserbatiboaren erabilera bultzatzea izango da.

Osasunaren Mundu Erakundeak 2020rako hainbat helburu ezarri zituen hiesaren epidemia amaitzeko; horien artean, GIBa detektatu zaien pertsonen %90i erretrobirusen kontrako tratamendua eskaintzea. Osakidetza bide horretan ari da lanean: 2018an, 5.852 pertsonak jaso zuten tratamendua. GIBari bideratutako unitate funtzioanal bat du horretarako Osakidetzak, eta, Murgak azaldu duenez, unitate hori mantentzen duen osasun sistema bakarrenetakoa da.

Diagnostikoaren garrantzia

Murgarekin batera, Marta Pastor Euskalsidako presidenteak hartu zuen hitza atzo, eta biek nabarmendu zuten zer-nolako garrantzia duen diagnostiko goiztiarra egiteak. Iaz detektatu ziren GIB kasuen %51k diagnostiko berantiarra izan zuten, eta immunitate sistema oso erasanda zegoenean detektatu zituzten. Infektatu eta denbora luzera agertzen dira sintomak, eta, beraz, «proba egitera» joateko deia berritu die Euskalsidako arduradunak herritarrei. GIBaren testa farmazietan eta kontsulta espezializatuetan egin daiteke.

Diagnostiko goiztiarrak lortzeko bidean, gizartean dauden estigma eta tabuekin haustea da erronketako bat. Pastorren hitzetan, «gizarteko kolektibo jakin batzuekin» lotzen da askotan GIBaren infekzioa, eta horrek oztopatu egiten ditu bai prebentzioa eta baita diagnosia ere. Hedatutako «beldurrak eta lotsak» ere badute eragina, Euskalsidako ordezkariaren ustez, eta, horregatik, normalizaziorako deia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.